Berriak

Idoia Mendiak: “Sindikatu batzuek langileen babesaren alde egin beharrean politika egin nahi dute”

2011.eko otsailak 22

ELA sindikatuak kontzentraziora deitu du, Fernando Buesaren aldeko omenaldia egin den monolitoaren ondoan

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Idoia Mendiak kritikatu du sindikatu batzuek aprobetxatu izana ETAren biktima bat omentzeko ekitaldia “beren aldarrikapenak hedatzeko”; gogoratu duenez, sindikatuek badituzte negoziazio-mahaiak langileen eskubideak defendatzeko. Mendiak Libian dauden euskal biztanleen egoera aipatu du, bertako “komunikazioak konplikatuak” direla esanez; dena dela, azpimarratu du ahaleginak egiten ari direla haiekin kontaktatzeko eta herritik ateratzeko. Euskal kutxen fusioari buruz, bozeramaileak esan du “ezarlearen figurak” kezka berdinak dituela, dagoen lekuan dagoelarik, eta “eskubide zein betebehar berdinak izan behar dituela”. Azkenik, Patxi López Lehendakaria egiten ari den kontaktu-errondari dagokionez, erronda hori “diskretua” dela gogorazi du, eta, hortaz, oraingoz ez dela balorapenik egingo.

ELA sindikatu abertzaleak protesta bat gauzatzeko aprobetxatu du Fernando Buesa Fundazioak egingo duen omenaldia, alegia, ETAk beraren bizkartzainarekin batera hildako politikaria gogoratzeko egindako omenaldia. Idoia Mendiak esan duenez, “hau ez da foro egokia, badira beste foro batzuk, badira irekita dauden negoziazio-mahaiak, eta horixe da sindikatuen lekua, ez honelako ekitaldi bat”. Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak kritikatu du sindikatuek erabili izana biktima baten omenaldia manifestazioa egiteko. Idoia Mendiak esan duenez, badirudi “sindikatu batzuek langileen babesaren alde egin beharrean politika egin nahi dutela”.

Jaurlaritzako bozeramaileak Gobernu Kontseiluaren ostean egin ditu adierazpen horiek, normalean egiten den prentsaurrekoan; horrez gain, Libian dauden euskal biztanleen egoera ere izan du hizpide.

Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko udalek euskal kutxetan ordezkatuta egoteko aukeraren aurrean, Idoia Mendiak azaldu du ezarlearen figurak “kezka berdinak dituela, dagoen lekuan dagoelarik, eta eskubide zein betebehar berdinak izan behar dituela”. “Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko bulego bateko ezarleak baldin badira, zergatik ezin izango ote dute parte hartu batzarrerako hauteskundeetan?”, galdetu dio bere buruari bozeramaileak. Hala ere, Mendiak gogoratu nahi izan du oraindik ere legearen aurreproiektuaren zirriborroa baino ez dugula, eta, beraz, “bide luzea” geratzen dela.

Lehendakaria zenbait alderdi politikorekin egiten ari den kontaktu-errondari dagokionez, erronda horrek aurrera jarraitzen du, eta bukatzen denean “Lehendakariak berari buruzko balorapena” egingo du.

Libian egoera

Idoia Mendia Libian dagoen “egoera nahasiaren” gainean mintzatu da. Bozeramaileak azaldu du Eusko Jaurlaritza kontaktuan dagoela Espainiako enbaxadarekin; halaber, Joseba Etxeberriaren familiarekin –Lekeitioko (Bizkaia) herritar hau Tripolitik 700 kilometrora dago- hitz egiten du, berau ahalik eta lehen ebakuatzeari begira, berak hala eskatu duelako. Orobat, ahaleginak egiten ari dira Gipuzkoako motorista talde batekin kontaktatzeko, Libiako basamortuaren aldean baitago, baina “komunikazioak oso konplikatuak dira”. Eusko Jaurlaritzak arreta handiz behatzen ditu gertaera horiek, eta etengabeko kontaktuan dago kanpo arazoetako ministerioarekin.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)