Berriak Hezkuntza
Eu

Euskadiko ekoizpen zientifikoak 6.000 argitalpeneko muga gainditu du

2018.eko urriak 25
  • EAEko ikerketa arloko pertsonalaren lanak 6.000 argitalpen zientifiko baino gehiago eragin zituen 2017an, eta azken 6 urteotan bertako ekoizpen zientifikoak % 50eko hazkundea izan du.
  • Euskadin 12.000 pertsona inguruk dihardute ikerketa eta garapen arloko jardueretan.
  • Ekoizpen zientifikoaren hazkundearekin batera, nazioarteko lankidetza areagotu eta argitalpenen arloko lidergoari eutsi dio.
  • Euskadi autonomia-erkidego aitzindaria da H2020 programa europarretik lortutako biztanleko itzulkinari dagokionez.

Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburuak aurkeztu ditu gaur goizean, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketako Sailburuordea eta Fernando Cossío IKERBASQUEko Zuzendari Zientifikoa aldean zituela, Zientzia Euskadin 2018 Txostenaren emaitzak. Txostenak ikerketa arloko langileei, zientziaren finantzaketari, emaitza zientifikoei eta transferentzia teknologikoari dagozkien Euskadiko emaitza nagusiak bildu ditu, Ikerboost Euskal Zientzia eta Teknologiaren Behatokiak monitorizatutako adierazleen bitartez.

Lehendabiziko aldiz, Euskadik urteko 6.000 argitalpenen muga gainditu du, eta honek esan nahi du bertako ekoizpen zientifikoa % 50 gehitu dela azken 6 urteotan. Euskadiren pisu erlatiboa etengabe hazi da azken hamar urteotan, eta 2017an, Espainiako ekoizpen zientifikoaren % 6,5 izan da.

Era berean, dexente areagotu da argitalpenen kalitatea, eta hau bi alderdi hauetan islatu da: Ospe handienekotzat jotzen diren lehen kuartileko aldizkarietan argitaratutako ekoizpen zientifikoaren portzentajea etengabe hazi da Euskadin azken hamarkada honetan. Egun, lehen kuartileko aldizkariei dagokien ekoizpen zientifikoa % 60 ingurukoa da. Bestalde, Euskadin, ikerketen emaitzak argitaratzerakoan, ikertzaileek lankidetzan dihardute munduko eragile zientifiko nagusiekin: Estatu Batuak, Alemania, Erresuma Batua, Frantzia eta Italia. Horren harira, argitalpenen % 51 nazioarteko lankidetzaz landu dira.

Nazioarteko lankidetza hauetan, Euskadiko ikertzaileek nagusitasunezko posizioa dute, eta kasu askotan, argitalpenen egile nagusiak dira. Lidergo horren ildotik, Fernando Cossio Ikerbasqueko Zuzendari Zientifikoaren iritziz, "zientzia sistema egindako ikerketaren kalitatea kaltetu gabe hazten ari dela” esan genezake.

Era berean, Euskadi autonomia-erkidego aitzindaria da H2020 programa europarretik lortutako biztanleko itzulkinari dagokionez, 2014-2017 epealdian 412 milioi euro erakarri dituelarik. H2020 Esparru Programa giltzarrizko tresna bilakatu da Europar Batasuneko ikerketa eta berrikuntza arloko jardueretarako. Tecnalia, UPV/EHU eta Tekniker dira era horretako finantzaketa lehiakorra lortu duten zentro nagusiak.

Programa honen barruan, berariaz aipatzeko modukoak dira ERC laguntzak, ikerketa ezagutzaren mugan jarraitu nahi duten edozein nazionalitatetako eta edozein adinetako ikertzaileei laguntzea xede dutenak. Egun, nazioartean aldarrikatutako bikaintasunaren adierazle bihurtu dira, horietara atxikitako proposamen kopuru handiari nahiz ebaluazio-prozesu zorrotzari erreparatuta. Euskadin, 26 ERC proiektu garatu dira guztira, eta 2018an 14 ERC indarrean zeuden artean.

Sektorekako ekoizpenari dagokionez, Euskadiko zientzia-ekoizpen osoaren % 61 inguru unibertsitateei dagokie -UPV/EHU buru, indexatutako 3.300 argitalpen baino gehiago dituela-, eta jarraian kokatuta daude osasun sektorea eta zentro teknologikoak. Azken urteotan, euskal zientzia-sisteman gero eta garrantzi handiagoa duten eragile berriak agertu dira (BERC eta CIC-IKZ zentroak). Euskadin argitaratutako artikuluen % 23k baino gehiagok BERC eta CIC-IKZ zentroak dituzte partaide dagoeneko.

Arlo tematikoka, Medikuntza da Euskadiko argitalpenetan gehien jorratu ohi dena, 2017an 1.400 argitalpen baino gehiago izan zituelarik. Ondotik kokatuta daude, urruti samar, Ingeniaritza, Materialen Zientzia, Fisika eta Astronomia, Kimika eta Biokimika, den-denak urteko 800 argitalpenetatik gora.

Ikerketa komunitatea

2016ko azken datu erabilgarrien arabera, Euskadin, Dedikazio Osoaren Baliokideko (DOB) 12.000 ikertzailek baino gehiagok dihardute ikerketa eta garapenaren arloko jardueretan.

2016/2017 ikasturtean, 700 pertsona inguruk defendatu zituzten doktorego-tesiak Euskadiko hiru unibertsitateetan. Generoaren ikuspegitik aztertuta, doktorego-tesiak defendatu dituzten gizonen eta emakumeen kopuruak antzekoak izan arren, senior postuak gizonek betetzen dituztela egiazta dezakegu, kategorien arabera aztertuz gero.

Ikerboost, Euskal Zientzia eta Teknologiaren Behatokia

IKERBASQUEko Zientzia eta Teknologiaren Behatokiak, EAEn, Estatuan eta nazioartean kontrastatutako informazio-iturrien araberako adierazleak bildu ditu, euskal komunitate zientifikoa karakterizatu eta beste herrialdeetakoekin kualitatiboki nahiz kuantitatiboki konparatzeko aukera errazteko asmoz. “Zientzialariek aldizkari espezializatuetan argitaratzen dituzte ikerketetako emaitzak, beste ikertzaileekin batera partekatzeko; Ikerbasqueko Behatokiak argitalpen horiek guztiak monitorizatzen ditu, ale-kopurua, nazioarteko eragina eta gaien araberako espezializazioa bezalako alderdiak aztertuz”, Fernando Cossío IKERBASQUEko zuzendari zientifikoaren esanetan.

Ikerbasqueri buruz

Eusko Jaurlaritzak IKERBASQUE Euskadiko Zientzia Fundazioa bultzatu zuen 2007an Euskadin ikerketa zientifikoa garatzen laguntzeko, ikerketa arloko talentuak erakarriz eta atxikiz. Hauek dira IKERBASQUEren helburu nagusiak: Euskal Zientzia Sistema sendotzea, sistematik kanpo erakarritako zientzialariak erakarriz, eta Euskadiren irudia bultzatzea ikerketaren arloko nazioarteko erreferentziatzat.

 

 

Hemen duzue eskura Zientzia Euskadin 2018ko txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Fernando Cossío, director científico de Ikerbasque