Berriak Segurtasuna
Eu

Trafikoko biktimen erregistroa arautzen duen dekretua onartu da (Gobernu Bilera 2018-10-23)

2018.eko urriak 23

Eusko Jaurlaritzak gaur onartu du Trafiko-istripuen biktimen euskal erregistroa arautzen duen dekretua. Erregistroa Trafiko Zuzendaritzari atxikita dago, eta hiri barruko zein hiriarteko bideetan gertatzen diren eta biktimak eragiten dituzten trafiko-istripuei buruzko datuak jasoko ditu, istripuen kausak, inguruabarrak eta haien ondorioak zein izan diren zehazteko.

Informazioa erregistrora baliabide elektronikoak erabiliz igortzeko formulario ofizialak arautuko dituen Agindua indarrean jarri eta hiru hilabetera jarriko da abian bete-betean erregistroa.

Orain arte “Trafiko-istripuen urtekari estatistikoa” izenekoa egiten zen, Ertzaintzaren eta udaltzaingoen txostenetako eta atestatuetako datuetatik abiatuta. Eta horietako azken hamar urteotako datuen azterketak agerian jarri du ezbehar-kopuruaren bilakaera positiboa izan dela, eta 2000. urtean, esate baterako, 218 hildako izan ziren eta 2017an 39. 

Hala ere, zifra horiek agerian uzten dute bidean izandako ezbehar-kopurua gizartearen gaitzetako bat dela; Osasunaren Mundu Erakundeak adierazi du trafiko-istripuak heriotza-kausa nagusietako bat direla, eta gaur egungo joerek adierazten dute premiazko neurriak hartu ezean, 2030. urterako trafiko-istripuak bosgarren heriotza-kausa izango direla.

Erregistroa sortuta gainditu egin nahi dira egungo eragiketa estatistikoak, eta, aldi berean, estatistika zehatzagoak lortu nahi dira, lortutako informazioa bide-segurtasuneko politikak ikertzeko eta ebaluatzeko erabili ahal izateko.

Erregistro berriko informazioarekin trafiko-istripuen biktimei buruzko estatistika landuko da, bide-segurtasunari buruzko azterlanak egingo dira eta trafiko-istripu larrien batez besteko kostu soziala kalkulatuko da, informazio fidagarri, sistematiko eta eguneratu batetik abiatuta.

Informazio hori izanda, hildakoak eragin dituzten istripuek eta istripu larriek ze kausa, inguruabar eta ondorio izan dituzten jakin ahal izango da, era horretara bide-segurtasunaren arloko politikak ebaluatu ahal izateko eta Europan zein Euskal Autonomia Erkidegoan 2020. urterako jarritako helburua, errepideetan hildakoen kopurua erdira murriztea, alegia, lortzeko prebentziozko neurriak edo zuzentzaileak hartu ahal izateko.

Horrela, indarrean dagoen Euskadiko Segurtasun Publikoko Plan Orokorrean (2014-2019) eta Bide Segurtasuneko eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorrerako Plan Estrategikoan (2015-2020) ezarritako konpromisoetako bat beteko da. Eta, gainera, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008ko azaroaren 19ko 2008/96/EE Zuzentarauak, bide-azpiegituren segurtasunaren kudeaketari buruzkoak, jasotako aurreikuspenak beteko dira, hildakoak eragin dituen istripu bakoitzeko txosten bat idatzi behar dela ezartzen baitu.

Istripuen, haietan inplikatutako pertsonen, bideen, ibilgailuen eta bestelako inguruabarren eta eragin faktoreen inguruko informazioa trafikoa zaintzeaz arduratzen diren Ertzaintzako eta udaltzaingoetako agenteek jasotakoa izango da.

Istripua izan eta hurrengo hogeita hamar eguneko epean hil diren pertsonei buruzko informazio osagarria ere izango da, osasun-zentroetakoa zein aldizkari estatistikoetakoa, eta istripua izan duten pertsonen lesioen larritasun mailei eta lesio motei buruzko informazioa ere eskatuko zaie. Intereseko informazioa eman dezaketen errepideen kudeatzaileetatik datorren informazioa edo erregistroaren helbururako adierazgarria den guztia ere izango da.

Informazio hori baliabide elektronikoak erabiliz bidaliko da, Segurtasun Sailak onartutako istripu-formulario ofizialen bidez eta  administrazioen arteko elkarreragingarritasun-protokoloak kontuan hartuta. Formulario horien edukia eta informazioa igortzeko epeak bat etorriko dira Trafiko Istripuen Biktimen Erregistro Nazionalera informazioa bildaltzeari buruz Estatuko araudiak ezarritakoarekin.

Informazioa Trafiko Istripuen Biktimen Erregistro Nazionalera igorriko da Estatuko informazioa zehazteko. Era berean, errepideen arduradunei ere helaraziko zaie euren titulartasunekoak diren bideetan gertatzen diren eta biktimak eragiten dituzten trafiko-istripuei buruzko informazioa, baina datu pertsonalik eman gabe, istripu ugariko bide-zatiak identifika ditzaten.

Trafiko Zuzendaritza arduratuko da erregistroko datuen konfidentzialtasunaz, eta segurtasunaz, bai eta datuak babesteko araudia betetzeaz ere. Erregistroko idazpenetan inplikatuei buruz agertzen diren identifikazio-datuak edo inplikatuen osasunarekin lotutakoak erregistroaren helburua betetzeko behar-beharrezkoak direnak baino ez dira izango.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko