Berriak Lehendakaritza
qrcode

Berdintasunarekin hartua duten konpromisoan aurrerapauso gehiago eskatu dizkie Lehendakariak euskal gizonei

2018-10-23
  • Deialdi bat egin du Berdintasunaren aldeko eta Emakumeenganako indarkeriaren kontrako Euskal Gizonen Eskutitza sinatu zeneko hamargarren urteurrenean
  • “Gizonok esan eta Egin” kanpaina aurkeztu da ekitaldian, gizonek hartuak dituzten konpromiso zehatzak erakusteko aplikazio informatiko batean oinarritua
  • Hamar urteotan Emakunderen Gizonduz programa erreferente bilakatu da baita EAEtik kanpo ere gizonekin egindako lanari dagokionez

Emakunderen Gizonduz ekimenaren esparruan, Berdintasunaren aldeko eta Emakumeenganako Indarkeriaren kontrako Euskal Gizonen Eskutitza sinatu zeneko hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldia egin da gaur arratsaldean Lehendakaritzaren egoitzan. Ekitaldian Iñigo Urkullu Lehendakariak dei egin die euskal gizonei, eremu publikoan erantzukizunak dituztenei bereziki, emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde aurrerapauso gehiago emateko eta beste gizon batzuentzat eredu bihurtzeko.

Hala, Lehendakariak azpimarratu duenez, gizonen partaidetza eta konpromisoa funtsezkoak dira gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortze aldera. Horren haritik, bi eremu aipatu ditu Lehendakariak: erantzunkidetasuna etxeko lanetan eta pertsonen zaintzan; eta, bestetik, emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioa. Gainera, bere jardunean, duela gutxi hartu dituzten neurrietako batzuk aipatu ditu: Haur-eskolak dohainik izatea errenta baxuenentzat; bi gurasoentzako baimenak berdinak eta transferiezinak izatea; eta araugintzako proposamena, emakumeenganako indarkeriaren aurrean prebentzioa eta erantzun instituzionala indartzeko.

Ekitaldiak balio izan du, batetik, Emakunderen Gizonduz ekimenak egin duen ibilbidea errepasatzeko, kontuan izanik bere bitartez 10.000 euskal gizon baino gehiago atxiki zaizkiola Berdintasunaren aldeko eta Emakumeenganako indarkeriaren kontrako Euskal Gizonen Eskutitzari; 7.000 gizon baino gehiagok jaso dute prestakuntza berdintasunean, ekimenak eskainitako ikastaroetan; eta 30.000 aitek baino gehiagok Gizonduz motxila jaso dute, berdintasunean oinarritutako gurasotasunaren aldeko sentsibilizazio-materialarekin, beste ekintza batzuen artean. Ekitaldian, gainera, “Gizonok Esan eta Egin” kanpaina aurkeztu da; kanpaina horren bitartez jarraitasuna eman nahi zaio orain arte egindako lanari, eta euskal gizonei eskatzen zaie ekintza zehatz batzuk berenganatzeko, eremu desberdinetan berdintasunarekin hartua duten konpromisoa areagotzearren: erantzunkidetasuna, zaintza, indarkeria matxista errotik erauztea, berdintasunaren aldeko ideiak hedatzea, edo mezu eta jokabide matxistak salatzea. Horretarako, aplikazio informatiko bat sortu da, pauso gutxi batzuetan haien konpromisoak aukeratzeko lagungarri izango zaiena.

Hau da aplikazioan sartzeko helbidea:

http://www.emakunde.euskadi.eus/esanetaegin/

Aplikazio horrek, lehenik, haien portaera aztertuko du eta, aldi berean, hainbat konpromisoren artean hautatzeko aukera emango die, baita konpromiso horiek praktikara eramateko baliabideak ere.

Kanpaina honekin, Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak adierazi duenez, “gizonen inplikazio handiagoa bultzatu nahi dugu eta, aldi berean, inplikazio horri gizartean ikusgarritasun handiagoa eman”. Landaidak eskertu egin du bere garaian Gizonduz ekimena bultzatu zuten pertsona guztiek egindako lana eta gogora ekarri duenez “funtsezkoa da gero eta gehiago izatea prest dauden gizonak maskulinotasunaren eredu tradizionala zalantzan jartzeko, sistema patriarkalak eman ahalko dizkien pribilegioei uko egiteko, gaizki ulertutako maskulinotasunaren kargatik askatzeko eta, emakumeekin batera, pertsona libre eta osoagoez osatutako gizarte berri hori lortzen konpromiso aktibo bat hartzeko”.

Gizonduz ekimena berritzailea izan zen bere garaian, lan-lerro bat planteatu baitzuen gizonak beharrezko osagarritzat hartuta emakumeak ahalduntzeko lanean. Eta, izan ere, erreferente bat da orain gizonekin egindako lanean, baita EAEtik kanpo ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)