Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria Bakearen Nobel saridun Adolfo Perez Esquivelekin batzartu da, Argentinarako bere bidaia ofizialaren barruan

2018.eko azaroak 01
  • “Laurak Bat”, 1877n sorturiko munduko euskal etxerik zaharrena bisitatu du Lehendakariak Buenos Airesen
  • Herrialde hartako bigarren agintaririk altuena den Diputatuen Ganberako Presidentearekin eta goi-ganberako eta behe-ganberako alderdi guztietako ordezkariekin bildu da Lehendakaria

Argentinara egindako bidaia ofizialaren bigarren egunean, Iñigo Urkullu Lehendakaria Bakearen Nobel saridun Adolfo Perez Esquivelekin batzartu da. Bilera Eusko Jaurlaritzak Buenos Airesen duen Ordezkaritzan egin da goizean goiz eta, ostean, demokraziaren eta Giza Eskubideen defentsarekin duen konpromisoa nabarmendu eta bakea Euskadin lortzeko egin zituen ekarpen positiboak eskertu ditu Lehendakariak. Egun horretan, “Laurak Bateuskal etxea bisitatu du Lehendakariak Buenos Airesen bertan. Munduko euskal etxerik zaharrena da. Eta herrialde hartako bigarren agintaririk altuena den Emilio Monzó Diputatuen Ganberako Presidentearekin bildu da.

Perez Esquivelekin egindako bileran zein ondoko ekitaldietan, Lehendakariaren alboan egon dira Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusi Marian Elorza; Eusko Jaurlaritzako Ordezkaria Argentinan, Sara Pagola; eta Kanpo Harremanetarako Zuzendari Leyre Madariaga. "Laurak Bat"-eko bisitan Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez ere izan da.

Bilera Perez Esquivelekin

Adolfo Perez Esquivelek 1980. urtean jaso zuen Bakearen Nobel Saria, Demokrazia eta Giza Eskubideak indarkeriarik gabeko bitartekoak erabiliz defendatzeagatik Latinoamerikako diktadura militarren aurrean. Lehendakariak Giza Eskubideekin duen konpromisoa azpimarratu du eta Euskadin bakea lortzearen alde egindako ekarpenak eskertu dizkio.

Gizarteak bizi dituen eraldatze sakonen inguruan eta aniztasuna edo elkartasuna bezalako balioen inguruko kezka berriei buruz aritu dira bileran. Siria zein Libiako gerren ondorioz milaka pertsonek beren herrialdetik alde egin behar izateari buruz ere mintzatu dira. Pérez Esquivelen ikuspuntua oso baliagarria da, Lehendakariaren ustez eta “indarrak ematen dizkigu instituzio politiko eta gizarte eragileen artean lankidetzan jarraitzeko” errealitate honi erantzuna emateko.

Bere aldetik, Nobel Sariak adierazi du Europak arreta jarri behar duela pertsona errefuxiatuen gaiari “beharrizanak dituzten pertsonak direlako”. Euskadik gaur egun bizi duen egoerari lotuta, eta indarkeria gainditzeko egindako lanaren ostean, “hausnartzeko eta erreparatzeko” unea dela aipatu du Esquivelek, “nahiz eta galdutako bizitzak berreskuratuko ez diren”. Nobel Sariak gertatutakoa “berriro ez errepikatzeko” lanean jarraitu behar dela defendatu du.

 “Laurak bat”-era bisitaldia

Ondoren, “Laurak Bat” zentroak harrera egin dio, ohorezko aurresku bat dantzatuz, Lehendakaria buru duen ordezkaritzari. Jarraian, instalazioak bisitatu dituzte: entzunaretoa hasteko, euskara ikasgelak, trinketea eta liburutegia eta, amaitzeko, batzar-aretoa. Bertan, Lehendakaria eta euskal ordezkaritza Arantxa Anitua buru duen zentroaren zuzendaritza-batzordearekin batzartu dira.

1877ko martxoaren 13an Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan jaiotako hamahiru euskaldunek zentroa sortu zuten, Buenos Airesen. Ondorioz, “Laurak Bat” euskal etxea munduko euskal etxerik zaharrena da (191 euskal etxe daude egun). 2014. urtean, Argentinako Gobernuak “Interes historiko-artistikoko ondare” izendatu zuen “Laurak Bat” euskal etxearen eraikina.

Diputatuen ganbera

Bisitaldia amaituta, Urkullu Lehendakaria Argentinako bigarren agintaririk altuena den Diputatuen Ganberako Presidente Emilio Monzorekin bildu da. Lehendakariak Euskadiko egungo egoera politikoa azaldu dio Monzori, bai eta Eusko Jaurlaritzaren lehentasunak ere. Diputatuen Ganberako Presidenteak, bere aldetik, aurrekontuen eztabaidan buru-belarri sartua dagoen herrialde hartako egungo erronkak azaldu dizkio Lehendakariari.

Lehendakariak Diputatuen Ganberan izango dituen bileretako lehena izan da hau, diputatu eta senatari ezberdinekin bazkalduko baitu ondoren. Parlamentuko alderdi guztietako ordezkariak parte hartuko dute bazkari horretan: Senatuko Presidente Federico Pinedo; Miguel Angel Pichetto, senatari eta Bloque Justicialista delakoaren presidentea; Frente Renovador alderdiko diputatu Graciela Camaño; Mario Raul Negri, diputatu eta Interbloque Parlamentario Cambiemos taldeko presidentea; eta Frente por la Victoria blokeko diputatu Agustin Rossi.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak