Eu

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Zineuskadik Noka Mentoring aurkeztu dute, euskal emakume zinegileen pisua eta ikusgaitasuna indartuko duen formazio eta laguntza programa berri bat

2018.eko urriak 22
  • Proposamen honen bidez, hiru zinema-proiektu hautatuko dira eta, urtebetez, prestigiodun 12 mentoreen laguntza eta aholkua izango dute

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Zineuskadik Noka Mentoring aurkeztu dute gaur, euskal emakume zinegileen pisua eta ikusgaitasuna ikus-entzunezko sektorean indartu nahi duen formazio eta laguntza programa berri bat. Ekimen honen bidez, egun dauden "kristalezko sabaiak” apurtu nahi dira eta emakumeei laguntza eskaini nahi zaie zinema-proiektuen garapenaren beren lehen esperientzietan. Xede hori lortzeko, mentoring eta laguntza pertsonalizatu programa berri bat jarriko da abian, zeinen bitartez hiru zinema-proiektu hautatuko diren, hirurak luzemetraiak, eta urtebetez, 12 mentoreen bidez, formazioa eta aholkua eskainiko zaien. Babes hori eskainiko duten mentoreak nazioarteko zinemagintza industriatik aukeratuak izango dira, euren prestigioa eta ibilbideagatik.

Ekimen honen aurkezpena gaur goizean egin da, Azkuna Zentroan, Zinemakumeak Gara! emakumeek zuzendutako zinema topaketaren barruan. Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Joxean Muñoz, Zinemaldiko zuzendariorde Maialen Beloki eta, hirugarrenik, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendari eta Zineuskadiko buru Aitziber Atorrasagasti izan dira programa berriaren nondik norakoak azaltzeko arduradunak. “Emakumeen presentzia ikus-entzunezkoaren sektorean gizonezkoaren azpitik dago, era argian gainera. Hori horrela izanda, programa hau beren beregi sortu da emakume zinegileen jarduna sustatzeko. Elkartzeko gune irekiak eskaini nahi ditugu zinegile ekintzaile berriek ibilbide azpimarragarria duten mentoreengandik ikas dezaten, beren formazioa, ezagutza, esperientzia eta kontaktu-sarea hobetuz. Haien ikusgarritasuna sustatu nahi dugu, bai eta beren pisua sektorean ere”, azaldu du Muñozek.

Deialdia irekirik, gaurtik aurrera

Mentoring eta laguntza programa hau hastear dago eta gaur bertan ireki da proiektuak aurkezteko epea. Deialdia abenduaren 14an itxiko da, eta interesatuek noka@zineuskadi.eu helbidera zuzendu beharko dituzte beren eskaerak (deialdiaren xehetasunak eta bidali beharreko materiala Zineuskadiren webgunean kontsulta daiteke, gaurtik aurrera).

Luzemetraiak egiteko zinema-proiektuak dituzten Euskadiko emakume zinegile guztiek eman dezakete izena Noka Mentoringen, proiektuak fikziokoak, animaziokoak edo dokumentalak izan daitezkeelarik. Proiektuak hautatuko dituen batzordeko kideak honako hauek izango dira: Maialen Beloki (Donostia Zinemaldia), Pau Guillén (Zinegoak) eta konfirmatu behar den hirugarren pertsona bat, bai eta Zineuskadiko Jara Ayucar ere. Batzorde honek hiru proiektu hautatuko ditu, istorioen originaltasuna, sortzaileen talentua edota proposamenaren nazioartekotzeko ahalmen komertziala kontuan hartuz.

Programa berria

Mentoring programa hau urtebetez luzatuko da, 2019ko urtarriletik abendura arte. 12 mentoreak nazioarteko zinemagintza industriaren barruan hautatuak izaten ari dira, eta Aitziber Atorrasagastik lehenengo izenak baieztatu ditu gaur: “Anahí Berneri zuzendari eta ekoizle argentinarra, Itziar García Zubiri ekoizlea (Arena Comunicación) edota Punto de Vista Jaialdiko zuzendari Garbiñe Ortega izango dira zinegile berriak lagunduko dituzten mentoreetako batzuk”.

