Berriak Osasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzak eta Amancio Ortega fundazioak hiru azeleragailu lineal berri erosteko lankidetza akordioaren bigarren zatia sinatu dute

2018.eko urriak 23

Dagoeneko badaude martxan Gurutzetako eta Basurtuko azeleragailuak eta AUOko mamografoa, hitzarmen honi esker; hitzarmenak 14,7 milioi euro ditu esleituta

Eusko Jaurlaritzak eta Amancio Ortega fundazioak  sinatu dute Osakidetzak gaixotasun onkologikoak diagnostikatzeko eta tratatzeko ekipo berrienak eskuratu ahal izateko lankidetza-akordioaren bigarren zatia. Zehazki, bigarren fase honetan, fundazioak 7,5 milioi euro emango ditu, gutxi gorabehera, hitzartutako kopuruaren erdia, Gurutzetako eta Basurtuko azeleragailuak eta AUOko (Txagorritxu) mamografoa jartzeko. Kopuru honekin 14,7 milioi euro bideratzeko konpromisoa betetetzen da.

Pasa den apirilaren 24an Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Flora Pérez Marcote Amancio Ortega fundazioko presidenteordeak hitzarmen hau sinatu zutenetik, 7 milioi euro baino gehiago bideratu dira euskal osasun publikoaren ekipamendua hobetzera. Gaur arte, dagoeneko martxan jarri dira Gurutzetako eta Basurtuko azeleragailuak eta AUOko mamografo digitala.

2013-2020 Euskadiko Osasun Planaren lehentasunen artean minbizia duten pertsonen arreta jaso da; izan ere, Euskadin heriotza eragiten duen lehen kausa da, heriotza guztien % 30,8 eragiten baitu. Baheketa-programak ezarri eta diagnostikorako eta tratamendurako teknika berriak garatu izanak nabarmen areagotu dituzte prozesu onkologikoetan dauden pertsonen biziraupen-tasak eta bizi-kalitatea, eta euskal Osasun Sailak norabide berean aurrera egiten jarraitu nahi du. Horregatik du hainbesteko garrantzia Amancio Ortega fundazioarekin eginiko lankidetza-akordio honek, nabarmen hobetzen ari baita Euskadin, horren bidez, minbizia duten pertsona guztientzako baliabide diagnostiko eta terapeutikoak.

Oraintsu, Osasun Sailak eta Osakidetzak 2018-2023rako Euskadiko Plan Onkologikoa aurkeztu dute; bertan, arreta onkologikoan jarduteko eremuak zehazten dira, eta pertsona da erdigune, bai prebentzio-arloan, bai asistentzia-arretan. Plana gauzatzeko, azeleragailu lineal berrienak eskuratu behar dira, erradioterapiaren bidezko tratamenduaren beharrei erantzuteko soluzio globala eta integratua izateko, minbiziarekin modalitate terapeutiko nagusietako bat dela aintzat hartuta.

Akordio hau sinatu arte, euskal osasun-sistema publikoak hamar azeleragailu lineal eta brakiterapia-ekipo bat zituen arreta onkologikorako, eta horietako batzuek berritzeko beharra zeukaten. Fundazioarekin adostutako akordioaren bidez, azeleragailuen parke teknologikoaren erdia aldatu ahalko da.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak