Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria: "Azkarrak izan behar dugu iruzurrari bide ematen ez dion baina bakerako bidea oztopatzen ez duen politika bat bilatzeko"

2011.eko otsailak 22

Lópezek esan du ez duela "fede hutsez jardungo" eta ezker abertzaleari eskatu dio "ekintzen" bidez erakusteko "demokrazian sartu" nahi duela

Patxi López lehendakariak "zuhurtasuna" eskatu du berriro eta, aldi berean, "hau ETAren behin betiko amaiera" lortuko delako "itxaropena" izateko eskatu du. Lópezek esan du ez duela "fede hutsez jardungo", egungo egoerara ekarri gaituen zorroztasun demokratikoko politika mantentzearen alde egiten du apustu eta aurreko bake prozesu zapuztuaren ostean, "on-ustean" ez erortzeko eskatu du, berriro "engainatzea" ekar baitezake. Hala ere, lehendakariak ohartarazi du ez dela "etengabeko susmoan" eroriko; izan ere, "dirudienez, ezker abertzalea da, eta ez ETA, erabakiak eta aurrea hartzen ari dena lehenengoz". "Azkarrak izan behar dugu iruzurrari bide ematen ez dion baina bakerako bidea oztopatzen ez duen politika bat bilatzeko", azpimarratu du.

Patxi López lehendakariak adierazi du bere gobernuak "azkarra izan behar duela" eta berriro engainatzea ekiditeko zorroztasun demokratikoko jarrera mantendu behar dela, eta, aldi berean, Euskadin bakea lortzeko aurrerapausoak ematea "galarazten ez" duen politika bat bilatu behar duela. Lópezen ustean, larunbatean ezker abertzaleak egin zuen manifestazioan ETA desagertzeko eskaera entzutea gustatuko zitzaiokeen arren, kolektibo horrek eman dituen azken pausoak "aldaketa garrantzitsu" baten isla dira. "Dirudienez, ezker abertzalea da, eta ez ETA, erabakiak eta aurrea hartzen ari dena lehenengoz", azpimarratu du. Aldi berean, ezker abertzaleari eskatu dio "ekintzen" bidez erakusteko euskal gizarteari "demokrazian sartzearen" alde egiten duela apustu, "fede hutsez" ez jarduteko, horrek beti baitarama "frustraziora".

45 minutuz, gutxi gorabehera, Patxi López lehendakariak Cadena SER irratiko Hora 25 saioan egin dizkioten galderei erantzun die eta, bertan, gaur egungo egoera politikoa aztertzeaz gain, beste gai batzuen inguruko interesa ere agertu du, hala nola, Libian dagoen krisiari buruzkoa.

Elkarrizketa horretan, lehendakariak "zuhurtasuna" eskatu du berriro eta, aldi berean, "hau ETAren behin betiko amaiera" lortuko delako "itxaropena" izateko eskatu du. "Kolektibo horrek hausnartu egin duela pentsatu nahi dut", azpimarratu du; baina, halere, lehendakariak gehitu du "ez dela sinesteko unea, demokrazian sartu nahi dutela ekintzen bidez erakusteko unea baizik".

Hala eta guztiz ere, Lópezek onartu du ezker abertzaleak beti izan duela "A, B edo C plan bat", alegia, Sortu legeztatzen ez bada, hurrengo udal eta foru hauteskundeetara beste talderen bat aurkeztuko dutela, edo EA edo antzeko beste alderdi politiko bati emango diotela babesa.
Alderdi politiko batzuek eskatzen dutenari jarraiki Alderdien Mahai bat eratzeari dagokionez, lehendakariaren hitzetan, eskaera hori "mahai bat beharrean, prezioren bat kobratzeko leihatila bat izango litzateke, baina ETAri eta mundu horri ezer exijitu gabe". Lópezek talde nazionalistei leporatu die "Zuzenbide Estatura begira daudela, talde terrorista desagerraraztera begira egon beharrean" eta bere buruari galdetu dio ea EAJk "zer egiten zuen ezker abertzalearen marka bat sustatzeko hauteskunde-ekitaldi batean, kontuan hartuz oraindik ez dela legezko talde bat".

Bukatzeko, Lópezek adierazi du "denek", "batzuk gehiago" eta "beste batzuk gutxiago", "mundu hori mugitzen ari dela" eta hau "behin betikoa" izatea eta "ETA desagertzea" "nahi dutela" ikusten dutela.

Euskal herritarrak Libian

Egungo egoera politikoa alde batera utzita, lehendakariak Libian bizitzen ari diren egoeraren inguruko interesa agertu du. Lópezek adierazi duenez, euskal herritar bat, behintzat, herrialde afrikarrean dago, Tripoli hiriburutik 700 kilometrora, baina. Gasteizko Gobernua "etengabe" dago harremanetan Kanpo Harremanen Ministerioarekin eta enbaxadarekin pertsona hori lehenbailehen itzul dadin Euskadira.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)