Eu

Amilibia: “Dagoeneko familia-erantzukizunak dituzten pertsonei eta familia osatu nahi dutenei beren bizi-proiektua egiteko eta zailtasunak gainditzeko aukera ematen dieten politiken alde egiten dugu”

2018.eko urriak 20
  • Avifes - Buru Gaixotasuna duten Pertsonen eta Senideen Bizkaiko Elkarteko familien laugarren topaketa, Bilbon

VG 20 10 18

Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak, gaur, Avifes - Buru Gaixotasuna duten Pertsonen eta Senideen Bizkaiko Elkarteko familien laugarren topaketan, zera esan du: “Eusko Jaurlaritzan dagoeneko familia-erantzukizunak dituzten pertsonei eta familia osatu nahi dutenei beren bizi-proiektua egiteko eta zailtasunak gainditzeko aukera ematen dieten politiken alde egiten dugu”.

Ekitaldian, elkarteak eskatuta, sailburuordeak Familiei Laguntzeko Erakundeen arteko IV. Planaren puntu esanguratsuenak azaldu ditu, eta bereziki 2., 3. eta 4. ardatzak nabarmendu ditu, “norbera, familia eta lana uztartzeko bide emateari eta seme-alabak zaintzeko erantzunkidetasunari”, “familiei laguntzeari” eta “haur eta nerabeen ongizatea sustatzeari” buruzkoak.

Amilibiak zera nabarmendu du: “Euskadin, familia gizartearen funtsezko instituzio da, betetzen dituen eginkizun sozialek duten garrantziagatik, eta gizabanakoa gizarte- eta erkidego-bizitzan integra dadin prestatzeko duen eginkizun garrantzitsuagatik”. Eta, hori dela eta, “duela urteak, jada, garatzen ditugun ekintza politikoek familiak dituzte xede”.

Azken familia-planak zenbait ekintza sustatuko ditu, besteak beste, sektore publikoan lan egiten duten pertsonentzat norberaren bizitza, familia eta lana uztartzeko neurriak, bikotekide bakoitzarentzako 16 asteko gurasotasun-baimena, gehienez 150 orduko edoskitze-baimena, kontsulta medikoetara laguntzeko baimenak etab. Gainera, mendekotasun-egoeran dauden familiartekoak zaintzeko laguntzei eutsiko zaie eta berbideratu egingo dira seme-alabak zaintzeko eszedentziarako edo lanaldi-murrizketarako laguntzak.

Era berean, Eusko Jaurlaritzaren helburua hauxe da: gutxieneko ekonomia-baliabideak bermatzea seme-alabak dituzten familia guztiei eta haur-pobrezia prebenitzea.

Haur eta nerabeen ongizatea sustatzea planean jaso den beste eginbeharretako bat da, sailburuak esan duenez: “ekintza horiek erantzukizunetik hartzen ditugu geure gain, neurri zehatzekin, eta, horretarako, eskuragarri ditugun mekanismoak baliatzen ditugu, besteak beste, Zeuk Esan zerbitzua, haur eta nerabeei arreta ematekoa, 116111 telefonoan".

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak