Eu

Beatriz Artolazabal: “Euskadi Europako abangoardian, elkartasunaren eta gizarte-kohesioaren arloetan”

2018.eko urriak 22

 

 

  • 2018-2020rako herritartasunaren, kulturartekotasunaren eta immigrazioaren arloan Jarduteko V. Plana
  • Plana garatzeko –2018, 2019 eta 2020 ekitaldiak–, 13 milioi euro baino gehiago aurreikusi dira
  • Segimendua egiteko urteko ebaluazioak aurreikusi dira, “Herritar Etorkinen Integraziorako eta Gizarte Partaidetzarako Foroa”ren bidez.

 

VG 2018 X 22

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur goizean, Eusko Legebiltzarrean, zera esan du: “2018-2020rako herritartasunaren, kulturartekotasunaren eta immigrazioaren arloan Jarduteko V. Planaren bidez, Euskadik gizarteko kolektibo ahulenekiko elkartasuna eta gizarte-kohesioa sustatzen ditu eta, horrela, pertsona eta kultura guztien aniztasuna errespetatu eta gizarte-elkarreragin positiboko testuingurua sustatzen du eta Europako abangoardian kokatzen da, elkartasunaren eta gizarte-kohesioaren arloetan”.

 

Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordearekin eta Ernesto Sainz Lanchares Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendariarekin batera, Artolazabal sailburuak Legebiltzar Batzordean 2018-2020rako herritartasunaren, kulturartekotasunaren eta immigrazioaren arloan Jarduteko V. Plana aurkeztu du.

 

Hamarkada gutxitan, Euskadi historikoki herrialde pobrea eta emigrantea izatetik, modernoa, aberatsagoa, plurala eta kohesionatua izatera igaro da. Zorionez, hala izaten jarraituko duela esan liteke, behintzat epe laburrera eta ertainera; eta horrek adierazi behar digu atzerriko immigrazioa ohikoa dela, Europa osoan bezala”, esan du Artolazabalek.

 

Artolazabalen hitzen arabera, “kultura-aniztasuna gero eta handiagoa da eta, fenomenoa koiunturala barik, etorkizuneko euskal gizartea eta kulturetara zabalik dagoen eta pertsonak errespetatzekoa den jarrera zehaztuko duten egitura-gakoetako bat da. Kultura-aniztasun hori aintzat hartuta, Euskadi herrialde kohesionatuagoa eta Europa barruan eta munduan etorkizuneko proiekzio handiagokoa da".

 

Ziklo demografikoa

“Euskadi ziklo demografiko berrian sartu da, Europar Batasuneko alde esanguratsu bat bezala, baina jaiotza-tasa txikiagoa du eta pasa den mendearen amaiera arte familia-politikarik ez zen egon historian. Familia eta Haurrei Laguntzeko Erakundeen arteko IV. Plana abian da eta gaian aurretik izan direnen jarraipena da; izan ere, Familia eta Haurren aldeko Euskal Itunak jaso dituen oinarrizko jardun-ildoen zehaztapena eta garapena dakar. Euskadik, halaber, migrazio-fluxu horiek behar ditu, erronka demografikoari aurre egiteko”, esan du Artolazabalek Euskal Ganberan.

 

Sailburuaren iritziz, “gure etorkizuneko benetako erronka gizartea eratzen duten pertsona guztiei, beren jatorria gorabehera, eskubideak eta betebeharrak bermatzen eta exijitzen dizkien gizartea eraikitzeko dugun gaitasunean oinarritzen da. Planak kudeatzen duen gizarte- eta egitura-fenomenoak Euskadiko eta Europako gizartearen bilakaera zehaztuko du, eta gure erkidegoaren aniztasuna du gogoan:  eskubideak eta betebeharrak, tratu-berdintasuna eta bazterketarik eza, kultura-aniztasunarekiko errespetua, kulturen arteko elkarbizitza, inklusioa, integrazioa eta gizarte-kohesioa”.

 

“Immigrazioa oraineko eta etorkizuneko errealitatea da, gizarte globalizatuan.  Euskadira etengabe iritsi da eta iritsiko da.

Erroldaren behin-behineko datuen arabera, 2018ko urtarrilaren 1ean, gure herrialdean bizi ziren atzerriko biztanleen kopurua areagotu egin da, eta 9.586 pertsona dira.

Horrek esan nahi du guztira 206.175 pertsona direla, gure herrialdean bizi den biztanleria osoaren % 9,4. Araban dago atzerriko jatorria duten biztanleen ehuneko handiena (% 11,3), gero Gipuzkoan (% 9,5) eta, ondoren, Bizkaian (% 8,8)”, esan du Beatriz Artolazabalek.

 

Plana diseinatzeko, Artolazabalek elkarlana nabarmendu du”; izan ere, 40 elkarrizketa pertsonal baino gehiago egin dira: baita ganbera honetako talde legebiltzarkideekin ere; taldeko hamabi bilera “Herritar Etorkinen Integraziorako eta Gizarte Partaidetzarako Foroa”n eta, gainera, hamabi kontraste-bilera Eusko Jaurlaritzako zortzi sailekin, hiru foru-aldundiekin eta Eudelekin”.

 

  1. Plan honen misioa honako hau da: tresna bilakatzea, kulturartekotasunaren eta immigrazioaren gaia euskal politikaren erdigune izateko, herrialdearen oraina eta etorkizuna proiektatzeko.

 

Printzipioak

Planaren printzipio bereziak honako hauek dira:  berdintasuna, giza eskubideak eta diskriminaziorik eza; elkarreragina, kulturartekotasunaren hiri-pedagogiarekin; gizarte-kohesioa eta elkartasuna hezkuntzaren, osasunaren eta oinarrizko gizarte-prestazioen unibertsaltasunerako.

 

“Egungo immigrazioan familiak eta zerbitzuen sektoreak behar dute eskulan hori, eta, hori dela eta, emakume gehiago iristen dira eta horiek, aldi berean, beste emakume batzuk erreklamatzen dituzte, eta, gero, beren familietan batzen dituzte. Egungo euskal eredua fluxuen feminizazio erlatiboan oinarritzen da. Nagusiki emakume latinoamerikarrean oinarritzen da. Adibide oso grafikoa izan da, oraintsu, Nikaraguako jatorriko immigrazioa; hamar pertsonatik bederatzi emakumeak ziren”, esan du Artolazabalek.

 

Planak estrategia-, antolakuntza- eta programa-neurri batzuk jaso ditu hezkuntzaren, enpleguaren eta prestakuntzaren, elkarbizitzaren, osasunaren, etxebizitzaren eta zuzenbidearen eremuetan. Horretarako, zenbait ekintza garatzen ditu –26 neurri– eta bereziki ahulak diren, bazterketa-arrisku handiagoan edo bazterketa jasateko aukera handiagoa duten kolektibo bereziei bideratutako jardun-eremu berezian batzen ditu.

 

Plana garatzeko –2018, 2019 eta 2020 ekitaldiak–, 13 milioi euro baino gehiago aurreikusi dira, eta, segimendua egiteko, urteko ebaluazioak aurreikusi dira, “Euskadiko Herritar Etorkinen Integraziorako eta Gizarte Partaidetzarako Foroa”ren batzordeen bidez.

 

Migraziorako ituna

“Euskadin, Eusko Jaurlaritza legezko immigrazioa sustatzeko  ari da lanean,

errefuxiatuei erantzun egokia eman ahal izateko, migratzaileak arautu gabe iristen direnean elkartasunez eta onberatasunez erantzuteko beharrezko baliabideak antolatzeko, migratzaileei arreta eta integrazioa emateko erantzunak koordinatu eta hobetzeko, arreta berezia eskainita bidaiderik gabeko adingabe eta gazte atzerritarrei, eta Migraziorako Euskal Gizarte Ituna sustatzeko”, esan du Artolazabalek.

 

Gizarte-itun horren helburua pertsona guztiak elkartasunean eta erantzunkidetasunean oinarritzen den harrera- eta integrazio-pedagogiaren alde jartzea da. .

 

Artolazabalek gogorarazi du Migraziorako Euskal Gizarte Itunafuntsezko tresna dela elkarbizitza hobetzeko, aniztasunean berdintasuna sustatzeko, gizarte-diskriminazioaren eta -bazterketaren aurka borrokatzeko eta gure gizarte-eredua babesteko. Hori guztia, erakunde- eta gizarte-xenofobia moduak antzematen diren Europako testuinguruan”.

 

Adibidea

“Pasa den udan, oraindik egunotan ikusten ditugu, Euskadin penintsulako hegoaldetik Europako iparraldera zihoazen iragaitzazko migratzaileen joanak eragindako egoera bizi izan genuen. Eusko Jaurlaritzak, gainerako euskal erakundeekin batera eta zenbait erakunderen laguntzaren bidez, besteak beste Euskadiko Gurutze Gorriaren laguntzaren bidez, erantzun arina eta humanitarioa eskaintzen du, pertsona horiei elkartasunez arreta emateko. Arreta-eredu hori eta ekimena beste autonomia-erkidego batzuek eta Europar Batasuneko erakundeek beraiek ere goresten dute”, esan du Artolazabal sailburuak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak