Berriak Segurtasuna
Eu

Halloween ospatuko duten edukiera handiko 6 lokaletako segurtasuna ikuskatu du Ertzaintzak

2018.eko urriak 29

Ertzaintzaren Joko eta Ikuskizun Unitateak aste honetan ikuskatu du Haloween jaiak antolatu dituzten 700 pertsona baino edukiera handiagoko 6 lokalen segurtasuna. Kontrol horietan egiaztatu da instalazioek urriaren 31ko gauean jarduera hori egiteko segurtasun-neurri guztiak betetzen dituztela. Aurretiazko kontrol hori osatuko da, jaia ospatzen den unean bertan, sei aretoetan egingo den ikuskapenarekin.  

Aurretiazko kontrol-kanpaina Ertzaintzaren unitate horretako ertzainek egin dute urriaren 22tik 28ra bitartean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren Joko Zuzendaritzaren gainbegiradapean. Kanpaina horretan bisitatu dituzte gau horretarako ospakizunak programatu dituzten Euskadiko edukiera handiko sei diskotekak (4 Bizkaian, 1 Araban eta 1 Gipuzkoan).

Agenteek ostalaritza-establezimendu horietako bakoitzaren Larrialdi Planean ezarritako segurtasun-neurriak betetzen direla egiaztatu dute. Horretarako, ebakuazio-bideak funtzionamendu-egoera onean daudela eta behar bezala seinaleztatuta daudela egiaztatu dute. Era berean, suteen kontra babesteko bitartekoak, horien kokalekuak eta seinaleztapen egokia ikuskatu dute. Bestalde, une horretara arte saldutako sarrera kopurua kontrolatu dute, baita jai ezagun horretarako aurreikusten den asistentzia eta sarrera eta edukiera kontrolatzeko erabiliko diren bitartekoak ere.

Joko eta Ikuskizun Unitateko agenteek aisia-establezimendu horietako arduradunei gogorarazi diete kontrolatu beharko dutela 18 urte baino gutxiagoko gazteak ez direla sartzen.

Urriaren 31ko gauean bertan areto horietan egingo den ikuskapen batekin osatuko da aurretiazko lan hori. Bereziki kontrolatuko da edukieraren mugak errespetatzen direla eta ebakuazio-bideak libre daudela.

Adierazi behar da, aurten, Halloween jaiaren inguruko ikuskapenak bat datozela Bilbao Exhibition Centerean egingo den BIME Live udazkeneko jaialdiaren inguruko ikuskapenekin eta MTV sariekin lotzen diren zenbait ekitaldien inguruko ikuskapenekin.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak