Eu

Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek Espainiako Gobernuari “gardentasuna” eskatu diote “bidaiderik gabeko adingabe atzerritarren arloan”

2018.eko urriak 26
  • Erakundeek pasa den irailaren 4an batera egin zuten ‘Share’ erantzunkidetasun-proposamena gogorarazi dute

VG 26 10 2018

Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek Espainiako Gobernuari bidaiderik gabeko adingabe atzerritarren arloan “gardentasunez” jarduteko eskatu diote; izan ere, gaur Ministroen Kontseiluaren ondoren iragarritako laguntzen banaketa ezartzeko jarraibideen berririk ez dute izan. Euskal erakundeek ez dakite autonomia-erkidegoek borondatez zenbat plaza-kopuru eskaini duten azken asteotan Estatuan adingabeak orekatuago banatzeko.

 

Lau euskal erakundeek gogorarazi dute pasa den irailaren 4an Osasun, Kontsumo eta Gizarte Ongizate Ministeriora elkartasun-proposamena bidali zutela; proposamen hura irizpide teknikoetan oinarritzen zen. Proposamenak ‘Share’ izena du, eta bidaiderik gabeko adingabe atzerritarren banaketa erantzunkiderako eta funtsak esleitzeko balia daiteke. Hori dela eta, Euskaditik Ministeriora “elkarlanerako eta akordiorako” bidali diren lan-proposamenekiko “errespetua” eskatu dute. Euskal erakundeen iritziz, nahiz eta etengabe erakutsi duten interesa, proposamenak eta borondatea, eztabaidarako eta akordiorako beti jaso dute ezetza.

 

“Share” proposamena Europako Batzordean eta Europako Eskualdeetako Lantaldean ere aurkeztu da, eta autonomia-erkidego guztietako presidenteei bidali zaie.

 

Euskadik leialtasunez eta seriotasunez lan egiten du arlo horretan; izan ere, ezinbestekotzat jotzen du autonomia-erkidegoen arteko erantzunkidetasuna. Euskal erakundeen iritziz, “Espainiako Gobernuak benetako koordinazio eraginkorra gauzatu behar du erkidego guztien artean”.

 

Pasa den irailaren 5ean, euskal erakundeek Osasun, Kontsumo eta Gizarte Ongizate Ministerioari zera adierazi zioten: “ez gaude ados Euskadik orduan Estatuak proposatutako funtsen banaketarako proposamena dela eta jasaten ari den bazterketarekin; izan ere, 2018 honetan iritsitako adingabeak baino ez ditu hartzen kontuan eta, horrela, nabarmen baztertzen ditu bidaiderik gabeko adingabe atzerritarrei arreta duela urteak ematen ari zaizkien erkidegoak".

 

Foru-aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak gogora ekarri dute Euskadi “bidaiderik gabeko adingabe atzerritarren arretan gehien inplikatu den erkidegoetako bat dela, eta Estatuan, Andaluziaren, Kataluniaren eta Melillaren ondoren, harrera gehien egiten duen erkidegoa dela”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Marian Olabarrieta, Isabel Sánchez-Robles, Maite Peña