Eu

Gema Intxaustik, Erlea Manerosek eta Bulegoa z/b taldeko arduradunek aurtengo Gure Artea sariak jaso dituzte Bingen Zupiria sailburuaren eskutik

2018.eko urriak 30
  • Bilboko Arte Ederren Museoan egin den ekitaldi batean, Euskadiko artisten “talentua” ezagutzera emateko museoek duten garrantzia azpimarratu du Zupiriak.

 

Bilbo, 2018/10/30              

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria izan da gaur arratsaldean Bilboko Arte Ederren Museoan egin den Gure Artea 2018 sarien banaketa-ekitaldiaren buru. Hitzordu honetan sari hauen hiru modalitateetako irabazleak egon dira: Gema Intxausti, Erlea Maneros eta, azkenik, Bulegoa z/b kolektiboko arduradunak —Beatriz Cavia, Isabel de Naverán, Miren Jaio eta Leire Vergara—. Sailburuak sari hauen garrantzia azpimarratu du —arte plastikoen eta bisualen esparruan Euskadin ematen diren garrantzitsuenak—, euskal artisten lana aitortze aldera, euren garapen artistikoa sustatzeko eta euren obra jende gehiagorengana heltzeko.

Zupiria sailburuarekin batera, bertan izan dira, Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, Joxean Muñoz Kultura sailburuordea eta Aitziber Atorrasagasti Kultura Sustatzeko zuzendaria. “Gure Artea sarien bitartez, sormenezko garapena sustatu eta sorkuntzarako pizgarriak eskaini nahi ditugu. Horrez gain, gure artistei euskal gizartearen, bertako erakundeen eta sektorearen beraren aitortza helarazi nahi diegu. Azpimarratu behar da sari hauek sektore honek berak erabakitzen dituela, eta horrek sariei balio handiagoa ematen diela uste dugu. Amaitzeko, sari hauen bitartez, euskal artisten obra ezagutzera eman nahi dugu”, adierazi du Zupiriak.

Ekitaldi hau Bilboko Arte Ederren Museoan egin dela aprobetxatuz, euskal artisten obra ezagutzera emateko euskal museoek duten garrantzia azpimarratu du Zupiriak. “Gure museoek, nazioarte-mailako artisten obra guregana hurbiltzeaz gain, gure artisten talentua proiektatzeko balio behar digute. Gure museoak euskal artearekin konprometitutako eta arte hori ezagutarazteko eta sustatzeko apustua egiten duten erakundeak dira, eta hala izaten jarraitu behar dute. Bilboko Arte Ederren Museora etorri gara aurten, museo batek egin dezakeen zubi-lana erakusten duelako. Euskal artearen konstelazioaren parte dira gure museoak”, gaineratu du.

Clara Montero (presidentea), Alaitz Arenzana, Iñaki Garmendia, Lourdes Mendez eta Manuel Cirauqui izan dira aurtengo epaimahaikideak. Euren ustez, Gema Intxaustik, Erlea Manerosek eta, azkenik, Bulegoa z/b taldeak merezi izan dituzte aurtengo Gure Artea sariak.

Ibilbide Artistikoari Saria

Gema Intxausti Miangolarra izan da aurtengo irabazlea Ibilbide Artistikoa saritzen duen modalitatean. Gaurko ekitaldian nabarmendu dutenez, epaimahaiak azpimarratu du "lan artistiko geldoa eta lasaia garatzeko hautua bere lanaren ezaugarri nagusietako bat" dela. "Horrek baldintzatu du etenik izan ez duen gai garrantzitsuen inguruko bere hausnarketa; hala nola, sorkuntza plastikoaren eta ikusizkoaren bidezko irudikapenaren ingurukoa", gehitu dute ebazpenean. Horrez gain, epaimahaiak azpimarratu du haren “ibilbide koherentea”, “joera igarokorretatik aldendua, non pintura, eskultura eta zineaz baliatu baiten bizitza duinaren, inkomunikazioaren, nortasunaren, oinazearen eta plazerraren inguruan hausnartzeko”. Azkenik, epaimahaikideek adierazi dute “haren lanak ekarpen garrantzitsua” egin diola ikusizko euskal sorkuntza garaikideari.

 

Sorkuntza Lana Aitortzeko Saria

Sorkuntza Lana Aitortzeko Sariari dagokionez, Erlea Maneros Zabalk hartu du aruetngo saria. Epaimahaiak laudatu du “posizionamendu kritiko argia eta irudien artisau-trataera uztartzen dituen artista baten lanean ikus daitekeen koherentzia eta etengabeko ikerketa”. Hartara, epaimahaikideek azpimarratu dute “tradizio grafiko ezberdinei loturiko prozedurak -grabatua, kartela edo fanzinea- berriz asmatzearekin batera, ondorio historiko, politiko eta sozial aipagarriak dituen ikonografia bat” garatu duela.

Arte Plastiko eta Ikusizko arloan agenteek egindako Lana aitortzeko saria

Azkenik, Bulegoa z/b taldeak jaso du Arte Plastiko eta Ikusizkoen arloan agenteek egindako Lana Aitortzeko saria. Beatriz Caviak, Isabel de Naveranek, Miren Jaiok eta Leire Vergarak osatzen duten talde honen kasuan, epaimahaiak azpimarratu du “gizarte-ehunaren eta kultura-erakundeen arteko bitartekaritzaren aldeko konpromiso irmoa duen proposamen bat eskaini dio euskal testuinguruari”. Halaber, tokiko mailan -Solokoetxe auzoan, gehienbat- duen eginkizun dinamizatzailea baloratu da, bai eta sareko nazioarteko proiektutan duen parte-hartzea ere; ondokoekin lan egin du: If I Can’t Dance (Amsterdam), Tate Modern (Londres), KW (Berlin), CAC (Vilnius) eta M-Museum (Lovaina).

Sari hauek sormenaren garapena bultzatzea dute helburu, arte-sorkuntzarako pizgarriak erraztuz eta aitortza eskainiz arte sorkuntzari. Horrez gain, euskal arte garaikidearen hedapena errazteko xedea dute, arte plastiko eta ikusizkoen arloan gizartearen aitortza bideratuz. Guztira, 54.000 euro bideratuko dira ekimen honek saritzen dituen modalitate ezberdinetara, eta irabazle bakoitzak 18.000 euro jasoko ditu.

Lehenengo modalitateak, lan eta ibilbide osoa aintzat hartuta “egindako lan sortzaileagatik eta kulturari zein arte garaikideei egindako ekarpenagatik” nabarmentzen den artisten lana saritzen du. Bigarren modalitateak azken urteak hartzen ditu kontuan, eta “bere jarduera artistikoagatik zein sorkuntza garaikideari egindako ekarpenagatik nabarmendu den artista edo artista-taldea” saritzen du. Azkenik, hirugarren modalitateak arte plastiko eta ikusizkoen arloan eragileek egindako sustapen lana saritzen du. Hortaz, sari hauen baitan bai sortzailean, bai bestelako agentean saritu daitezke.

 

.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak