"Herenegun!" unitate didaktikoko materialak terrorismoari, indarkeriari eta Giza Eskubideen edozein urraketari legitimitatea kentzen diela adierazi du Jonan Fernándezek
Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Zuzendari Nagusi Jonan Fernándezek deklarazioak egin ditu hedabideen aurrean, Eusko Jaurlaritzak sustatuta historiako irakasgaiaren bitartez Euskadiko duela gutxiko memoriari (1960-2018) heltzen dion unitate didaktiko baten inguruan. Jonan Fernándezek adierazi duenez, "Herenegun!"-entzat garatutako materialak hau du helburu: “indarkeriaren edozein argumentu, aitzakia edo justifikazio indargabetzea".
Jonan Fernándezek azaldu duenez, "Herenegun!"-en helburua da "azken 60 urteetan izandako gertaera garrantzitsuenak ezagutzea, ondorio batera bideratuta: ekintza terrorista bakar batek ere, indarkeriazko ekintza bakar batek ere, giza eskubideen urraketa bakar batek ere ezin du inolako aitzakiarik aurkitu herrialde honetan gertatutakoaren historian." Bere edukiak "legitimotasuna kentzen die terrorismoari eta indarkeriari” ziurtatu du.
Fernándezek nabarmendu du eremu tekniko eta profesional batean landu dela materiala, historian eta pedagogian aditu diren pertsonen aholkularitzarekin. “Injerentzia politikorik gabe” landu da, zehaztu du Fernándezek eta nabarmendu du oraindik irekita dagoela ekarpenak egiteko aldia.
Eusko Jaurlaritzak agerraldi bat eskatu dio Legebiltzarrari edukia azaltzeko. Hezkuntzako sailburuorde Maite Alonsok, Jonan Fernándezek berak eta aholkularitza editorialaz arduratu diren adituek, Juan Pablo Fusi, Mari Carmen Garmendia eta Mariano Ferrerek, azalduko dute edukia.