Berriak Lehendakaritza
Eu

Euskadiren balorazioa positiboa Eskualde eta Hirien Europar Astean izandako parte-hartzeaz, erantzun berritzaileak eskaini baititu europar agendak ezarritako desafioetarako

2018.eko urriak 19

     Euskadiren parte-hartze aktibo eta sendotuarekin, Europar Batasuneko instituzioek koordinatuta eta gidatuta, urriaren 8tik 11ra bitartean Bruselak hartu zuen Eskualde eta Hirien Europar Astea / European Week of Regions and Cities 2018. Europar Astea eztabaidarako eta jardunbide egokien trukerako urteko hitzordua da, eta baita europar agendak ezartzen dituen desafioei eskualde eta hiriek ematen dieten erantzunetarako hitzordua ere.

   Euskadik, hamalaugarren urtez jarraian, eta Euskadiren EBko Ordezkaritzaren lankidetza estuarekin, zenbait eztabaida eta ekimenetan parte hartu du edo horien koordinatzailea izan da, Europako beste hiri, eskualde, sare eta instituzio batzuekin batera. Europar Astea beste aukera bat da bere ahotsa helarazteko eta europar agendari eta erronka politiko nagusiei bere ekarpena egiteko, eskualde eta hiri mailako ikuspegitik, Europako etorkizuna itxuratzeko. Modu proaktiboan parte hartu dute bai Eusko Jaurlaritzak eta bai Gipuzkoako Aldundiak, Bilboko Udalak eta beste eragile batzuek.

Euskadik egun hauetan aurkeztutako gaien artean, aipatzekoak dira hiriek eta eskualdeek europar agendan jokatzen duten rola; desafio globalei emandako erantzun berritzaileak, parte-hartzaileak eta hiri mailakoak; Espezializazio Adimendunaren Estrategia; eskualdeko berrikuntza eta garapena; edo, beste alde batetik, industria kultural eta sortzaileen eta ondare kulturalaren potentziala eskualde-garapenean; eta euskal LHren eredua eta hezkuntza esparru eleaniztuna.

    Eusko Jaurlaritzak modu positiboan baloratu du, aurten ere, Eskualde eta Hirien Europar Astean izan duen parte-hartzea. Europar Astea europar instituzioek antolatutako ekimen  bat da: Europako eskualde eta hirietako jardunbideak eztabaidatzeko eta trukatzeko urteko hitzordua da, hazkundea, enpleguaren sorrera eta lehiakortasuna lortzeari begira. 6.000 pertsona inguru etortzen dira Bruselara, 2003az geroztik europar instantziek antolatu dituzten jardueretan -150 baino gehiago- parte hartzera.

 

Euskadiren erantzun berritzaileak europar agendak ezarritako desafioei

    Espezializazio Adimenduaren Estrategiaren ildotik, Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkari Marta Marínek parte hartu zuen, urriaren 9an, Europar Batasunak eta europar eskualde eta plataformek koordinatzen duten Cohesion policy boosting regional industrial transition basen on Ris 3” izeneko ekitaldian. Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak 2020rako ZTBP/Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren plangintza estrategikoaren eta gobernantza-sistemaren gakoak aurkeztu zituen; horrekin batera, azaldu zuen nola sostengatu beharko lukeen EBren etorkizuneko kohesio-politikak prozesu horien nazioartekotzea

   Beste alde batetik, Gipuzkoako Aldundiak Etorkizuna Eraikiz ekimenari buruzko kontraste-jardunaldi bat antolatu zuen Eusko Jaurlaritzaren Bruselako egoitzan, nazioarteko adituen eta europar instituzioetako ordezkarien parte-hartzearekin. Gobernantza eta Gizartearekin Komunikazio diputatu Imanol Lasak Etorkizuna Eraikiz eta think tankaren aurrerapen maila aurkeztu zuen, gobernantza ireki eta kolaboratiboaren eredu gisa. Ekimen horri esker, Europako instituzio eta sareen ekarpen berriak jaso ahal izan ziren, eta horrek sakondu egin zuen aurretik irekita zegoen lankidetza. Helburua da ezagutza, talentua eta sostengu ekonomikoa erakartzea Gipuzkoako apustu estrategikoetara eta erreferentziazko zentroetara.

   Bilbo Bikaintasun Hiri gisa kokatuz, Bilbo Udalak, Alkatetza, Kontratazio eta Giza Baliabideen Zinegotzia Gotzone Sagarduik ordezkatuta, Zorrotzaurre proiektua aurkeztu zuen urriaren 12an, Europar Batzordeak antolatutako "Cities for Excellence” (Bikaintasunaren aldeko Hiriak) topaketaren baitan. “Cities for Excellence” topaketaren helburua zen hiriak, politikak, zientzia, etorkizunerako ikuspegia eta bikaintasuna uztartzen dituen sare estrategiko bat eratzea, Horizon 2020 programak hiri adimenduen eremurako aurreikusten dituen helburuen babespean.

   Industria kultural eta sortzaileei, ondareari eta eskualdeko garapen eta gobernantzan duten potentzialari dagokienez, eta Espezializazio Adimenduaren Estrategiarekin bat etorriz, Europar Batzordeak Eusko Jaurlaritzako ordezkariak gonbidatu zituen bi hitzalditan esku hartzera, Europar Astearen esparruan. Eusko Jaurlaritzako Kultura Zuzendaritzako partaide eta INTERREG Europe CREADIS3 europar proiektuaren koordinatzaileak, sormenari eta kultuaren aldeko apustuagatik eta euren potentzialagatik nabarmentzen diren hiri eta lurraldeei aplikatutako adierazleei buruzko foro batean parte hartu zuen, Euskadiren kasua azpimarratuz. 

Beste alde batetik, eta Ondarearen Europar Urteko jardueren baitan, Euskadiren EBko Ordezkaritzaren talde teknikoko kide batek esku hartu zuen, RICC/Regional Initiative for Culture and Creativity sarearen buruzagitzako kide gisa (sare horrek 25 europar eskualde biltzen ditu kultura eta sormenaren eremuan), 6 europar eskualdetako jardunbide egokiak aurkeztuz, horien artean Euskadirenak, lurralde eta ondare kultural eta industrialaren alorreko gobernantzari lotuta.

   Hezkuntza eta espezializazioaren alorrean, Eskualdeen Europar Astearen baitan, Eusko Jaurlaritzak gidatzen duen EARLALL sarearen Batzar Nagusia egin zen, eta Europako Batzordeak Etorkizuneko Eskola” ekimena azpimarratu zuen hezkuntza eleaniztunaren alorreko jardunbide egoki gisa.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak