Berriak Osasuna
Eu

Donostia Unibertsitate Ospitaleak TOP 20 sariak lortu ditu Ospitale-kudeaketa Orokorrean eta Nerbio-sistemaren Arlo Klinikoan

2018.eko urriak 25

Bigarren aldiz jarraian lortu du zentro onenaren saria ospitale-kudeaketa orokorrarengatik

TOP 20 Ospitaleak programa bat da, adierazle objektiboetan oinarrituz ospitaleak ebaluatzekoa

 

Donostia Unibertsitate Ospitaleak atzo jaso zituen TOP 20 sariak Ospitale-kudeaketa Orokorrean eta Nerbio-sistemako Arlo Klinikoan. Sari horiek IASISTek antolatzen ditu, osasunaren arloan erabakiak hartzeko ebidentzia, teknologia eta zerbitzuak erabiltzen mundu mailan erreferentea den enpresa liderrak, eta bederatzigarren edizioa dute aurtengoa. TOP 20 Ospitaleak programa jarduera-adierazle objektiboetan oinarritzen da.

Donostia Unibertsitate Ospitaleko zuzendari mediko Idoia Gurrutxagak eta Erizaintzako zuzendari Carmen Rodríguezek jaso zituzten sariak. Idoia Gurrutxagaren hitzetan, “sariek gure ospitalearen ibilbide ona berresten dute. Iaz ere eman ziguten ospitale-kudeaketa orokorraren saria; gainera, hainbat edizio jarraitutan lortu ditugu sariak arnas-aparatuaren arloan eta bihotzarenean, eta aurten nerbio-sistemakoan lortu dugu”. Donostia Ospitaleko arduradun medikoak gogorarazi duenez, ginekologiako arloa ere izendaturik zegoen.

Euskadiko Osasun Saila ere beste autonomia-erkidegoen artetik saritua izan da: Tratamenduari Atxikitzeko Proiektu Onenaren saria eta Tratamenduari Atxikitzeko Proiektuaren Sari Berezia jaso ditu Farmaziako zuzendari Iñaki Betolazaren eskutik. Euskadiko udal zerbitzuek etxeko laguntzaren bidez artatzen dituzten pertsonek medikazioa hobeto erabiltzeko programak bi sari jaso ditu 2017ko edizioan,  tratamenduarekiko atxikidura hobetzeko sariak banatzen dituen OAT erakundearen eskutik.

TOP 20 Ospitaleak programa, esan bezala, adierazle objektiboetan oinarritzen da ospitaleak ebaluatzeko, eta adierazle horiek Datuen Multzo Minimoaren bidez erregistratu ohi diren datuetatik lortzen dira. Horrela, emaitzak hobetzeko erreferentzia baliagarria eskaintzen dio osasun arloari, kalitate-, funtzionamendu- eta eraginkortasun-adierazleetan oinarrituta, fokua prozesu bidezko kudeaketan jarriz, eta aztertutako arlo kliniko bakoitzeko adierazle espezifikoak kontuan hartuta.

Guztira 30 prozesutik gora aztertzen da, 120 adierazle baino gehiagorekin, 8 arlo klinikotan: nerbio-sistema, arnas aparatua, bihotza, digestio-aparatua, muskulu- eta eskeleto-sistema, giltzurruna eta gernu-bideak, emakumea eta paziente larriarentzako arreta. Edizio honetan 63 sari banatu dira 39 ospitaleren artean, 7 autonomia-erkidegotan.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko