Berriak Osasuna
Eu

365 egun Euskadin elikadura osasungarria sustatzen

2018.eko urriak 17

20 enpresa edo erakunde baino gehiago atxiki zaizkie Elikadura Osasungarrirako Ekimenei eta 60 erakunde laguntzaile baino gehiago erakarri dituzte ekimen horiek

 

Euskadin Elikadura Osasungarrirako Ekimena” proiektuaren lehen lan-urtea dela eta, gaur goizean jardunaldia egin da, eremu horretan izan diren aurrerakuntzen berri emateko. Bertan, Fátima Ansotegi Administrazio eta Finantziazio Sanitarioko sailburuordeak, Olatz Garamendi Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak, Bittor Oroz Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeak eta Miren Dorronsoro Osasun Publikoaren zuzendariak parte hartu dute.

Plan handia da, eta helburu du elikaduraren bidez osasuna sustatzea; izan ere, kasu askotan gaixotasun kronikoen gorakadaren arduraduna izaten da, besteak beste, gaixotasun kardiobaskularrena, diabetesarena eta minbizi-mota batzuena.

18 ekimen aurreikusten dira eta horietatik, erdia baino gehiago, lehen urte honetan jarri dira abian. 10 lantalde eratu dira; horietan 85 pertsona daude, 21 enpresa eta erakundetakoak. Horiek, dagoeneko, atxikita daude Euskadin Elikadura Osasungarrirako Ekimenei.

Atxikipen horiek erakusten dute euskal gizartean elikadura-ohituretan aldaketa sustatu nahi dela. Fátima Ansotegi Administrazio eta Finantziazio Sanitarioko sailburuordeak eskerrak eman ditu proiektuaren lehen urte honetan erregistratu direnengatik, eta ildo beretik aurrera egiten jarraitzearen aldeko apustu egin du: “Helburuetako bat gero eta atxikipen gehiago izatea da, Euskadin elikadura osasungarria finkatuko dutenak; horrek biztanle guztien osasun hobea eta, ondorioz, euskaldunen bizi-kalitate hobea bermatuko du”.

Dagoeneko kausa honekin konpromisoa duten erakundeak honako hauek dira, besteak beste:  euskal administrazio publikoa, Osakidetza bera edo Euskal Herriko Unibertsitatea, baina baita zenbait elikagaietako enpresa, nutrizionisten eta farmazialarien elkargo profesionalak, fundazioak, ikerketa-zentroak, tokiko erakundeak eta komunikabideak ere.

Era berean, gaur arte, proiektuetan 60 eragile baino gehiagoren elkarlana lortu da. Horrela, esaterako, gatza murriztea dela eta, 39 okintzako lantegi gehigarri horren kopuru txikiagoa duten ogiak ari dira hornitzen.

Ildo beretik, esperientzia pilotua egin da 10 ikastetxetan; horietako eskola-menuetan fruta, barazki eta arrain urdin gehiago sartu da. 7 sukalde zentral arduratzen dira horretaz; horiek  Elikadura Osasungarrirako Ekimenekin bat egiten dute. Olatz Garamendi Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak zera esan du: “euskal ikasleek bazituzten lehen ere eskola-menu orekatuak, baina, ekimen honen bidez, are gehiago hobetu nahi da ikasleen elikaduraren eta nutrizioaren hezkuntzan pisu handia duen zerbitzuaren kalitatea.  Era berean, bizi- kalitatea hobetzeko elikadurak duen garrantziaz ohartarazi nahi zaie ikasleei”.

2019tik aurrera, proiektuetan azalera handiko saltokiek, txikizkako fruta- eta barazki-dendek eta arrandegiek, zenbait jatetxetako sukaldariek eta gaixo kardiobaskularren elkarteek ere jardungo dute elkarlanean. Bittor Oroz Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen iritziz: “Euskadik kalitate oso oneko produktuak ditu, bai itsas produktuetan, bai lurrekoetan, eta, azken batean, lehen mailako sektore aktiboa eta konprometitua du eta haren inplikazioa ezinbestekoa izango da Elikadura Osasungarrirako Ekimenak sustatzeko”.

 

Dagoeneko abian jarri diren ekimenetako batzuk honako hauek dira:

  • Osasunarekin konprometituta dauden eragileak eta hura sortzen lagunduko duten jarduerak identifikatuko dituen aktiboen mapa prestatzea, hura garatu eta zabaltzeko.
  • Beharrezko informazio-iturriak izateko, lanean ari da hurrengo Euskadiko Osasun Inkestaren bidez Plan honen barruan sartzen diren ekintzak ebaluatu ahal izateko.
  • Gatzaren kontsumoa % 20 murriztea; batez beste egunean 9,6 g kontsumitu beharrean, gaur egun kontsumitzen den bezala, egunean 7,5 g kontsumitzea.
  • "Eskola-jangelen eguneratzea 360º” programa eta, horretarako, eskaintza are osasungarriagoak egitea.
  • Vending makinetan gosegarri osasungarriak AZTIk vending makinetako hornitzaileak eta operadoreak koordinatzen ditu, eskaintzaren % 50 produktu osasungarriak izateko.
  • Osasun-arloko profesionalak elikadura osasungarriaren sustapenean prestatzea.
  • Elikadura-ohitura onak hartzeko joera sortu eta modan jartzea, batik bat gazteen artean, sustapen mediatikoaren bitartez (telebista, zinema, gizarte-sareak etab.).
  • Sasoiko fruta eta barazkien kanal anitzeko egutegia prestatzea, dagozkien hiletan sustatzeko.
  • Elikagaien etiketak eta konposizioa benetakoak direla egiaztatzea, benetako edukia “gatz, azukre, gantz… gutxi” etiketara egokitzen dela bermatzeko.
  • Elikagai bereziak” izenez ezagutzen direnen kontsumo arduratsua sustatzea: gure osasuna arriskuan jar dezaketen eta dieta orekatuak eman ezin duen ezer ematen ez duten edari energetikoak, bitamina-gehigarriak, proteina-gehigarriak eta abar.

 

Fátima Ansotegi Administrazio eta Finantziazio Sanitarioko sailburuordeak gogorarazi du elikadura osasungarriagoa izateko aldaketa egiteko gizarte-kontzientziazioak denbora asko eskatuko duela, baina, dagoeneko, urrats sendoak ematen ari direla. Hori horrela, Elikadura Osasungarrirako Ekimen horien eta beste batzuen emaitzen berri Plana amaitzean emango da, 2020an.

 

Vitoria-Gasteiz, 2018ko urriaren 17a

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @DocJulia
    2018.eko urriak 17

    Comentario de Twitter:
    365 días impulsando una alimentación saludable en Euskadi https://t.co/TnbTOhflZ7

Ekitaldiko kargudunak