Eu

GAZTELAN programaren bidez, Sestaoko 134 gazteri enplegua bilatzeko prozesuan lagundu zaie

2018.eko urriak 23
  • Proiektuaren amaieran, 65 parte-hartzaile lan-egoera aktiboan zeuden
  • Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak, Lanbidek eta Sestaoko Udalak sustatuta, Europako Gizarte Funtsarekin batera
  • Coachingeko 2.500 ordu baino gehiago eman dira eta 33 prestakuntza-ekintza, guztira
  • GAZTELAN eskualdeko 400 enpresa baino gehiagorekin jarri da harremanetan, gazte horiei aukera bat emateko

 

Sestao, 2018 10 23.

Gaztelan Sestaon gazteen enplegua sustatzeko programaren bidez –udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Lanbidek sustatzen dute–, enplegurako prestakuntza-ikastaroetako 65 parte-hartzaile lan-egoera aktiboan daude. Gaur arratsaldean Beatriz Artolazabalek eta Iosu Bergara alkateak esan bezala, 134 parte-hartzaileetatik 78 (% 58) gizonezkoak izan dira eta 56 (% 42) emakumeak.

 

“Helburua izan da lan egiten eta ikasten ez zuten 120 pertsonari laguntzea, eta erronka lortu da; izan ere, GAZTELAN SESTAOk 134 parte-hartzaile izan ditu, aktibo izan den urtean; horietatik, 65 lan-egoera aktiboan zeuden, programa amaitzean”, esan du Iosu Bergara alkateak.

 

Ekimenean parte hartu dutenetatik, 59k 26 eta 30 urte bitartean zituen, 52k 21 eta 25 urte bitartean eta 25ek 16 eta 20 urte bitartean. Parte-hartzaileen hezkuntza-maila dela eta, 46k Lehen Hezkuntza edo Bigarren Hezkuntza zuten, 22k Lanbide Heziketako erdi-mailako gradua, 13k Lanbide Heziketako goi-mailako gradua, 19k unibertsitate-ikasketak, 17k lanbidea ikasi dute Lanbide Hastapeneko Zentroan, 8k lanbide-ziurtagiria zuten eta 8k ez zuten ikasketarik.

 

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua eta Josu Bergara Sestaoko alkatea, gaur arratsaldean, GAZTELAN SESTAO programaren amaierako ekitaldian izan dira; bertan, diplomak banatu zaizkie programan parte hartu duten pertsonei eta proiektuaren amaierako emaitzak aurkeztu dituzte.

 

GAZTELAN SESTAO gazteen enplegua bultzatzeko programa integrala da; Europako Gizarte Funtsaren laguntza ekonomikoari esker jarri zen abian, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren bidez, eta Europako Gizarte Funtsak Euskadirako onetsi duen 2014-2020rako Euskadiko gazte-enpleguaren programa operatiboan sartzen da.

 

Ekimena 2017ko urrian hasi zen, eta aurtengo irailean amaitu. Programaren eginkizun nagusia 16 eta 30 urte bitarteko Sestaoko gazteei, enplegua bilatzeko prozesuan, aholkularitza, informazioa eta laguntza eskaintzea izan da, parte-hartzaile bakoitzaren beharrak eta gabeziak aintzat hartuta.

 

33 restakuntza-ekintza

GAZTELAN SESTAO abian izan den urtean, zenbait ekintza garatu dira, parte-hartzaileen enplegagarritasuna hobetzeko. Horrela, coachingeko 2.500 ordu baino gehiago eman dira eta 33 prestakuntza-ekintza, lan-merkatura jotzeko dituzten aukerak hobetzeko.

 

GAZTELANeko taldeakeskualdeko 400 enpresa baino gehiagorekin jarri da harremanetan, proiektuan inplikarazteko eta gazte horiei aukera bat eskaintzea lortzeko; 12k konpromisoa hartu dute.

 

Programa amaitzean, 65 pertsona lan-egoera aktiboan daude, eta, horietatik, bostek laneratzea lortu dute, Behargintzak Lanbideren laguntzarekin kontratatzeko abian jarri duen laguntza-programa bati esker. Horiez gainera, beste 12 pertsonak lanbide-praktikak egin dituzte enpresetan eta, horrela, beren esperientzia hobetu dute; hori oso lagungarri izango zaie, zalantzarik gabe, beste enplegu batera jotzeko.

 

Josu Bergarak zera esan du: “enplegua eta prestakuntza funtsezko oinarri dira Sestaoko Udalaren kudeaketan, eta GAZTELAN SESTAO langabezia-egoeran dauden eta lan-merkatura sartzeko laguntza txikia behar duten pertsonekin dugun konpromiso irmoaren beste adierazgarri bat da”.

 

Enpresa berriak

Alkatea parte-hartzaileei zuzendu zaie, animatzeko eta Udala udalerrira enpresa berriak etortzea lortzeko lanean ari dela gogorarazteko. “Albiste onak egongo dira, eta enplegu-aukera berriak iragarriko ditugu Sestaoko herritarrentzat. Espero dut, benetan, aprobetxatu ahal izatea”.

 

Bestalde, Beatriz Artolazabal sailburuak zera nabarmendu du: “Auzolanen euskal espirituaren, lanaren eta konpromiso partekatuaren emaitza da”, izan ere, honako hauen arteko lankidetzaren ondorio da: udala, Eusko Jaurlaritza eta Europako Gizarte Funtsa. Artolazabalek “familia askok La Navalen prozesua dela eta bizi duten” egoera aipatu du, eta esan du “gure euskal herritarren ongizatea eragile publiko eta pribatuen artean elkarlanean jarduteko dugun gaitasunaren araberakoa” izango dela eta proiektu hori horren adierazgarri dela.

 

Gainera, Artolazabal sailburuak zera esan du: “Sestaon jarraitzen dugu enplegua sortuko duten eta egoera txarrenean daudenen enplegagarritasunari atea irekiko dioten ekimenak sustatzen.  Etengabeko prestakuntza ezinbestekoa da”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Iosu Bergara