Eu

Bingen Zupiria sailburuak parte hartu du Donostian izandako Espainiako Eleaniztasunari buruzko Diziplina Anitzeko V. Mintegian

2018.eko urriak 18

Donostia, 2018/10/18       

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak parte hartu du, arratsalde honetan, Espainiako Eleaniztasunari buruzko Diziplina Anitzeko V. Mintegian, eta euskarak azken hamarkadotan egin duen bidearen garrantzia azpimarratu du. Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean izandako hitzaldi batean, sailburuak bide horretan izandako hiru prozesu nabarmen ditu: euskararen orokortzea hezkuntza munduan, helduen euskalduntzearen garrantzia eta, hirugarrenik, euskararen ezagutzak administrazioan izan duen gorakada.

“Hiru prozesu hauek euskal gizartearen gehiengoaren atxikimendu askeari esker gertatu dira eta testuinguru berri bat ekarri dute non euskararen ezagutza eta erabilera igo diren, baina ez neurri berean. Erabileran jarri behar dugu orain jomugan”, azaldu du.

Sailburuak marraztu duen testuinguru berri horretan, euskal hiztunen profila zeharo aldatu da. “Euskarak irabazi dituen hiztun gehienak ingurune nagusiki erdaldunetan bizi diren gazteak dira. Han, euskara ez da hizkuntza nagusia eta eskolan ikasi dute, bigarren hizkuntza gisa. Kasu askotan beren familiako lehen euskal hiztunak dira eta, batzuetan, arazoak dituzte jasoak ez diren erregistroak menperatzeko, hain zuzen, orain dela zenbait hamarkada indar gehien zutenak”, azaldu du.

“Testuinguru berri honetan, alde batetik, politika berriak bultzatu behar ditugu euskarak pisu gehiago har dezan indar gutxien daukan arloetan; hala nola, justiziarena edo arlo sozioekonomikoa. Bestetik, ahalegin berezi bat egin behar dugu euskararen hiztun berriak erraztasunak eduki ditzaten euskara erabiltzeko gelatik kanpo: aisialdian eta kirolean, kulturaren arloan edota ingurune digitalean”, azaldu du.

Estatuaren Administrazioari deia

Azkenik, sailburuak azpimarratu du lan hori mundu globalizatu batean egin behar dela, non ingelesak gero eta presentzia nabarmenagoa duen. “Zailtasun handiko egoera berri honek Estatuko hizkuntza guztiei eragingo die era azpimarragarrian, gaztelaniari izan ezik. Une honek denon konpromisoa eskatzen du, Estatuaren Administrazioarena barne. Euskara ez da mehatxu bat gaztelaniarentzat eta, ondorioz, ezin da ulertu, ez behintzat hizkuntzaren ikuspegitik, Estatuaren interes falta eta  konpromiso eza”, amaitu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak