Eu

Egurtek-en 7. edizioa hasi da, mundu mailan egurrezko arkitekturaren eta eraikuntzaren inguruan dauden topalekurik garrantzitsuenetakoa

2018.eko urriak 18

Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak inauguratu du gaur goizean Egurtek, Egurrezko Arkitektura eta Eraikuntzaren Nazioarteko Foroaren 7. edizioa. Foro honek Bilbao Exhibition Centerren bilduko ditu datozen bi egunetan egurraren sektoreko pertsona adituak eta punta-puntako enpresak.

Irekiera saioan, Oroz sailburuordeak nabarmendu du Euskadik baso-egur sektore indartsua eta boteretsua duela, batasunez lan egiten duena hasi basogintza ekoizpenetik eta arkitekturaren eta eraikuntzaren profesionalen esku jartzen dituen egurretik eratorritako produktuen eraldaketara bitarte.

Orozek nabarmendu du, halaber, gaur egun Europako basogintzaren sektorea bioekonomiaranzko bilakaera izaten ari dela, geldiezin. “Euskadik bat egin du gure egurrari bereziki eta basogintzaren sektoreari orokorrean ahalik eta balio erantsi handiena emateko apustuarekin, eta HAZIren eta NEIKERren eskutik, arlo horretan proiektuak martxan jartzen ari gara” - esan du sailburuordeak.

EAEko azaleraren %55 basoa da, eta Europar Batasuneko ratiorik handienetako bat da hori. Euskadiko basogintzaren sektoreak enplegua sortzen du (aktibo dauden 18.000 lanpostu inguru), eta baita aberastasuna ere (BPGren %1,5). Sektoreko euskal enpresa ugarik egiten dute bertako lehengaien aldeko apustua; izan ere, erabiltzen duten egurraren %70 gure basoetakoa da.

Biltzarra

Mundu mailako topaketa garrantzitsuenetako bat da Egurtek. Bi egun hauetan Arkitekturari eta Egurrari buruzko Biltzarra egingo da. Sektorean erreferentzia garrantzitsua da, maila handiko hiztunek parte hartzen dutelako eta euren lanak bikainak direlako.

Gainera, Baskegurrek antolatutako Jardunaldi Teknikoak ere egingo dira, baso-egurraren sektoreko prestakuntzaren, egurraren diseinuko berrikuntzaren eta baso bioekonomiaren inguruan egituratutakoak. Jardunaldi horietan parte hartuko dute, besteak beste, HAZI Fundazioko, NEIKERreko, Eusko Jaurlaritzako, UPV/EHUko, Eduparkeko, Albaola Museoko, Disaroko, Experimentako, EFI-Efimeteko eta Nafarroako Unibertsitateko ordezkariek.

Egurtekek, bestalde, sektoreko profesionalei eskainitako erakusketa eremu bat ere badauka. Bertan parte hartuko dute hainbat produktu eta zerbitzu eskainiko dituzten 70etik gora sinadurak, honako hauekin lotura dutenak: arkitektura, egurrezko etxeak, egurrarentzako tratamenduak, eraikuntza iraunkorra, ingeniaritzak eta apainketa, eraikuntzarako egurra, egitura softwareak, eta egur, elementu eta material inportatzaileak.

Aurten, bestalde, Egurtek 2018 Sariak banatuko dira aurkeztutako 123 lanen artean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak