Eu

“Enpleguaren Nazioarteko I. Biltzarra. Erronkak, aldaketa handia egiteko” biltzarra astelehenean hasiko da, hilaren 5ean, Vitoria-Gasteizko Europa Jauregian

2018.eko urriak 29
  • Hurrengo hilaren 2ra arte, zabalik egongo da izena emateko epea; doakoa izango da
  • Hogei bat adituk eta 200 entzulek munduko aldaketak eta horiek lan-merkatuan eta enplegua sortzeko politiketan duten eragina aztertuko dituzte
  • Jamie Hepburn Eskoziako Enpleguko eta Lanbide Gaitasuneko ministroa izango da bertan

VG 29 10 18

Datorren azaroaren 5ean, Vitoria-Gasteizko Europa Jauregian, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak antolatutako “Enpleguaren Nazioarteko I. Biltzarra. Erronkak, aldaketa handia egiteko” biltzarra hasiko da. Izena doan eman daiteke, baina aurretik eman behar da. Izena emateko epea zabalik dago hurrengo ostiralera arte, azaroaren 2ra arte. Informazio guztia biltzarreko webean jaso da: http://www.congresointernacionalempleoeuskadi2018.eus/

Hiru egunez, astelehenetik, azaroaren 5etik, asteazkenera, hilaren 7ra, Europa Biltzar Jauregian enplegua, horietara jotzeko aukera eta enpleguaren joerak aztertuko dira; izan ere, munduko aldaketak eta horiek enpleguan, enplegu-politika publikoetan, enplegu- eta laneratze-politiken etorkizunean, enpleguaren etorkizunean eta enpleguaren eragile sortzaileen eginkizunean duten eragina aztertuko dituzte.

Dagoeneko baditugu Biltzarraren xehetasunak; nazioarteko hogei aditu baino gehiago izango dira, eta horiek beren ikuspegia eta ezagutza emango dituzte, eta euskal enpresa batzuetara bisitak ere egingo dira.  Lehen jardunaldiaren izenburua  hauxe da: Munduan gertatzen ari diren aldaketak eta hauen inpaktua enpleguan. Enplegu politika publikoak. Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, Ramiro González Arabako diputatu nagusiak eta Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkateak zabalduko dituzte jardunaldiak.

Astelehen horretan, hilaren 5ean, Jamie Hepburn Eskoziako Enpleguko eta Lanbide Gaitasuneko ministroak, Eskoziako Gobernuko enpleguaren inguruko ikuspegiari buruzko hitzaldia emango du. Ondoren, Sylvain Giguère ELGAko (Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea) Ekonomiako eta Tokiko Enpleguko Dibisioko buruak honako gai honi buruzko hitzaldia emango du: enplegua eta tokiko garapen ekonomikoa,  etorkizuneko ikuspegiak. Richard Wilkinson The Equality Trust-en sortzaileak eta Marc Vidal eraldaketa digitaleko eta berrikuntzako analistak ere hitzaldia emango dute lehen jardunaldian. Wilkinsonek desberdintasunaren eta enpleguaren erronkaz jardungo du eta Vidalek, eraldaketa digitalaz eta enpleguaren etorkizunaz. Jardunaldian bisita egingo da Aernovaren fabrikara, Berantevillan, eta Miñaoko Teknologia Parkera.

Asteartean, “Enplegu eta Inklusioko politiken etorkizuna. Enpleguaren etorkizuna” izenburua izango du jardunaldiak, eta, hura hasteko, Fons Leroy Enpleguko Zerbitzu Publikoen Europako Sareko presidenteak Flandriako Gobernuaren enplegu-estrategiari buruz jardungo du. Ondoren, Carsten Beck Copenhagen Institute for Future Studies institutuko zuzendariak lan-merkatua zehaztuko duten megajoerez hitz egingo du. Isabel Aguilera estrategiako eta berrikuntzako aholkulariak eta ESADEko eta Deustuko Unibertsitateko irakasleak enplegu-politiken etorkizuna aztertuko du, eta Borja Belandia Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak erakundea hobetzeko eta eguneratzeko ematen ari den urratsak zehaztuko ditu. Bigarren jardunaldirako programatutako bisitak enpresa-ereduan oinarritzen dira, aldaketara egokitzeko adibide gisa, eta Mercedes edo Ega Master aipatuko dira.

Asteazkenean, hilaren 7an, jardunaldiaren epigrafea honako hau izango da: “Lan-sortzaileetako eragileen papera", eta 8 aditu arituko dira gai horren inguruan. Montserrat Pardo Microsoft Ibéricako Erakunde Harremanetarako zuzendaria izango da lehena, eta enpleguak ekonomia digitalean duen etorkizunaz jardungo du. Fredrik Söderqvist Suediako Unionen sindikatuko kideak adimen artifizialaz, robotez eta enpleguak zerbitzuen sektorean duen etorkizunaz hitz egingo du. Biltzarra amaitzeko, mahai-ingurua izango da. Jordi Serrano informazio-sistemen eta pertsonen garapeneko espezialistak eta Future for Work Instituteko bazkide sortzaileak, Juanjo Alvarez UPV/EHUko Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedradunak eta Saioa Arando Mondragon Unibertsitateko Gizarte Ekonomia Sailekoak enpresaren, enpleguaren eta parte-hartzearen inguruan jardungo dute eztabaidan. Azkenik, Marcos Muro Enplegu eta Gazteriako sailburuordeak, Pilar García de Salazar Arabako diputatuorde nagusiak eta Nerea Melgosa Vitoria-Gasteizko Enpleguko eta Garapen Ekonomiko Jasangarriko zinegotziak emango diote amaiera “Enpleguaren Nazioarteko I. Biltzarra. Erronkak, aldaketa handia egiteko” biltzarrari.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak