Berriak Hezkuntza
Eu

Borja Ortiz de Gondra eta Fernando Bernues Dantzertiko ikasleekin lanean

2018.eko urriak 31
  • Entzute handiko bi profesional horien gidaritzapean, Arte Dramatikoko laugarren mailako ikasleak lanean ari dira euren lehen Muntaia tailer praktikoan
  • Ikuskizunak identitatea izango du ardatz nagusi, Ikasleen ariketa pertsonalak eta Arestiren “Nire aitaren etxea” olerkia abiapuntu hartuta

Borja Ortiz de Gondra dramaturgoa eta Fernando Bernues eszena-zuzendaria lanean arituko dira ikasturte honetan zehar Dantzertiko (Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolako) Arte Dramatikoko laugarren mailako ikasleekin. Ikasturte amaieran –eskolako lehen promozioaren irteerarekin bat eginez- ikusi ahal izango den ikuskizuna prestatuko dute elkarrekin, ikasleek eta aipaturiko profesionalek.

“Antzezpena” deritzon materiaren barnean, berebiziko garrantzia du “Muntaia tailer praktikoa” ikasgaiak Arte Dramatikoko laugarren mailako ikasleentzat. Irakasgai honetan ikasleek eszenaratze prozesu oso bat burutu beharko dute, ikastetxeko irakasle talde batek koordinatuta, eta zuzendari eta dramaturgo ospetsu batzuen zuzendaritzapean.

Joan zen irailaren erdi aldetik aurrera, Borja Ortiz de Gondra dramaturgoarekin ari da ikasle talde hau antzezlanaren oinarrizko materialak garatzen, ikasleen euren ariketa pertsonalak eta Gabriel Arestiren “Nire aitaren etxea” olerkia abiapuntu hartuta. Material horietatik Ortiz de Gondrak testua eraikiko du, eta aurrerago berriz, otsailetik aurrera, eszenaratze lanetan hasiko da Bernues.

Lana gogor egin beharko dute ondorengo hilabeteetan ikasleek, identitatea ardatz izango duen ikuskizuna ikasturte amaieran antzeztua izateko prest egon dadin. Ortiz de Gondra eta Bernuesen gidaritzapean, Dantzertiko sei irakasle arduratuko dira prozesuaren koordinazioaz: Ekaitz Gonzalez, zuzendaritzaz; Matxalen de Pedro, interpretazioaz; Vene Herrero, ahotsaz; Alaitz Cabriada, karakterizazioaz eta janzkeraz; Gorka Martin, espazio eszenikoaz; eta Unai Izquierdo ekoizpenaz.

Dantzerti, Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskola, 2015. urtean hasi zen lehenengo urratsak egiten eta 2018-2019 ikasturte hau ez da nolanahiko ikasturtea eskolarentzat. Izan ere, lau urteko ikasketak burutu eta gero, goi mailako tituludunen lehenengo promozioa plazaratuko baitu Dantzertik, bai Dantzan (Koreografia eta Interpretazio espezialitatean), eta baita Arte Dramatikokoan ere (Interpretazio espezialitatean).

Borja Ortiz de Gondra (Bilbo, 1965) bere belaunaldiko euskal antzerkigile nabarmenenetako bat da. Madrilgo RESAD eskolan eszena zuzendaritza ikasketak burutu ondoren Parisera joan zen. Hainbat antzokitan zuzendari-laguntzaile lanak burutu zituen han, besteak beste, Comédie Française, Théâtre de l´Odéon eta Théâtre de la Colline antzokietan. Ibilbide profesional luzean, maila goreneko hainbat sari jaso ditu: 2018 honetan bertan, Egilerik Onenaren Max Saria (“Los Gondra” lanagatik) eta Lope de Vega Saria (“Los Otros Gondra” lanagatik); aurretiaz berriz, laurogeita hamarrekoen hamarkadan, Marqués de Bradomín eta Calderón de la Barca sariak jaso zituen. Obra originalak estreinatuz nahiz jatorrizko hizkuntzetatik itzultzen dituenenen egokitzapenak eginez (frantsesetik eta ingelesetik),

Espainiako antzokietan aritu ohi da lanean. Besteak beste, honako eszena-zuzendariekin elkarlanean jardun izan du: Jose Bornas, Juan Diego Botto, Jaime Chavarri, Ricardo Iniesta eta Atalaya konpainia, Josep Maria Mestres, Lluis Pasqual, Rosario Ruiz Rodgers, Alejandro Tantanian, Eduardo Vasco eta Javier Yagüe. New Yorken egin zuen egonaldian (2004tik 2007ra), Performance Space 122 antzoki entzutetsuan lan egiteko aukera izan zuen. Ortiz de Gondraren lanak alemanera, txekierara, finlandierara, frantsesera, ingelesera, italierara eta portugesera itzuli dira eta bere lanak Argentinan, Frantzian, Espainian nahiz Mexikon izan dira antzeztuak.  

Fernando Bernues (Donostia, 1961) egungo euskal antzerkigintzako izenik garrantzitsuenetako bat da. Eszena-zuzendaria, baina baita hamaika telesailetako nahiz filmetako ekoizle edo zuzendari ere, Bernues Tanttaka Teatroa taldearen sortzaileetako bat izan zen 1983an. Euskal antzerkigintzan erreferente den talde horri loturik jarraitzen du Bernuesek sorreratik bertatik. Hiru hamarkadatik gorako ibilbidean, genero ugari landu eta era askotako produkzioak egin ditu konpainiak, besteak beste, drama naturalista (Agur Eire, Agur), opera bufoa (Flaminio), fartsa (Adagio violentíssimo), dantza (Zilbor Hestea), musikalak (Kontuz, maite zaitut) eta moldaketa lirikoak (Hansel eta Gretel).

Antzezlanetan estilo jakin bati loturik ez egote horrek eman dio hain zuzen ere bere antzerki-ekoizpena ulertzeko giltzarria, konpainiako artista-taldea ikuskizun bakoitzera egokitzen baita, alderantziz gertatu beharrean. Aipaturikoekin batera, amaiezina da konpainia horrek taularatu duen ekoizpenen zerrenda: “El florido pensil” arrakastatsua, “Shakespeare Osoa (gutxi gora behera)”, “Komunikzioa Inkomunikazioa”, “Zazpi aldiz elur (Mikel Laboa elurretan)” edo Bernardo Atxagaren “Soinujolearen semea”. Egun, Atxagaren lan horren zinemarako egokitzapena zuzentzen ari da Bernues. Ibilbide profesionalean jaso dituen sarien artean daude: Enpresa Pribaturik Onenaren Max Saria 2014an (Tanttaka Teatroagatik), edo Antzerki Ikuskizunik Onenaren Ercilla Saria 1996an (El florido pensil lanarekin).

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Fernando Bernués; Borja Ortiz de Gondra