Berriak Osasuna
Eu

Osakidetzako profesionalak bronkiolitis akutuaren aurka beharrezkoak ez diren farmakoen erabilera erdira jaistea lortu duen proiektu batean ari dira parte hartzen

2018.eko urriak 30

Barakaldo-Sestao eta Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta zerbitzu-erakundeak daude inplikatuta lan horretan, eta duela gutxi errekonozitu da Asistentziaren Kalitatearen Espainiako Elkartearen Biltzar Nazionalean

 

Barakaldo-Sestao eta Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta zerbitzu-erakundeak parte hartzen ari diren proiektu batek bronkiolitis akutuari aurre egiteko beharrezkoak ez diren farmakoen erabilera % 50 murriztea lortu du. Gaixotasun pediatrikorik ohikoena da bronkiolitisa, eta eragin handia du osasunaren, ekonomiaren eta gizartearen esparruetan. Rontegi Osasun Zentroko lehen mailako arretako pediatra den Marta Montejo Fernández doktorea buru duen lan hau lehenbiziko aldiz garatu da gaixotasun hori duten seme-alabak dituzten familien esperientzian oinarrituta, eta komunikaziorik onenaren errekonozimendua jaso du Asistentziaren Kalitatearen Espainiako Elkarteak Burgosen egin duen eta 600 proiektutik gora aurkeztu diren Biltzar Nazionalean.

Bronkiolitis akutua arnas infekzio bat da, bi urtetik beherako neska-mutilek izaten dute eta epidemia moduan sortzen da batez ere urritik martxora bitartean. Bizkaian 2017-2018 denboraldian 2.600 kasu artatu ziren lehen mailako arretan eta 1.500 Pediatriako larrialdi-zerbitzuetan, horietatik % 12k ospitaleratzea behar izan zuten. Hasiera batean katarroaren sintoma beretsuak izaten ditu, hau da, mukiak, eztula eta sukarra. Egun batzuren buruan beste sintoma batzuk ager daitezke, hala nola, arnasa hartzeko zailtasunak, bronkioetan hotsa edo nekea.

Gaur egun ez dago gaixotasun horren tratamendurako botika eraginkorrik, baina badira diagnostikoari eta tratamenduari buruzko gomendio uniformeak biltzen dituzten jardunbide klinikoko gidaliburuak erabilgarri. Hala ere, Montejo doktorearen esanetan, “gehiegi” jotzen da beharrezkoak ez diren botiketara eta esku-hartzeetara, eta hori ez dator bat jardunbide klinikoko gidaliburuetako gomendioekin. Horrela, hasiera batean haurren arreta hobetzeko eta beharrezkoak ez diren farmakoak erabiltzea saihesteko, 2016-2017 denboraldian Barakaldo-Sestao eta Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta erakundeetako profesionalek hobekuntza-neurri batzuk jarri zituzten abian. Lehenbizi, gidaliburuetako gomendioak helarazi ziren diagnostikoari eta tratamenduari buruzko protokolo bat hedatuz, eta, ondoren, bronkiolitis akutuaren inguruko jakintzak eguneratu ziren eta profesionalei helarazi zitzaizkien, farmakoen erabileraren berri emanez.

Handik urtebetera, 2017-2018 epidemian, bigarren hobekuntza-ziklo bat planifikatu zen, eta Gurutzeta Unibertsitate Ospitaleko Pediatriako Larrialdietako Zerbitzua atxiki zitzaion. Ekintza nagusiak jardunbide egokiei buruzko kontzientzia sortzera bideratu ziren, eta, horretarako, posterrak banatu ziren bronkiolitis akutuaren tratamenduan funtsezkoak diren mezu batzuk zabaltzeko, baita txapak ere Bronkiolitis akutua: gutxiago gehiago da leloarekin. Eta, gainera, etengabe gogoratu ziren osasun-zentroetan agindutako botikei buruzko datuak. Bi fase horien ostean gaixotasunaren tratamendurako beharrezkoak ez diren farmakoen erabilera % 50 baino gehiago murriztea lortu da hobekuntza-plana aplikatu den bi erakundeetan.

Equipo en ruta lelopean abian jarritako 2018-2019 kanpaina honetan emandako urratsetako garrantzizkoena izan da familiak eta osasun-arloko profesionalak inplikatzea hobekuntza-proiektuan, helburu bateratu batekin: arreta uniformizatzea lortzea. Horrela, gaixotasun hori duten seme-alabak dituzten gurasoen esperientziak bildu dira, eta zer-nolako arreta jaso duten, euren iritziak eta sentimenduak zein diren eta zer behar planteatzen dituzten jakin da. Horrekin guztiarekin Bronkiolitis Akutuaren Bide Asistentziala: Lehen mailako arreta eta Pediatriako Larrialdiak dokumentua landu dute adierazitako bi osasun-erakundeen artean koordinatuta.

Hori ezartzeko hainbat material argitaratu dira, eta bertan jaso dira familientzako prebentzio-neurriak, informazioa eta aholkuak. Horrez gainera, www.esano.eus webgunea prestatu da gurasoek gaixotasunaren tratamenduan garrantzizkoak diren gauzak ikas ditzaten, besteak beste, arnasketaren kontrola edo sudurreko garbiketak. 

 

Vitoria-Gasteiz, 2018ko urriak 30

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko