Eu

Emilio Sola: “Nahasmendu mental larriak dituzten pertsonak ez dira gainerakoak baino bortitzagoak; biktima izaten dira, eta ez erasotzaile”

2018.eko urriak 22
  • Agifesen “Depresioa eta estigma” jardunaldien irekiera, Donostia / San Sebastiango udaletxean
  • Gizarte Politiketako zuzendariaren hitzen arabera, “depresio unipolarra, depresio-kausetako bat baino ez, 2020an desgaitasuneko bigarren kausa izango da”
  • “Gaixotasunak mespretxu, irain eta indarkeriaren arrazoi bihurtzen ditu; egoera hori ez da beste patologia batzuetan gertatzen”

DSS 22 10 2018

Emilio Sola Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren Gizarte Zerbitzuetako zuzendariak, gaur goizean, Agifesen “Depresioa eta estigma” jardunaldien irekieran, Donostia / San Sebastiango udaletxean, zera azaldu du: “ebidentzia zientifikoak dio nahasmendu mental larriak dituzten pertsonak ez direla gainerakoak baino bortitzagoak; biktima izaten dira eta ez erasotzaileak”. “Gaixotasunak mespretxu, irain eta indarkeriaren arrazoi bihurtzen ditu; egoera hori ez da beste patologia batzuetan gertatzen”.

Solaren hitzen arabera: “gizarte-estigmak oso eragin negatiboa du gaixotasun mentala duten pertsonen ongizate emozionalean; izan ere, erruduntasuneko eta sufrimendu handiko sentimenduak eragiten dizkie. Halaber, pertsona arteko harremanak eraginpean egoten dira eta, askotan, gaixotasuna ezkutatzen dute, bazter ditzaten beldur baitira, eta horrek isolamendua eta nahi ez duten bakardadea eragiten die”.

 

Agifesek jardunaldiak eta argazki-erakusketa antolatu ditu, depresioaren estigmaren inguruan kontzientziatzeko. “Depresioa eta Estigma” topaketa Donostiako udaletxean izango da, asteazkenean, urriaren 24an, 18:00etatik 20:30era. Argazki-erakusketaren izenburua honako hau da: “Ispiluaz beste aldera. Depresioari aurre eginez”. Gipuzkoako Argazkilari Elkartean egongo da ikusgai, urriaren 27ra arte, eta Pedromari Modregoren argazki-lana eta gaixotasun horrekin izandako harremana erakusten ditu.

Aurkezpenean, Aitziber San Román zinegotziak, Txaro Rodrigo Gipuzkoako Aldundiko Mendekotasunari Arreta emateko zuzendari nagusiak, Ruth Encinas Agifeseko kudeatzaileak eta Pedro María Modrego erakusketako egileak parte hartu dute. Bihar, asteartean, Imanol Querejeta Donostiako Ospitaleko Psikiatriako buruak hitzaldia emango du (‘Estigma, depresión y sanación’) eta Miguel Marín anestesiologoak eta Quirón Ospitaleko Min Unitateko zuzendariak patologia hori jasaten duten pertsonen minaz eta sufrimenduaz hitz egingo du.

“Zorionez, komunikabide gehienak sentikorrak dira herritarren arazo psikosozialekin. Hori dela eta, gaur, estigma gainditzen laguntzeko eta, kasu zehatz honetan, depresioaz taburik gabe eta zuzen hitz egiteko betetzen duten eginkizunaren garrantzia nabarmendu nahi dut; izan ere, gizarteari gaixotasun mentalaren eta hura jasaten duten pertsonen irudi erreala transmititzen diote”, esan du Solak.

Solaren hitzen arabera, “Eusko Jaurlaritza, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila eta Osasun Saila koordinatuta ari gara foru-aldundi eta udalekin lanean, 2017-2020rako Arreta Soziosanitarioaren Lehentasun Estrategikoak garatzen; bertan, gaixotasun mental larria duten pertsonak eta beren familiartekoak lehen mailako xede-kolektibo dira”.

Estigmari aurre egitea

“Gaixotasun mentalari, oro har, eta depresioari, bereziki, lotutako estigmari aurre egitea gure gizarte osoaren erantzukizuna eta eginkizuna da: gaixotasun mentala duten pertsonena, beren familiena, haiei laguntza ematen dieten profesionalena, elkarte-mugimenduarena, osasun-sistemarena, gizarte-zerbitzuena, toki-erakundeena, enpleguaren eremuarena, hezkuntza-sistemarena, komunikabideena, kultura eta justiziarena… Gizartearena, oro har. Gure eginkizuna ezjakintasunaren eta aurreiritziaren aurka borrokatzea da”, esan du Solak.

“Garrantzitsua da horrelako ekintzak egotea, gizartea kontziente izan eta, behingoz, horren inguruan arinkeriaz jarduteari uzteko; izan ere, gaia hain da serioa, OMEren datuen arabera depresio unipolarra, depresio-kausetako bat baino ez, 2020an bigarren desgaitasun-kausa izango baita”, esan du Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuetako zuzendariak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Aitziber San Román, María del Rosario Rodrígo