Hautapen Batzordearen zeregina izango da mentore bakoitzari dagozkion proiektuak ezartzea, horiek zinegileen interes eta helburuen arabera erabakiz. Hori lortze aldera, lehenengo harreman bat bideratuko da antzeko mentoring proiektuetan eskarmentua duten profesionalekin, ‘lan-poltsa’ bat osatzeko asmoz.

Gaurko aurkezpenean adierazi dutenez, programaren gakoetako bat partaideen eta mentoreen arteko harremana izango da, lan ona egiteko oinarria konfiantza eta elkarrizketa egokia lortzea izango baita. Hartara, parte hartzen duten zinegileen sormen-bilakaera eta garapen profesionala lortu nahi da. Mentoreen eginkizuna izango da, baita ere, hautatuko zinegileekin bilerak lotzea hiru hilabeterik behin, horietan esperientziak eta aholkuak partekatzeko. Sortuko diren taldeen esku egongo da saio horien funtzionamendua, baina derrigorrez jorratu beharko dira programaren oinarrizko gaiak eta landu beharko dituzte proiektuak nazioarteko ikus-entzunezko merkatuetan aurkezteko tresnak.

Partaideek mentoreekin Skype bidezko saio bat egiteko aukera izango dute hiru asterik behin (banakako elkarrizketaren ostean), eta horietan beren lanaren helburuak eta metodologiak ezarriko dira. Horrez gain, jarraipen/aholku lau jardunaldi jarraian jasotzeko eskubidea izango dute, hiruhileko bakoitzean eta Tabakaleran. Tutoretza aste hori baino lehenago, hautatutako zinegileek txosten bat emango diete mentoreei, zeinetan lanaren bilakaera eta helburuak zehaztuko diren.

Mentoreek bete beharreko funtzioen artean honako hauek daude: parte-hartzaileen zalantzak eta zailtasunak ezagutzea; praktika emango den lekuan bisita egitea (Tabakalera); euren garapen- plangintzarekiko ikuspegi berriak lantzeko aholkatzea; antolakuntzan zein maila teknikoan izan ditzaketen oztopoei aurre egiten laguntzea; ikasteko bide berriak frogatzen ausartzea; edo duten kontaktu-sarearen zabalkundea sustatzea.

Beste jarduera batzuk

Programa honen barruan jarduera paraleloak ere antolatuko dira (masterclass, brunch bat zinegileekin, mahai-inguruak, solasaldiak, etab), nazioarteko ikus-entzunezko industriaren oraina eta etorkizuna lantzeko elkargune ezberdinak sortzeko eta euskal zinema industriaren egitura indartzeko asmoz.

Zinegileak Euskadin

Era horretan, programak Euskadiko emakume zinegileen lana sendotu nahi du; izan ere, Joxean Muñoz sailburuordeak adierazi duenez, 2016an Kultura Behatokiak emakumeak sektorean duen pisuaren inguruan plazaratu zituen datuak ezagutu ondoren sortu zen. Azterlan horrek jaso zuenez, formazio espezializatuan matrikulatzen direnen % 60 emakumeak badira ere, zuzendarien % 30 baino ez dira emakumeak eta, bestetik, zinema-gidoiak lantzeko Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzetara aurkezten diren profesionalen % 19,7 baino ez dira emakumeak. Halaber, emakumeak ikus-entzunezko enpresetako profesionalen % 40,5 badira ere, ardura handiko lanpostuetan % 25 baino ez dira. Egoera honen ondorioz, zinema da ardura handiko postuetan emakume gutxien dituen sektorea kulturaren munduan. Azkenik, lanpostu artistikoen % 36,1 baino ez dituzte betetzen emakumeek.

Zineuskadiren lana eta ekarpena ezinbestekoa izan da proiektua abian jartzeko. Zineuskadi euskal sektorea sustatzeko sortutako elkarte bat da eta honakoak dira bere barazkideak: Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Euskal Irrati Telebista, Donostia Zinemaldia, Euskadikol Filmategia eta Euskadiko ekoizle elkarteak: IBAIA eta EPE-APV.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak