Eu

SAREAren baitan dauden 62 antzokiek 300 ikuskizun antolatuko dituzte urtea amaitu bitartean; webgune berri batek horien eta, oro har, arte eszenikoen inguruko informazio guztia bilduko du

2018.eko urriak 16
  • Gasteizko Principal Antzokian izandako prentsaurreko batean iragarri dutenez, 195 antzezlan, 60 dantza ikuskizun eta haurrentzako 45 lan eskainiko dira.

SAREAk, euskal espazio eszeniko gehienak biltzen dituen elkarguneak, datozen hilabeteotarako bere programazioaren berri eman du gaur eta, horrekin batera, bere webgune berria aurkeztu du. Gasteizko Principal Antzokian izan den prentsaurreko batean, SAREAko arduradunek azpimarratu dute Euskadiko arte eszenikoen erreferentziazko leiho bat bilakatu nahi dutela webgune hori, biltzen dituen 62 antzokiek antolatzen dituzten ikuskizunen eta beste hainbat gaien inguruko informazio guztia bilduz. SAREAren barruan dauden antzokiek 300 ikuskizunetik gora antolatuko dituzte urtea amaitu arte: 195 antzerki ikuskizun, 60 dantza ikuskizun inguru eta, azkenik, haurrentzako 45 antzezlan.

Aurkezpenean Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburordeak, Nekane Basterretxea SAREAko koordinatzaileak eta Jose Luis Gonzalez SAREAko Zuzendaritza Batzordeko kideak hitz egin dute. “Denboraldi berriaren lehen parte honetan SAREAk biltzen dituen antzokien dinamismoa eta programatzeko gaitasuna islatzen da. Mugimendu azpimarragarria dago Euskadin arte eszenikoen inguruan, eta SAREAren webgunea hori guztia erakusteko leihoa izatea nahi genuke”, adierazi du Joxean Muñozek.

Denboraldiaren lehen partea

SAREAko kideak arte eszenikoen denboraldi berriaren lehen parteaz mintzatu dira. “Antzerkiz, musikalez, txotxongiloez, dantza klasikoz, dantza garaikidez, zirkoz edota magiaz beteriko ikuskizunak programatu ditugu SAREA osatzen dugun antzokiok. Urnietako Sarobe Antzokia gehitu ostean, 62 antzoki izango ditugu aurten”, adierazi du Jose Luis Gonzalezek.

Horrela, urritik urtea amaitu bitartean 300 ikuskizunetik gora programatuko dira, horietatik 195etik gora antzezlan (guztien % 65). Dantza ikuskizunak 60 inguru izango dira eta haurrentzako emanaldiak 45 inguru. “Publiko honi ere garrantzi handia ematen diogu, haurrak eta gazteak izango baitira sektore hau bizirik mantenduko dutenak etorkizunean”, azaldu du Gonzalezek. Ikuskizun horiekin, guztira, 660 emanaldi eskainiko dira abenduaren amaiera arte. Azpimarratu dutenez, antzerki emanaldi guztien % 30 euskaraz izango dira.

SAREAko arduradunek adierazi dutenez, azpimarratzekoa da euskal konpainien antzerki estreinaldien bira nagusiek izango duten pisua. Eusko Jaurlaritzaren laguntza izango dute eta, guztira, 250 emanaldi inguru dakarzkigute. Hauek dira horietako batzuk:

  • Izoztutako haizea bezala (Tanttaka)
  • Go!azen 5.0 (Pausoka)
  • Babo Royal (Ganso Cia)
  • Jule (Hortzmuga)
  • Inondik Inora (Benetan Be)
  • Pinotxo (GluGlu)
  • Ghero (Tartean Teatroa)
  • Zazpiak Bat (ATX Teatroa)
  • Julietas (Markeliñe)
  • Rita arrastoan sartzen (Txalo)
  • Quitamiedos (Kulunka)
  • El Inventor de Ilusiones (Mago Sun)

Bestalde, aspaldian estreinatu baina oraindik biran dauden beste zenbait ikuskizunen garrantzia ere nabarmendu dute. Helduentzako ikuskizunen artean Erlauntza, Esto no me lo esperaba (Zanguango), Ez dok hiru (Tartean) edota Moko zorrotza (Txalo) aipatu dituzte. Haurrentzako ikuskizunen artean, Izar (Marie de Jongh), Jon Braun (Anita Maravillas), Kantukontari (Larressitens), Linbo planeta (Dejabu) edota Lur (Xake) aipa daitezke. Hirugarrenik, dantza ikuskizunei dagokienez, Baserri (Proyecto Larrua) edo Erritu (Kukai) ikuskizunekin gozatu ahal izango dute ikusleek.

Azkenik, SAREAko antzokiek kanpotik datozen hainbat antzerki eta dantza produkzio eskainiko dituzte: El funeral, Juntos, Lo mejor de Yllana, Lorca, la correspondencia personal, Moby Dick, Cinco horas con Mario, La maldición de los hombres Marlboro edo Circo de Pulgas.

Webgune berria

Nekane Basterretxeak azaldu duenez, arte eszenikoak hedatzeko eta ikusgaiago bilakatzeko tresna garrantzitsua izango da webgune berria, bai sektoreari, bai gizarteari begira. Erreferentziazko gune horren helburuak honako hauek izango dira:

  • Antzerkigintza eta dantzarako leiho bat izatea.
  • Sektorearen aldetik aspalditik datorren eskaerari erantzutea.
  • Arte eszenikoen ikusgaitasuna sustatzea.
  • Plaza birtual bat izatea, sektorearen erronkak, nahiak eta lana erakutsiko duena.

Webgunearen atal nagusietako bat ‘Agenda’ da. Abian dagoen leiho berri honen funtzionamendua Kulturklik-ekin koordinatuta dago eta, ondorioz, antzerki, dantza eta musika programazio guztia jartzen du herritarren esku. Bilaketak hainbat aldagairen arabera egiteko aukera eskaintzen du: udalerria, data, generoa edota hizkuntza.

‘Ikuskizunak’ atalak bi tresna jarri ditu erabiltzaileen esku:

  • Euskal eskaintza eszenikoaren katalogoa: Euskal antzerki eta dantza konpainia profesionalen produkzioak jaso ditu. Fitxa batean ikuskizun bakoitzaren alderdi nagusienak adierazten dira: sinopsia, koadro artistikoa, behar teknikoak, material multimedia (argazkiak, bideoak,…), etab.
  • Katalogo gomendatua: SAREAko batzorde artistikoak aukeratutako antzerki eta dantza ikuskizunak jaso ditu. Ikuskizun bakoitzak bere informazioa-fitxa dauka, baina kasu honetan batzordeak egindako iruzkin baloratiboa gehitzen zaio.

Horrez gain, honako atal hauek ere jaso ditu webgune berriak:

  • ‘Konpainiak’: Euskadiko antzerki eta dantza konpainia profesionalen direktorioa da. Konpainia bakoitzak infomazio-fitxa bat du. SAREAn emanaldirik programatuta edukiz gero, fitxa horretan adieraziko da.
  • ‘Antzokiak’: SAREA osatzen duten 62 areto eta antzokien direktorioa da; konpainien kasuan bezala, informazio-fitxa dauka antzoki bakoitzak. Antzokien agenda ere ikusgai dago.
  • ‘Albisteak’: Arte eszenikoen eremuko intereseko berriak jasotzen ditu.
  • ‘Zer da sarea’: SAREAri buruzko informazio xeheagoa jasotzeko aukera eskaintzen du, bai konpainientzako bai gizartearentzako oro har. SAREAk egindako txostenak eskuratzeko aukera.
Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak