Berriak Lehendakaritza
Eu

Kontroleko osoko bilkura (2018/10/19)

2018.eko urriak 19

Galdera, Pello Urizar Karetxe EH Bilduko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Gobernuko alderdi bateko idazkaritza nagusiak egindako deklarazioei buruz.

Iñigo Urkullu Lehendakariak azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritzak beti defendatu izan ditu askatasuna eta giza eskubideak. “Demokraziaren, Autogobernuaren eta Europako integrazioaren bidea Alderdi Sozialistaren eskutik ere egin dugu”, gaineratu du.

Gainera, Lehendakariak nabarmendu du gertakariek ziurtatzen dutela pluraltasuna defendatzen duen ibilbide demokratiko hori. “Ez dut uste PSEko idazkaritza nagusiak bere hitzekin zalantzan jarri nahi izan duenik gertakarien ibilbide luze hori, gauza bat dira hitzak, baina ekintzak dira garrantzizkoak”, zehaztu du.

Galdera, Lander Martínez Hierro Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, legealdiaren aurrerapenari buruz.

Iñigo Urkullu Lehendakariak defendatu duenez, Eusko Jaurlaritzak gutxiengoan den aldetik bermatuko du legealdiaren aurrerapena “apaltasunez, talde guztiekin elkarrizketa irekian, akordiorako borondatez eta, batez ere, lan asko eginez”. “Jarrera horrek berak animatzen gaitu 2019ko Aurrekontuak onartzeko prozesuan”, azpimarratu du Lehendakariak. Hala, azaldu duenez, aurrekontu hedakorrak dira, gizarte-politikak eta gure ekonomiaren lehiakortasunaren hobekuntza erdian ipintzen dituztenak. “Aurrekontu positiboak herritarrentzat”, nabarmendu du.

Lehendakariak ziurtatu duenez, ez dute planteatzean “lerro gorririk ez eta errenuntzia baztertzailerik ere”. “Errespetua, errealismoa eta erantzukizuna baino ez dugu eskatzen”, azpimarratu du. Horren haritik, garatzen ari diren gizarte-politikak errespetatzea aipatu du, baita Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan onetsitako sarrera fiskalen eszenarioarekin errealistak izatea, eta baliabide publikoak kudeatzeko erantzukizuna ere, Europako gidalerroekin bat datorren kontsolidazioa eta oreka fiskala ikusten den eszenario batean.

Galdera, Alfonso Alonso Aranegui Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Estatuko Aurrekontu Orokorren zirriborroari buruz.

Lehendakariak adierazi duenez, aurkeztu diren Estatuko Aurrekontu Orokorren zirriborrotik, positibotzat hartzen ditu onartutako Aurrekontuak bermatzen duen egonkortasuna, Bruselan aurrekontu-plan bat aurkezteko erabakia Europako defizit, zor eta gastu-arau eskakizunen aplikazioa beregain hartuta; partiden jarraitasuna Euskadin garatuko diren azpiegituretan, inbertsioetan eta diru-laguntza lerroetan, eta konpromisoen betearazpena gizarte-zerbitzuak bermatzeko, gutxieneko soldata igotzeko, inbertitzeko eta ekonomia produktiboa eta industria suspertzeko.

Lehendakariak azpimarratu du positibotzat jotzen duela Bruselaren aurrean proiektu errealista bat aurkeztea; “arduratsua izatea iruditzen zait aurrekontua onartzeko beste alderdi politiko batzuekin negoziatzeko jarrera erakustea”, gaineratu du.

Interpelazioa, Unai Urruzuno Urresti EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Gizarte Segurantzako erregimen ekonomikoaren kudeaketa transferitzeari buruz.

Lehendakariak azaldu duenez, transferentzien prozesuan, mahai gainean jarri da, Gorte nagusietan, ordenamendu juridikoari mekanismoak gehitzearen gaia, Autonomia Estatutuetan aintzatetsitako konpetentziak erabiltzeko zerbitzuen eta funtzioen eskuordetze prozesua desblokeatu ahal izateko.

Hala, Lehendakariak azpimarratu du, beharrezko oniritzi politikoa lortutakoan, planteatu egingo dutela beharrezko funtzioak hartzeko eta betetzeko garapen-prozesua ahalik eta eraginkorrena izateko modua, konprometitu egingo dutela gure baliabideek ahalbidetzen duten estaldura finantzarioa, eta eraiki egingo dituztela beharrezko egiturak, arlo ekonomikoan egokitzeko kudeaketa konplexua eta zaila aurrera eraman ahal izateko. “Beharrezko pausoak ematea da helburua, funtzio guztiak gureganatu ahal izateko eta, gainera, gure kudeaketa-egiturak arrazionaltasunez diseinatu ahal izateko, gure baliabideak egokituz”, gaineratu du.

Bestalde, Lehendakariak ziurtatu duenez, transferentzien Programa bat eta Egutegi bat edukitzea da Eusko Jaurlaritzaren helburua. “Negoziazio-prozesua errespetuan, konfiantzan eta moldakortasunean oinarritutako jarrera batekin heltzea da gure konpromisoa”, nabarmendu du. Lehendakariaren hitzetan, Espainiako Gobernuaren jarrera-aldaketa positibo bat lortzea da borondate politikoa, 39 urte konpondu gabeko gai politiko bati azkena eman ahal izateko.

Galdera, Cristina Macazaga Sáenz Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Osasuneko sailburu Jon Darpónek kargua uzteari buruz.

Lehendakariak bi arrazoi nabarmendu ditu, batetik, Osasun Sailaren eta Osakidetzaren kudeaketa eraginkorra izaten ari da, eta horrela ikusten dute euskal herritarrek; bestetik, “LEPen krisiaren“ kudeaketa bizkorra, arduratsua eta gardena izaten ari da. Hala, Lehendakariak azpimarratu duenez, Lan Eskaintza Publikoa aukera-berdintasun berme guztiekin amaitzea da Sailburuaren, Sailaren eta Osakidetzaren erantzukizuna. “Horrela ari da lanean, dedikazio osoz eta informazio zehatza eta osatua eskaintzen”, zehaztu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak