Eu

Gobernuak eta Aldundiek aurrera egin dute datuak online trukatzeko ekimenean, herritarren eta beren administrazioen arteko harremana sinplifikatzeko (Gobernu Bilera 2018-10-23)

2018.eko urriak 23

Gobernu Kontseiluak berritu egin du erakundeen artean onlineko harremanean aurrera egin ahal izateko hitzarmena, herritarrek egiten dituzten izapide eta kudeaketak errazteko

Hitzarmenak trukatutako informazioaren benekotasuna, osotasuna, isilpekotasuna, eskuragarritasuna eta kontserbazioa bermatzen ditu.

2018ko lehen seihilekoan bakarrik, administrazio publikoek ia 6 milioi transmisio gurutzatu zituzten online; elkarreragingarritasun horrek, aurten, 65 milioi euro baino gehiagoko aurrezpena ekarriko du, paperaren erabileran 

Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta foru-aldundien arteko lankidetza-hitzarmena, administrazio elektronikoaren esparruko oinarrizko zerbitzuak elkarri emateko eredu berria onetsi du. Dokumentu horren bidez, jauzi kualitatiboa ematen da erakundeen arteko lankidetzan, herritarren eta beren administrazio publikoen arteko harremana erraztu eta sinplifikatzeko.

Hitzarmen berri horren bidez, erakunde publiko guztiak plataformen sare batean sartzen dira; sare horretan, datuak eta informazioa online partekatzen dute, herritarrek administrazio batetik bestera ibili behar ez izateko, beste erakunde batean egon daitekeen paperezko dokumentazioa aurkezten. Horren bidez, paperezko egiaztagiri edo bestelako ziurtagirien ordez, datuen transmisio elektronikoa egiten da, eta, horretarako, trukatutako informazioaren benekotasuna, osotasuna, isilpekotasuna, eskuragarritasuna eta kontserbazioa bermatzen dira.

Horrela, Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru-aldundiek oinarrizko aplikazioak partekatuko dituzte, besteak beste:

  • Euskal Sarea, euskal administrazio publikoen jakinarazpenen sarea
  • IZENPE, sinadura elektroniko aurreratuko zerbitzuak, euskal agentziaren identifikazio, benetakotasun eta sinadura elektronikoaren baliabideak
  • NISAE, Euskadiko administrazioen segurtasunerako eta elkarreragingarritasunerako nodoa (NISAE)
  • Ordainketa Pasabidea; horren bidez, edozein izapide-mota segurtasunez eta erraz ordain daiteke.

65 MILIOI EUROKO AURREZPENA

Euskadi buru da administrazio publikoen arteko onlineko informazioaren trukean; horrela, baliabide publikoen aurrezpen handiak egin ditzake. 2018ko lehen seihilekorako, euskal erakundeek onlineko 5.998.030 transmisio egin zituzten, NISAE nodoaren bidez, 2017. urte osoan antzera. Administrazio publikoen arteko onlineko transmisioen kopurua gora doa, urterik urtera, eta, 2018. urte amaierarako, Eusko Jaurlaritzak paperaren erabileran 65 milioi euro baino gehiago aurreztea aurreikusten du.

Urtea

Transmisio-kopurua

2012

668.958

2013

1.054.014

2014

1.206.325

2015

2.894.123

2016

3.382.627

2017

6.689.050

2018ko urtarrilak 1 - uztailak 31

5.998.030

 

Administrazio publikoek gehien trukatzen dituzten izapideak honako hauekin lotutako dokumentazioa eta informazioak dira, hurrenkera honen arabera:

  • Diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE)
  • Proba libreak hizkuntza-eskola ofizialetan
  • Bekak unibertsitateko ikasketak eta goi-mailako beste ikasketa batzuk egiteko
  • Unibertsitateaz kanpoko ikasleak eskolatzeko laguntzak
  • Etxebizitzaren prestazio osagarria
  • Aitortutako sinadura elektronikoaren egiaztagiria eskuratzea
  • Ikasleak ikastetxe publikoetan eta itundutako ikastetxe pribatuetan onartzea
  • Gizarte-larrialdietako laguntzak
  • Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza-eskola ofizialetan onartu eta matrikula egitea
  • Seme-alabak dituzten familientzako laguntza ekonomikoak

HERRITARRENTZAKO ONURAK

  • Herritarrentzako zerbitzuaren hobekuntza: administrazioen arteko lankidetzaren bidez.
  • Informazioen trukea administrazioetako sistemen artean. Herritarrek, dela batek beste batean aurkezteko emandako dokumentuak aurkezteko, dela administrazio desberdinetan eskabideak eta idatziak izapidetu behar dituztelako, erakundeen artean ibili behar ez izatea lortu nahi da.
  • Izapideen eta administrazio-prozeduren sinplifikazioa. Administrazioekiko izapideetarako edo egiaztagiriak eskatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa murrizten da.
  • Gardentasuna eta erraztasuna: herritarrek ez dute zertan ezagutu administrazioek ematen dituzten zerbitzuen atzean dagoen barne-izapidetzea; orain arte, batzuetan, beharrezkoa zen, zenbait izapide egiteko orduan.

ADMINISTRAZIOENTZAKO ONURAK

  • Eraginkortasunaren hobekuntza: administrazio-jarduketaren eraginkortasuna areagotzen da, lankidetzaren eta elkarlanaren bidez.
  • Kostuen eta espazioen aurrezpena: paperaren ordez dokumentu elektronikoak erabiltzean, murriztu egingo dira paperezko dokumentuek eragiten dituzten kostuak, bai eta horiek biltzeko behar den espazioa ere; gainera, ingurumena zaintzen laguntzen da.
  • Lan-kargaren murrizketa: truke elektronikoa egonez gero, arindu egiten da datuen karga kudeaketa-sistema hartzaileetan.
  • Informazioaren kalitatearen hobekuntza: kudeaketa-sistema hartzaileetan dagoen informazioaren kargan egon daitezkeen hutsak ezabatzen ditu, karga hori automatizatu ahalko da eta.
Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko