Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak bere bidaia ofizialaren agendari ekin dio eta topaketa izan du Argentinako Kanpo Harremanetarako ministroarekin

2018.eko urriak 31

Lehendakariak erakunde-bisita egingo du Argentinara eta Txilera, eta “Euskal Aste Nazional"ean parte hartuko du, urriaren 31tik azaroaren 6ra bitartean

Iñigo Urkullu Lehendakariak, bere bidaia ofizialeko lehenengo egunean, Buenos Airesen, bilera izan du Jorge Faurie Argentinako Kanpo Harremanetako eta Kultuko ministroarekin. Topaketa 11:00etan izan da, Ministerioko egoitzan, eta, bertan, Lehendakariak azaldu du Euskadiren nazioartekotzea “herrialdeko erronka” dela. Lehendakariak eta Kanpo Harremanetarako ministroak borondatea erakutsi dute, Euskadiren eta Argentinaren arteko harremanak sendotzeko.

Batzarrean Lehendakaria Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarekin, Sara Pagola Eusko Jaurlaritzako ordezkariarekin eta Leyre Madariaga Kanpo Harremanetarako zuzendariarekin izan da.

Topaketan, Lehendakariak Euskadi Basque Country 2020 Nazioartekotze Estrategiaren funtsezko ardatzak aurkeztu ditu; estrategian Argentina lehentasunezko herrialdeetako bat dela jaso da. Bileran bat etorri dira bi herrialdeen arteko harremana sendotzeko lanean jarraitu behar dela hurrengo eremuetan: gizarte-ekonomian, lanbide-prestakuntzan, kulturan, memorian eta lankidetzan. Ekonomia eta produkzio arloan garrantzia eman diete Mercosur eta Europar Batasunak izaten ari diren elkarrizketen ondorioz sor daitezkeen aukerei. Ildo honetan, Lehendakariak adierazi du Euskadi bi aldeen arteko sarrera eta irteera atea izan daitekela.

Agenda ofizialaren hurrengo ekitaldiak

Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzak, Lehendakaria buru dela, ESMA Museo Sitio de Memoria bisitatuko du (Armadako Mekanikako Eskola), memoriaren eta giza eskubideen lekua; museoaren helburua diktadurako (1976-1983) biktimak oroitzea eta gizateriaren aurkako krimenak kondenatzea da. Gero, Gernikako Arbolaren kimuari lore-eskaintza egingo dio, euskal komunitateak lagunduta. Eguneko agenda amaitzeko, harrera egingo zaio Argentinako euskal komunitateari; bertan, Eusko Jaurlaritza herrialde hartan ordezkaritza ireki zueneko 80. urteurrena ekarriko da gogora.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Jorge Faurie