Eu

Beatriz Artolazabal: “Aisia eta astialdia balio-ikuspegiarekin eta hezkuntza-ikuspegitik sustatzea ezinbesteko eginkizuna da”

2018.eko urriak 19
  • “Jarduera horiek gaitasunak eskuratzen laguntzen dute eta, horrela, gure gazteen garapen integralean eta autonomian eragiten da”
  • Astialdian heztea: inklusioan aurrera egitea” nazioarteko I. biltzarraren inaugurazioa, Barakaldon
  • Gaur egun, 240.000 boluntario daude Euskadin eta, horietatik, % 8,3k hezkuntzako astialdiaren eremuan lan egiten du

Barakaldo, 2018 10 19

“Aisia eta astialdia balio-ikuspegiarekin eta hezkuntza-ikuspegitik sustatzea ezinbesteko eginkizuna da”, esan du Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak. Sailburua, gaur, “Astialdian heztea: inklusioan aurrera egitea” nazioarteko I. biltzarraren inaugurazioan izan da, Barakaldoko Clara Campoamor kultura-etxean; biltzarra gaur eta bihar izango da.

Sailburuaren hitzen arabera, eremu horretan lan egiten duten erakundeek, "besteak beste Euskadin Astialdi Sarea eratzen dutenek”, kultura-, jolas- eta aisialdi-jardueretara inklusioan eta berdintasunean oinarrituta sartzea sustatzen dute. “Gizarte osoarentzako jarduerak dira". Hori horrela, Artolazabalek nabarmendu du “elkar ezagutzean, jatorri edo errealitate desberdinak dituzten parte-hartzaileak elkarrengana hurbil” daitezkeela.

Artolazabalek zera esan du: “jarduera horiek nerabe eta haurren bizitzak betetzen dituzte”, eta “askotariko gaitasunak berenganatzen” laguntzen diete eta, horrela, “beren garapen integralean eta beren autonomia baliatzen laguntzen” diete. “Eta, horrela, gizarte humanoagoa, kohesionatuagoa eta aurreratuagoa eraikitzen dugu”.

Sailburuak esan du astialdia “eskubidea” dela; izan ere, “Nazio Batuen Umearen Eskubideei buruzko Konbentzioak atsedenerako, aisialdirako, jolaserako, jolas-jardueretarako eta kultura-bizitzan eta arteetan libreki parte hartzeko eskubidea aitortzen du”. Era berean, Aisiazko Ikaskuntzen Institutuaren giza garapenerako Aisia baliotsuaren aldeko Adierazpenak honako alderdi hauek azpimarratzen ditu: “balioen sustapena, gaitasunen garapena, kultura-aniztasunaren babesa, ongizatearen sustapena edo soziabilitatearen bermea”.

Astialdia Euskadin

Astialdi Sarea hezkuntzako astialdiko erakundeen euskal sareak, 13 sare eta 32 erakunde ditu eta, horietan, 2.000 boluntario inguru daude. Gainera, sailburuak nabarmendu du Euskadik, ohiko mugimenduez gainera –besteak beste eskautismoa edo astialdiko taldeak–, honako baliabide hauek ere badituela, beste batzuen artean: liburutegiak, ludotekak, Gazteguneak, hiriko koloniak, kanpamenduak, jarduera komunitarioak, haurrek eta gazteek parte hartzeko prozesuak, programak autokudeatutako espazioetan, esaterako, gazteen lokaletan.

“Eremu horretan sistema indartsua garatu dugu, eta esan dezakegu Euskadin osasun ona dugula”; izan ere, ume, nerabe eta gazte kopuru handiak parte hartzen du proiektu horietan, hezkuntza-eragileen kolektibo batekin batera, horietako asko boluntarioak.

Sailburuak, gainera, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak eta Boluntariotzaren Euskal Kontseiluak EAEn boluntariotzaren eta gizartean parte hartzeko beste modu batzuen inguruko datu kuantitatiboak eta alderdi kualitatiboak biltzeko sustatu duten ikerketa aipatu du, gaur egun “240.000 pertsona baino gehiago, euskal biztanleen % 13,4" hirugarren sektoreko erakunderen batean boluntario dela azaltzeko. Inkesta horren datuen arabera, “pertsona boluntario horien % 8,3 inguruk aisiaren eta astialdiaren sektore horretan dihardu, eta gehienak 30 urtetik beherakoak dira”.

Biltzarra Astialdi Sarea hezkuntzako astialdiko erakundeen euskal sareak eta  Euskal Herriko Unibertsitateak antolatu dute, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren laguntzarekin.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak