Berriak Osasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren aurrekontua 2019an % 3,3 hazi da berriro, 3.800 milioi eurotara iritsiz

2018.eko azaroak 07
  • Beste urte batez, Osasun Sailak jasoko du diru-kopuru handiena, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu osoaren ia heren bat, pertsona bakoitzeko 1.730 euroko osasun gastu publikoarekin
  • Sailaren aurrekontuko 10 eurotatik 9 Osakidetzak jasotzen ditu, Euskadin osasun-laguntza hobetzen jarraitzeko; kontratu-programaren bidez 2.875 milioi euro bideratuko dira, 2018an baino % 4,4 gehiago, eta inbertsioak, berriz, 69,7 milioi eurokoak dira, %16,9 gehiago, alegia
  • Osakidetzako aurrekontuaren ia % 68 bertako langileetara bideratuko da, 78,2 milioi euroko gehikuntzarekin, eta beraz, 2018an baino % 4,15 gehiago; inbertsioak 10 milioi eurotan handitu dira

 

Euskal osasun-sistema mantentzea eta indartzea, Euskadin bizi diren pertsona guztiei arreta publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa ematen jarraitu ahal izateko. Horixe da helburu nagusia. Horretan inbertituko dira 2019an Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak edukiko dituen 3.800 milioi euroak.

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Jon Darponek, gaur, Eusko Legebiltzarreko Ogasun eta Aurrekontu Batzordean, bere sailaren datorren urteko kontuak aurkeztu ditu. Berriro, Eusko Jaurlaritzaren partida handiena da, Iñigo Urkullu lehendakariaren gobernuaren aurrekontu osoaren ia heren bat. Hortaz, aurreko ekitaldiko aurrekontuarekin alderatuta, % 3,3 handituko da.

Aurrekontu-zuzkidura horrek oraindik gehiago indartzen du Eusko Jaurlaritzak osasun-sistema publikoaren eta pertsonen alde egiten duen apustua. Hala, 1.730 euroko per capita gastura heltzen da, iaz  1.673 eurokoa zen bitartean. Horri esker, Estatu osoko gastu publikoa kontuan hartuz, Euskadi lehen postuetan dago.

Osasun sailburuak azpimarratutakoaren arabera, pertsonak ekintzaren ardatz nagusi gisa kokatzen dituen aurrekontu honi esker, osasun-sistema unibertsala eta kalitatezkoa sendotzen, profesionalei eurek duten garrantzia ematen, enplegu egonkorrarekiko eta hizkuntza-normalkuntzarekiko konpromisoa sustatzen, eta osasunaren esparruan ikerketaren eta berrikuntzaren aldeko apustua egiten jarraitu ahal izango da.   

Hortaz, 2013-2020 Osasun Planean aurreikusten den bezala, lehen mailako arretaren eta ospitaleko arretaren arteko integrazio-prozesua indartzen jarraituko da, Euskadin Lehen Mailako Arreta indartzeko Estrategia berria zabalduz. Sailburuak iragarri duenez, estrategia hori aurki aurkeztuko da. Ekitaldi honetan garrantzi berezia hartuko du esparru onkologikoak, 2018-2023 Euskadiko Onkologia Planean definitutako ildoen arabera. Gainera, erizaintza, gaixotasun espezifikoak dituztenen arretari, minari aurre egiteari edo, patologia anitzeko pazienteari populazio ikuspegiari ere lehentasuna emango zaie.

 

AURREKONTUAREN AZTERKETA XEHATUA

Osasun Sailaren partidaren zati handiena OSAKIDETZAra doa. Hala, Osakidetzaren aurrekontuak % 4,4ko gehikuntza izan du, 2.875 milioi eurotara helduz kontratu programaren bidez, eta 69,7 milioi euro inbertsiotara bideratuta, hau da, aurreko urtean baino %16,9 gehiago. Hortaz, Osasun Sailaren aurrekontuko 10 eurotatik 9 Euskadin osasun-laguntza hobetzen jarraitzeko erabiltzen da.    

Osakidetzak 2019an izango dituen 2.875 milioi eurotatik % 67,5 Osakidetzan enplegua egonkortzeko langile-gastuetara bideratuko da. Horrek, 2018ko kopuruarekin alderatuta, % 4,2 ko gehikuntza suposatzen du, 2017arekin alderatuta gauzatutako gehikuntzaren (% 3,3) gainetik. Garapen profesionalarentzat 15,8 milioi euro aurrikusi dira.

