Eu

Eraberean Sareak etxebizitzen alokairua diskriminaziorik gabe sustatzeko kanpaina bat aurkeztu du

2018.eko azaroak 04
  • ‘Egin bat diskriminaziorik gabeko alokairuekin’ lelopean diseinatu da
  • Hiru lurraldeetan 40.000 liburuxka eta 4.000 kartel banatuko dira

VG 18 11 04

Eraberean Sareak, bihar astelehena, etxebizitzen alokairuaren esparruan diskriminazio eza eta tratuan berdintasuna sustatzeko sentsibilizazio- eta informazio-kanpaina jarriko du abian. Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren bidez, Eusko Jaurlaritzak babestutako erakunde horren barne biltzen dira immigrazioaren esparruan diharduten, eta ijitoen herria eta LGTBI kolektiboa sustatzen dituzten hainbat gizarte-erakunde. Sareak, hain zuzen ere, arraza-, etnia- edo nazionalitate-jatorriagatik, eta sexu-orientazio eta -nortasunagatik eta genero-identitateagatik gertatzen den diskriminazioaren aurka borrokatzen du.

‘Egin bat diskriminaziorik gabeko alokairuekin’ lelopean diseinatutako kanpainarako, sareak liburuxka bat, kartel bat, bannerrak, prentsa idatzian iragarkiak eta irratian iragarki laburrak editatu ditu. Kanpainari berari eta sareari buruzko informazioa biltzen duen liburuxkatik 40.000 ale egin dira. Ale horiek lurralde osoan banatuko dira, 4.000 kartelak bezala. Eraberean Sarearen helburua da liburuxka horiek etxebizitza baten jabe diren eta alokatzeko asmoa duten pertsona fisikoengana iristea.

Liburuxkak eta kartelak Alokabideren bulegoetara, Arartekoaren egoitzetara, higiezinen agentzietara, Eusko Jaurlaritzaren lurralde-ordezkaritzara, oinarrizko gizarte-zerbitzuen bulegoetara, eta kontsumoko bulegoetara eta erakundeetara igorriko dira, besteak beste.

“Esparru honetan behin eta berriro aurkitzen ditugu mota honetako kasuak. Horregatik, Eraberean Sarea eta Eusko Jaurlaritza lan-ildo espezifiko honetan murgildu gara, alokairuaren esparruan hautematen den diskriminazioari aurre egiteko”, azaldu du Ernesto Sainzek, Eusko Jaurlaritzako  Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendariak.

Euskadiko gizarte zibilean eta politika publikoetan tratu berdintasuna eta bazterketa eza zaintzeko eginkizuna duen sareak hautemandakoaren arabera, esparru pribatuan gertatutako bazterketa-kasu asko etxebizitzaren alorrean eman dira —2017an % 46, sarearen azken urteko memoriaren arabera—, bereziki alokairuaren esparruan.

Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendariak gogoratu du “tratu berdintasuna eta bazterketa eza edozein gizarte modernok bete beharko lituzkeen helburuak direla.”  Halaber, honako hau azpimarratu du: “Eraberean sareak pertsonen zerbitzura ipintzen ditu informazio, aholkularitza, orientabide eta beste hainbat motatako mekanismoak eta tresnak, tratu baztertzaile baten bidez euren eskubideak urratzen ari direla ikustean eskubide horiek bete daitezen lortzeko".

Eraberean Sarea

Eusko Jaurlaritzaz gain, Eraberean Sarea ondorengo elkarte hauek osatzen dute: Aldarte, CEAR Euskadi, Gurutze Gorria, Gao Lacho Drom, CITE-CC.OO Bizkaia, Errespetuz, Kale Dor Kayiko, Nevipen, AGIFUGI, Gehitu eta SOS Arrazakeria Gipuzkoa. Elkarteek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egiten dute lan, eta egoera baztertzaileak hautemateko antena gisa jarduten dute; halaber, pertsonei eta taldeei arreta eskaintzen diete.

Sarearen kanpoko jarduerak, prebentzioa, prestakuntza eta sentsibilizazioa eskaintzen ditu eta kasuen arreta zuzena ematen du, tratu baztertzaile edo gorroto-delitu baten biktimei aholkularitza eta laguntza emanez. Azken hori da, hain zuzen ere, sarearen jardueraren funtsezko eginkizuna.  Arreta bertatik bertara, telefonoz edo e-mail bidez eskaini daiteke.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @EnpleguGizaEJGV
    2018.eko azaroak 05

    Comentario de Twitter:
    ✳️ La red #Eraberean promocionará el alquiler de viviendas sin discriminación 🔗 https://t.co/2NarxFikLi 🔗 https://t.co/rFIaUIJ8ZK

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak