Eu

1,7 milioi inguru gazteentzako beketarako nekazaritzako elikagaien sektorean I+G+B jarduera bultzatzeko (Gobernu Bilera 2018-10-23)

2018.eko urriak 23

Gastronomiaren eta Elikaduraren Plan Estrategikoan jasotzen den moduan (GEPE), berrikuntzaren bitartez Elikaduraren Balio Katea lehiakorrago egiteko beste urrats bat da.

2007an eman ziren lehenengo aldiz beka hauek, eta harrez gero 95 beka finantzatu dira guztira gazte ikertzaileentzat eta 124 gazte teknologoentzat

2019an Prestakuntzan dauden Ikertzaileen Programako gazteentzako hamabi beka (doktoretza aurrekoak) eta nekazaritza eta arrantzaren eta elikagaien euskal sektoreko ingurune zientifiko-teknologikoan eta enpresakoan Teknologoen Prestakuntzarako Programako hamar beka deitzeko Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak eman duen agindua onartu du Eusko Jaurlaritzak bere azken bileran. 2023ra arte, 1.681.013 euroz zuzkituko dira bekak.  2007an eman ziren lehenengo aldiz beka hauek, eta harrez gero 95 beka finantzatu dira ikerketaren arloan aritu diren gazteentzat eta 124 gai teknologikoan jardun duten gazteentzat.

Elikagaien industriako balio kate osoan etorkizuneko profesionalak prestatzen jarraitzeko eta I+G+B jarduera bultzatzeko Eusko Jaurlaritza garatzen ari den politikaren barruan sartzen dira esandako bekak, lehen sektore modernoagoa eta lehiakorragoa lortzeko jarduera estrategikotzat jotzen baita. Hala jasotzen du Gastronomiaren eta Elikaduraren Plan Estrategikoak (GEPE), zeinak exekutibo autonomoaren politikaren ildo nagusietako bat izanik berrikuntzaren bitartez, ezagutza berriak txertatuz eta agente guztien lankidetzaz Elikaduraren Balio Katearen agente guztien lehiakortasuna oro har hobetzea bilatzen baitu, besteak beste.

Era berean, laguntzak estuki loturik daude Eusko Jaurlaritzak XI. Legegintzaldirako finkatutako Herrialdeko Helburuetako batzuekin, hala nola hauekin: langabezia %10etik behera jaistea eta gutxienez 20.000 gaztek lehen lan esperientzia eduki dezatela lortzea.

Espezializazio zientifikoa eta teknikoa

Asmoa da zentro teknologikoetan eta ikerketa zentroetan nagusiki ikerketa jarduerak eta garapen teknologikoko jarduerak egiten arituko diren zientzialarien trebakuntza lortzea, sektorerako interes handienekotzat jotzen diren eta etorkizunari begira proiekzioa daukaten lehentasunezko lerroetan ikerketa taldeak sendotzeko dagoen premiari erantzuten saiatuta. Sektoreko enpresetako teknologoen trebakuntza ere bilatzen da, nagusiki garapen teknologikoko eta enpresa berrikuntzako arloetan.

Laguntzen onuradun diren pertsonak sektorean erreferenteak diren ikerketa zentroetan sartuko dira, hala nola NEIKERen, AZTIn eta LEARTIKERen. Beketako batzuk, halaber, EHUko zentro batzuetan garatuko dira.

Ezaugarriak

Prestatzen ari diren ikertzaileentzako laguntzen kasuan, kontratuaren iraupena urtebetekoa izango da, eta luzatzeko aukera egongo da, urtetik urtera. Hasierako kontratua eta luzapen guztiak batuta, iraupena ezingo da lau urte baino gehiagokoa izan. Prestatzen ari diren teknologoen trebakuntza programarako laguntzei dagokienez, Dekretuak aurreikusten du laguntzak urte baterako izan daitezkeela edo segidako bi urtetarako; halere, kasu honetan laguntza guztiak bi urterako ematen dira.  

Laguntzen zenbatekoei dagokienez, prestatzen ari diren ikertzaileek (doktoretza aurreko bekak) 18.574 euro eskuratuko dituzte lehen eta bigarren urtean, 19.833  euro hirugarren urtean, eta 24.555 euro laugarrenean. Onuradunek, gainera, laguntza osagarri bat edukiko dute. Laguntza osagarri horren zenbatekoa ez da 2.000 eurokoa baino handiagoa izango urteko, eta doktoretza kurtsoetan matrikulazio gastuak ordaintzeko, kongresu zientifikoetara eta lan jardunaldietara joateko, beste ikerketa zentro bazuetan egonaldi laburrak egiteko edo beste kurtso batzuk egiteko erabiliko da, esaterako.

Teknologoen prestakuntzarako laguntzei dagokienez, urtero 13.000 €-z hornituko dira, gehi Gizarte Segurantzako kuotak. Onuradunek, gainera, laguntza osagarri bat edukiko dute. Laguntza osagarri horren zenbatekoa ez da 1.000 €-koa baino handiagoa izango urteko, eta kongresu zientifikoetara eta lan jardunaldietara joateko gastuak ordaintzeko erabiliko da.

Eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa izango da, agindua EHAAn argitaratzen den egunean kontatzen hasita. Eskaerak, berriz, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailaren menpeko Elikagaien Kalitateko eta Industrietako zuzendari helaraziko zaizkio. Eskaera inprimakia http://www.euskadi.eus/ayudas_appa/ webgune helbidetik deskargatu ondoren, paperean bete ahal izango da eta izenpetuta eta zigilatuta bidali.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko