Eu

Laneko Ikuskaritzak 7.000 kontratu baino gehiago erregularizatu ditu aurten Euskal Autonomia Erkidegoan

2018.eko urriak 24

Laneko Ikuskaritzak 7.000 kontratu baino gehiago erregularizatu ditu aurten Euskal Autonomia Erkidegoan

  • Abuztua eta iraila artean, Lan Duinaren Aldeko Gida Planaren talka-planei esker, kontratu mugagabe bihurtu dira aldi baterako 1.131 kontratu eta lanaldi partzialeko 217 kontraturen lanaldia gehitu da.
  • Lehen fasean guztira 2.430 komunikazio bidali zaizkie euskal enpresei, eta eraginpean zeuden pertsonen % 56ren kontratuak kontratu mugagabe bihurtu dira.
  • Lanaldi partzialeko kontratazioaren erabilera irregularraren aurkako talka-planaren ondorioz izandako lanaldi gehikuntzen % 92,5etan, gehikuntzak % 50ekoak edo handiagoak izan dira.
  • Laneko Ikuskaritzaren jardunei esker, aurten 7.080 kontratu baino gehiago erregularizatu dira eta horietatik 5.732 Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak programatutako kanpainen ondoriozkoak dira eta 1.348 Lan Duinaren Aldeko Gida Planaren bi talka-planek lortutako behin-behineko emaitzen ondoriozkoak dira.

Jesus Loza Gobernuaren Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkariak eta María Jesús San José Lan eta Justiziako sailburuak gaur Bilbon egin duten prentsaurrekoan aurkeztu dute Lan Duinaren Aldeko Gida Planaren egungo egoera zehazten duen txostena. Txosten horretan, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak Euskal Autonomia Erkidegoan programatutako kanpainen egoera ere zehazten da. Bi administrazioen arteko lankidetzaren balioa nabarmendu dute, eta bi gobernuek “langileen lan-baldintzak hobetzera begira” sustatzen dituzten neurrien barruan abian jarritako jardun-planak nabarmendu dituzte.

Jesús Lozak adierazi duenez, Lan Duinaren Aldeko Gida Plana “Espainiako Gobernuak kalitateko enpleguaren alde hartu duen konpromisoa da, eta, plan horren bidez, lan-prekarietatearen kontra eta lan-baldintzak hobetzearen alde egingo da. Hartara, Gobernuak konpromiso irmoa eta borondate politiko argia du, Alderdi Popularraren aurreko gobernuekin gure herrialdean langileek galdutako eskubideak berreskuratzearen alde borrokatzeko”.

Bestalde, María Jesús San José sailburuak azaldu du Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren parte-hartzearekin landu dela Lan Duinaren Aldeko Gida Plana, betiere laneko arriskuen prebentzioaren arloan eta lanaren arloan Laneko Ikuskaritzak dituen eskumenen barruan. Lanaldi partzialeko kontratuen gaineko ikuskapenak areagotzeko konpromisoa eta aldi baterako kontratazioan iruzurra borrokatzeko konpromisoa izan dugu abiapuntu, adierazi du María Jesús San José sailburuak, eta oso emaitza onak izan dira. Jakitun gara hasi dugun bidea zuzena dela eta planaren garapenak emaitza onak gehituko dizkiela jada egiten ari garen ikuskapen-kanpainen emaitza onei. Izatez, kanpaina horiek aurten, jada, hirukoiztu baino gehiago egin dute aurreko urtean erregularizatutako kontratuen kopurua.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Jesús Loza, Gobernuko ordezkaria; Iciar González, Lan Ikuskaritzaren zuzendariordea