Eu

Eusko Jaurlaritzak 5,5 milioi euro gehiago bideratuko ditu 2018an seme-alabak dituzten familiei laguntzeko (Gobernu Bilera 2018-10-23)

2018.eko urriak 23

Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak, gaur, seme-alabak kargura dituzten familientzako laguntza ekonomikoetara bideratutako partida aurten 5.514.200,00 milioi euroan areagotzea onetsi du.

Martxoaren hasieran, Gobernu Kontseiluak onetsi zuen, ordurako, 29.007.850 euroko partida, laguntza horiek finantzatzeko, aurreko urtean baino 1,5 milioi gehiago. Orain, partida hori handitu egin da, eta 34.571.814,00 euro ditu; beraz, oraingoan ere agerian geratu da Gobernuak euskal familia babestu eta horiei laguntzeko egiten duen apustua.

Kreditua handitu egin da, ekainean 2018-2022rako Euskal Autonomia Erkidegoko familiei laguntzeko Erakundeen arteko IV. Plana onetsi ondoren.

‘Familiei laguntzea’ 3. ardatzak, “seme-alabak dituzten familia guztiei gutxieneko baliabide ekonomikoak bermatzeko eta haur-pobrezia prebenitzeko”, 36. jarduketa jaso du, “kargura dagoen seme edo alaba bakoitzeko aldian behingo prestazio ekonomikoen mailakako hobekuntza”. Horretarako, martxoaren 17ko 30/2015 Dekretua (Seme-alabak kargura dituzten familiei laguntzeko laguntza ekonomikoei buruzkoa) aldatu behar da, honako hauetarako:

  • Bigarren semeagatiko edo alabarengatiko laguntzak hirugarren urteroko batera zabaltzeko.
  • Alaba edo seme kontzeptua zabaltzeko eta familia-etxebizitzan bizi diren eta ekonomikoki gurasoen mende dauden 18 eta 25 urtetik beherakoen artekoak ere sartzeko.
  • Adozpio- eta tutoretza-kasuan hasierako eskabideak aurkezteko epea zenbatzen hasteko eguna
  • Adopzioaren, adopzio-elkarbizitzarako babesaren ordezkaritzaren edo tutoretzaren urterokoa jaiotzaren urterokoaren baliokidetzat hartzeko, bai eta mantenurako dagozkion urteroko guztiak ere, adin-muga bakarra 18 urte direla.

Uztailaren 30eko 121/2018 Dekretuak (Seme-alabak kargura dituzten familiei laguntzeko laguntza ekonomikoen Dekretua aldatu duena), pasa den abuztuaren 1ean indarrean sartu zenak, dagoeneko sartzen ditu diru-laguntzen programan Euskal Autonomia Erkidegoko Familiei Laguntzeko IV. Planeko 36. jarduketan jaso diren lau neurri. Hori dela eta, 2018an hura gauzatzeko, 5,5 milioi euroko gastu gehigarria beharko dela kalkulatzen da.

Programak hiru jarduketa-ildo ditu: kargura dagoen seme-alaba bakoitzeko laguntza ekonomikoak, erditzeagatiko edo adopzio nazional anizkoitzagatiko laguntza ekonomikoak eta nazioarteko adopzioagatiko laguntza ekonomikoak.

Kargura dagoen seme edo alaba bakoitzeko laguntzak 400, 500 edo 900 euro dira, familia-unitatearen errenta estandarizatuaren arabera. Zenbateko horiek bikoiztu egingo dira, baldin eta laguntzaren helburu den semeak edo alabak % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna edo mendekotasun-egoera aitortuta badu. Laguntzaren helburu den semeak edo alabak familia-unitatean duen lekuaren araberakoa izango da laguntza. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko