Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Euskadiko lehenengo 125 Zuzkidura-Bizitokiak azteazkenean emango dituzte

2011.eko otsailak 21

Eusko Jaurlaritzak sustatutako lehenengoak dira. Etxebizitza Sailak alokairua dela etxebizitza-premiak asetzeko formularik hoberena, batez ere gazteen artean, uste du.

Guztira, 125 bizitoki edo alokairuko apartamentu dira, 116 garaje eta bizikletentzako lokal bat, Donostiako Intxaurrondo auzoan eraikiak.Gazteentzako apartamentuak dira, bost urterako, hain zuzen, txandatzen joan ahal izateko. 7 etxebizitza mugikortasun murriztuko pertsonentzat egokiturikoak dira. Alokairuko errenta 243 euroko hileko kanona izango da, bataz beste.

Bizitokiak 30 eta 54,8 metro koadro artekoak dira eta logela-egongela-sukaldea (trenkadarik gabe) eta bainugela daukate.

Etxebizitza guztietan sukaldeak jantzita daude: goiko eta beheko armairuak, sukalde-gainekoa eta elektrotresnak (garbigailu-lehorgailua, bitro-labea, hozkailua, ke-kanpaia),  eta bainugeletan portzelana bitrifikatuzko tresna sanitario zuri kolorekoak.

Zuzkidura-Bizitoki hauetan horniduren kontagailu nagusi bat dago (argia eta ura), instalazio orokorrei zein etxebizitza bakoitzari zerbitzua ematen diena. Sistema zentral bateratua bada ere, ur beroaren, kalefakzioaren, ur hotzaren eta argiaren kontsumoak banakakoak izango dira eta zuzkidura-bizitoki bakoitzean jarritako kontagailu indibidualek jasotako kontsumoaren arabera fakturatuko dira.

Kalefakzioa LEAKO sistema zentralizatuarekin dabil, bero-ponpen eta geotermiaren bitartez, argia erregai gisa hartuta. Egongelan jarritako termostatoarekin erregulatzen da eduki nahi den tenperatura. Ez dago ohiko erradiadorerik, zoru bero-emaile bidezko berokuntza baita ezarritako sistema.

Zuzkidura-Bizitokiak

Eusko Jaurlaritzaren ustez, Zuzkidura-Bizitokiena formula egokia da gazteek aldi baterako etxebizitza eduki dezaten, ez baitira oso handiak eta, hasieran batean, bost urterako alokatzen dira.

Alokairua da etxebizitza-premiak asetzeko formularik hoberena, batez ere gazteen artean. Hori dela-eta, 2010-2013 Etxebizitzaren eta Hiri Berrikuntzaren Plan Zuzentzailean jasota dagoen asmoa da hurrengo lau urteetan eraikiko diren babes publikoko etxebizitzen %40a alokairukoa izatea.

Zuzkidura-Bizitoki gutxi egon da orain arte Euskadin, baina formula honetan parte hartu duten eragileek egindako balorazio positiboa dela-eta, Jaurlaritzak beste udalerri batzuetara ere zabaldu nahi du ekimena.

Jaurlaritzak finkatutako helburuetariko bat da datozen lau urteetan 3.500 zuzkidura bizitoki eraikitzea Euskadin. Hau da, alokairura bideratutako sustapenaren %43 honelako bizitokiak izango dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)