Bestalde, inbertsioetara bideratutako kopurua, aurreko urtearekin alderatuta, 10 milioi eurotan handituko du 2019. urtean, ia 70 milioi eurotara iritsi arte. Lurralde bakoitzetik azpimarragarrienak aipatzeko: Araban, 27 milioi euro Araba Unibertsitate Ospitaleko obra eta ekipamenduarekin jarraitzeko izango dira, Giza Ugalketa Unitatea berriarentzat  eta beste partida bat Murgiako osasun-zentro berrirako. Bizkaian, 10,4 milioi euro inbertituko dira, datorren urteko lehen hiruhilabetekoan zabalduko diren Bilboko Irala eta Barakaldoko Retuerto osasun-zentro berrietan, eta Enkarterrin Zallako Espezialitateen Zentroan; horrez gain, egonaldi ertain nahiz luzeko ospitaletan (Santa Marina, Gorliz), Gurutzetan eta Basurtun.  Gipuzkoan, inbertsio gehienak, 11,8 milioi euro, Lehen Mailako Arretan egingo dira: Alde Zaharra eta Aiete osasun-zentroetan, Donostian, eta Ordiziako eta Aretxabaletako zentroetan; eta beste batzuk, berriz, hainbat ospitaletan: urrian inauguratutako Eibarko Ospitalea, Mendaro, Arrasate, Bidasoa eta Zumarraga, kasu. Osakidetzako Erakunde Nagusiak kudeatuko du inbertsioen herena (20,6 milioi €) Osakidetza osoaren mesederako proiektu korporatiboak gauzatzeko (erradiologia, ekografia, monitorizazioa, kalitatea, ingurumena, lan arriskuen prebentzioa…). Aldi berean, Euskadiko osasun-zentroen irisgarritasuna hobetzeko politikari eutsiko zaio. Osotara, 2013tik 2019 ra bitarte, inberstioak osasun sistema publikoan 400 milioi eurokoak izan dira.               

Osakidetzaren finantziazioa alde batera utzirik, OSASUN SAILAren aurrekontuan % 2,4ko gehikuntza aurreikusi da farmaziarako errezeten kapituluan, guztira 522,8 eurotara helduz. Jaurlaritzak I+G+b alorrean hartutako konpromisoen ildotik  azpimarratzekoak dira ikerketa-proiektuei lotutako partida, % 5eko hazkundearekin, eta Biodonostia, Biocruces Bizkaia eta Bioaraba osasun ikerketa institutuetara bideratu dena. Osasun publikoaren eta adikzioen eremuan, honako laguntzok aipa litezke, besteak beste: adikzioen alorrekoak (3,2 milioi €), osasun publikoari dagozkionak (milioi bat euro) edota  gizarte-ahultasun egoeran dauden kolektiboentzako farmaziako koordainketari aurre egiteko bideratutakoak (7,4 milioi euro).   Kontzertuetan egindako gastua, ostera, murriztu egin da, 2018an baino % 9,1 gutxiago, batez ere Onkologikoa Osakidetzari lotutako zentro bihurtuko duen hitzarmenaren ondorioz. Azkenik, txerkatekara zuzendutako partida %1,5 hazi da.                                                                      

Aurrekontuak, gainera, biztanleentzako osasun-programak —adibidez, bularreko, koloneko edo zerbixeko baheketak—, hortz- eta txerto-programak (adingabeen eta helduenak) sendotu, hedatu edota sortzeko balioko du. Itxaron-zerrenda agindutako parametroen barruan mantentzea eta sozialki behartsuak diren pertsonei tratamendu medikuetara atxikidura bermatzen jarraitzea dira lehentasunezko beste lan-ildo batzuk. Informazio-komunikazio eta diagnostiko-tratamendu teknologietan zein azpiegituren modernizatzean inbertituz, osasun jarduera hobetzearekin batera. Osasun eta bizi kalitatea hobea eta garapen sozial eta ekonomikoa ahalbidetuko dituen osasun ikerketa eta berrikuntzaren aldeko apustua eginez.

Betiere, indarkeria matxistatik aske eta berdintasun handiagoko gizarte bat eraikitzeko konpromisoari eutsiz, Emakumeen eta Gizonen arteko berdintasunerako Plana bai Osasun Sailean bai Osakidetzan garatuta.   

Eta euskararen normalizazioaren prozesuan aurrera egiteko ahaleginarekin jarraituz.   

 

Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 7a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak