
Doako Laguntza Juridikoari buruzko Dekretua onetsi du Eusko Jaurlaritzak
Bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak agerraldia egin du gaur Gobernu Kontseiluaren ondorengo ohiko prentsaurrekoan, Lan eta Justiziako sailburu María Jesús San Josérekin batera.
Lan eta Justiziako sailburuak jakinarazi duenez, Doako Laguntza Juridikoari buruzko Dekretua onetsi du gaur Gobernu Kontseiluak. Sailburuak azaldu duenez, Doako Laguntza Juridikoari buruzko Dekretuaren helburuetako bat da ahalik eta eraginkortasun handiena lortzea doako justizia-sistemaren kudeaketan, “pertsonen funtsezko eskubide bat da benetako babes judiziala bermatuta izatea, haien baliabide ekonomikoak edozein izanda ere”, zehaztu du.
Horren haritik, San Josék nabarmendu du Dekretuak erantzun egiten diela Doako Laguntza Juridikoaren sisteman diharduten profesionalen eskaerei, abokatuen eta prokuradoreen eskaerei, alegia.
Gainera, San Josék gogora ekarri duenez, 2018an Eusko Jaurlaritzak 14.580.000 milioi euro zuzendu ditu Doako Asistentzia Juridikorako eta 2019ko Aurrekontuen proiektuan % 3,4 gehitzea dago aurreikusita. “Hau da, milioi erdi euro, 15 milioi eurotik gora igoko dutenak guztizko partida”, gaineratu du.
ENERGIA-IRAUNKORTASUNERAKO EKINTZA PLAN OROKORRA
Bestalde, gaurko saioan Josu Erkorekak jakinarazi duenez, Gobernu Kontseiluak onetsi egin du “Energia Iraunkortasunerako Ekintza Plan Orokorra”. Energiaren ikuspegitik eraginkorrenak eta iraunkorrenak izan behar dutela adierazi du Erkorekak, eta horretarako neurri batzuk hartu dituzte euskal Administrazio Publikoan kontsumoa murrizten eta energia berriztagarriak bultzatzen laguntzeko. “Plan honek, ekonomiari, ingurumenari eta gizarteari dagokienez, errentagarrienak diren ekintzei emango die lehentasuna”, gaineratu du.
IKASTAROAK ATZERRIAN
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi duenez, onetsi egin da atzerrian ikastaroak egiteko Programa, DBHko eta Batxilergoko ikasleentzat. Hala, azaldu duenez, guztira 533 plaza jarri dituzte martxan 2019ko udan Alemanian, Frantzian, Irlandan eta Erresuma Batuan hizkuntza-ikastaroak egiteko. “Euskadiko ikasleek hizkuntzen eremua jasotzen duten hezkuntza indartzea da Programa honen asmoa”, zehaztu du.
IKERKETA PARTIKULEN AZELERAZIOAN ETA NEUTRONIKAN
Bestalde, Erkoreka sailburuak prentsaurrekoan jakinarazi duenez, Gobernu Kontseiluak 250.000 euroko inbertsioak onetsi ditu partikulen azelerazioan eta neutronikan espezializatutako “BERC”-en oinarrizko ikerketa eta bikaintasuna babesteko. Hala, Erkorekak azaldu duenez, “Materials Physics Center” irabazi asmorik gabeko elkarte bat da: materialen fisikaren eremuko foro intelektual eta bikaintasunezko bat, eta bere helburua da graduondoan ikerketako jarduerak eta irakaskuntza sustatu, burutu eta finantzatzea.
AURREKONTUAK 2019 EUSKADI
Euskadiko 2019ko Aurrekontuen negoziazioei buruz galdetuta, Erkoreka sailburuak nabarmendu du Gobernuak elkarrizketa irekia izaten jarraitzen duela oposizioko hiru talde politikoekin. Erkorekak adierazi duenez, une honetan desadostasunak daude talde politikoekin, “batez ere, haien proposamenetako batzuekin ez genituzkeelako beteko gastu-erregelak ezarritako mugak”, gaineratu du. Nahiz eta azpimarratu duen oraindik hilabete bat geratzen dela negoziatzeko eta akordioetara heltzeko. “Orain, sailburuok xehakatu egingo ditugu partidak Parlamentuan eta hilabete bat dugu negoziatzeko”, zehaztu du.
DEZELERAZIOA
Bestalde, Eustatek argitara ateratako datuei buruz galdetuta, hirugarren hiruhilekoko kontu ekonomikoen aurrerapenarekin, jakinarazi den ekonomiaren dezelerazioa kalkulatuta, aurreikusita eta aurreratuta zegoela adierazi du Erkoreka sailburuak. Gainera, nabarmendu duenez, dezelerazio horrek ez du aldaraziko urtearen amaierarako aurreikuspena BPGrekiko.
TRANSFERENTZIAK
Egiteko dauden transferentziak direla eta, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ziurtatu duenez, une honetan ez dago data finkorik bilerarako ez eta akordiorik ere Batzorde Mistoak onetsi beharreko edukiei buruz. Gainera, sailburuak adierazi duenez, ezinezkoa da 37 transferentzia aldi berean egitea, eta gaineratu duenez, lehenengo fasean da orain, transferentzia guztien analisi, azterketa eta akordio posible batean, ”ezinezkoa baita guztiei aldi berean heltzea”, azpimarratu du.