Berriak Lehendakaritza
qrcode

Lehendakariak bisita instituzionala egingo du Argentinara eta Txilera, eta “Euskal Aste Nazionalean” parte hartuko du (Gobernu Bilera 2018-10-23)

2018-10-23

Bidaia ofiziala urriaren 31etik azaroaren 6ra bitartean egingo da

“Euskal Aste Nazionala” Argentinako Mar de Plata hirian egingo da

Iñigo Urkullu lehendakaria buru izango duen Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzak Argentina eta Txile bisitatuko ditu urriaren 31etik azaroaren 6ra bitartean. Bidaia ofizial horretan, lehendakariak aukera izango du Euskadi Basque Country nazioartekotze-estrategia kanpoan proiektatzen jarraitzeko eta bi herrialde horiekin lotura instituzionalak, kulturalak eta ekonomikoak estutzeko. Lehendakariak, halaber, aurten Argentinako Mar de Plata hirian egingo den “Euskal Aste Nazionalean” parte hartuko du. Lehendakariak XI. legegintzaldian atzerrira egiten duen zazpigarren irteera izango da. 

Bidaia ofizialean, lehendakariarekin batera izango dira Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, Leyre Madariaga Kanpo harremanetarako zuzendaria eta Gorka Álvarez Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria. Eusko Jaurlaritzak Argentinan eta Txilen dituen ordezkarien babesa ere izango du, Sara Pagola eta Rafa Kutz hurrenez hurren.

Jaurlaritzako ordezkaritzak aukera izango du bilera instituzionalak izateko baita bi herrialdeetan errotuta dauden euskal komunitateei.

Buenos Aires hirian, memoriaren kulturaren alorrean, lehendakariak ESMA (Armadaren Eskola Mekanikoa) Memoriaren Lekua Museoa bisitatuko du. Memoriaren eta giza eskubideen leku horren xedea da diktaduraren biktimak gogoratzea (1976-1983) eta gizartearen aurkako krimenak salatzea.

Azaroaren 2an, lehendakaria buru duen ordezkaritza Mar de Plata hirira joango da, bertan egingo baita “Euskal Aste Nazionala”. Argentinako euskal kolektibitatea osatzen duten pertsona guztien urteko topaketa handia da. Herrialdeko Euskal Etxeak txandaka arduratzen dira topaketa hau antolatzeaz, eta aurten “Denak Bat” Euskal Etxearen txanda da, 75 urte betetzen dituen urtean. Lehendakaria astearen inaugurazioan izango da eta bertan antolatuko diren hainbat jardueratan parte hartuko du.

Azkenik, ordezkaritzak Txilera bidaiatuko du. Bertan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunak protagonismo berezia izango du agendan. Bidaiaren egun horietan, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendari nagusia batuko zaio ordezkaritzari, eta aurreikusi da lehendakariak akordio bat sinatzea Isabel Plá Emakumearen eta Genero Berdintasunaren ministroarekin. Emakundeko zuzendari nagusiak, bestalde, akordioa sinatuko du Familien Fundazioarekin (fundazio hori herrialdeko presidentetzaren fundazio-sarearen parte da).

BASQUE COUNTRY PROIEKTATZEA

Argentina eta Txile lehentasuneko herrialdetzat jo dira Euskadi Basque Country nazioartekotze-estrategian. Egoera ekonomiko larriaren gainetik, Argentinan aspalditik oso handia izan da Euskadiren presentzia soziala, enpresariala eta kulturala. Izatez, Euskal Etxe gehien duen munduko herrialdea da, guztira 84. Txile eta Euskadiren arteko harremanak ere iraganean hasi ziren, eta herrialde horrek ere ondo kokatutako euskal diaspora du. Euskal enpresa ugari dago Txilen, eta Latinoamerikan interes handia pizten duen merkatuetako bat da.

Hau izango da lehendakariak legegintzaldi honetan atzerrira egiten duen zazpigarren irteera. Bisitaldi ofizial hauekin, Eusko Jaurlaritzak, lehendakaria buru dela, Basque Country estrategia kanpoan proiektatzen jarraitu nahi du, eta, horretarako, topaketa instituzionalak, politikoak, ekonomikoak eta kulturalak egingo ditu, eta beste herrialde batzuekin itunak sinatuko ditu. 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko