Eu

San José sailburuak eman dio itxiera Txema Finez Saria emateko ekitaldiari. CEAR-Euskadik jaso du saria

2018.eko urriak 24

San Josék eman dio itxiera Txema Fínez Saria emateko ekitaldiari. CEAR-Euskadi Errefuxiatuei Laguntzeko Batzordeak jaso du saria

María Jesús San José Lan eta Justiziako sailburuak amaiera eman dio VI. Txema Fínez Saria emateko ekitaldiari. CEAR-Euskadi Errefuxiatuei Laguntzeko Batzordeari saria emateko ekitaldia gaur arratsaldean egin da Bizkaiko Abokatuen Elkargoak Bilbon duen egoitzan. 

Susana Marañon Justizia Sustatzeko Txema Fínez Elkarteko presidenteak eman dio saria Javier Galparsoro CEAR-Euskadi Errefuxiatuei Laguntzeko Batzordeko presidenteari. Errefuxiatuei Laguntzeko Batzorde horrek egiten duen lana aintzatetsi du, “bazterketa-arriskuan dauden errefuxiatuen, desplazatuen eta migratzaileen giza eskubideen alde eta Europarako sarreran asilo-eskubidearen urraketen etengabeko salaketan” egiten duen lana nabarmenduta.

Lan eta Justiziako sailburuak aditzera eman du CEAR-Euskadik harrera eta babes-lan itzela egiten duela, eta ohartarazi du errefuxiatuak, desplazatuak eta migratzaileak oso egoera larrian daudela eta, pertsona horien harrera errazteaz gain, haien jatorriko herrialdeen garapen ekonomikoa eta soziala ere erraztu behar dela. “Europa da haien ongizate- eta askatasun-erreferentea, baina errealitatean haiei ematen zaien erantzuna ez da ordezkatzen dugunaren eta gugandik espero denaren mailakoa” adierazi du San Josék. “Izugarrikerietatik ihes egiten ari direnez aprobetxatzen diren mafien kontra borrokatu beharrean, europarrok kuotak eztabaidatzen ditugu, pertsona horiek salgaiak bailiran; zubiak eraiki beharrean, harresiak eraikitzen ari gara” erantsi du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak