Berriak Segurtasuna
Eu

Gobernu Bilerak Jokoaren Eukal Behatokia sortzeko eta arautzeko dekretua onartu du (Gobernu Bilera 2018-10-16)

2018.eko urriak 16

Jokoaren Euskal Behatokia kide anitzeko eta arloarteko organo bat da, eta Euskadiko jokoa etengabe aztertzea eta ikertzea du helburu.

Behatokia sortzeak Euskadiko jokoaren errealitatearen berri sistematikoki jakitea eta errealitate hori eguneratuta izatea ahalbidetuko du, bai eskaintzari dagokionez, bai gizartean dagoen eskaerari dagokionez, bai Euskadin eta beste esparru geografiko batzuetan adierazten diren joera prospektiboei dagokienez. 

Horretarako, aldian behingo inkestak eta azterlan ekonomiko eta sozialak egingo ditu honako hauen berri jakiteko: jokoaren sektorearen egoera eta jokoari buruzko politika publikoen ezarpena; enpresa-sektorearen osaera; jokozaleen profila eta horien pertzepzio subjektiboa; jokoari buruz gizarteak duen pertzepzioa eta jokoari buruzko politika publikoak, eta abar.

Azterlan eta prospekzio horietatik abiatuta, jokoarekin eta jokoari buruz gizarteak duen pertzepzioarekin zerikusia duten eta gorantz egiten ari diren fenomenoak hauteman ahal izango ditu; jokoari buruzko politika publikoek enpresa-sektorean, jokozaleengan eta gizartean, oro har, duten inpaktua aztertu ahal izango du; jardunbide egokiak eta ekimen gomendagarriak hauteman eta hedatu ahal izango ditu; eta jokoari buruzko ikerketa, azterketa eta prestakuntza lerroak sustatu ahal izango ditu.

Hori guztia egiteko Adikzioen Euskal Behatokiarekin eta Gazteen Euskal Behatokiarekin koordinatuko da.

Horrek ahalbidetuko du jokoari buruzko politika publikoak zehaztea eta ebaluatzea; jokoak gizartean, oro har, eta adingabeen kasuan, bereziki, duen intzidentziari buruz ikertzea; adikzio-portaerak kontrolatzea; eta sentsibilitatea sustatzea arduraz eta berme osoz jokatzearen mesedetan.

Orain arte analisi-lan hori aldian behin egin da jokoaren liburu zurien eta memorien bidez.

Behatoki hau sortuta, hemendik aurrera normalizatu egin nahi da orain arte egiten zena. Behatokiak lan-metodologia sistematizatuko du jokoari buruzko politikak ebaluatzea eta sektorearen etorkizuneko joerak ikuspegi prospektibotik ikertzea ahalbidetuko duten datuak eta magnitudeak kodetzeko, sailkatzeko, kategorizatzeko eta aztertzeko, aginte publikoek une bakoitzean neurririk egokienak hartu ahal izan ditzaten. Eta bere jarduera guztietan kontuan izango du genero-ikuspegia.

Jokoaren Euskal Behatokia hainbat arlotako kidek osatuko dute, eta Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzaren titularraren lehendakaritzapean, eta diziplina anitzeko ikuspegi batetik, jokoari buruzko politika publikoetan, adikzioetan, gazterian, estatistikan eta analisi soziologikoan, zuzenbidean eta araugintzako ebaluazioan, eta merkatuen analisian adituak diren hainbat pertsona bilduko ditu.

Gai jakinak prestatzeko lantaldeak eratzeko aukera ere jaso da Dekretuan, bai eta bileretara sektoreko beste erakunde, antolakuntza edo elkarte batzuetako ordezkariak edo adituak gonbidatzeko aukera ere, baldin eta haien presentzia eta iritzia egokiak direla uste bada aztergai den gaiaren arabera. Bestalde, errealitate bera aztergai duten beste behatoki batzuekin elkarlanean jarduteko aukera ere zabalik utzi da.

Jokoaren Euskal Behatokiak urtean edo sei hilabetez behin egiten dituen txostenak, bai eta bestelako txostenak eta liburu zuriak ere, Jokoaren Euskal Kontseiluari eta Jokoaren Batzorde Tekniko Aholkulariari helaraziko zaizkio. Gainera, aldian behingo dokumentazio-aldizkariak egitea eta hedatzea ere aurreikusten da, Jokoaren Euskal Behatokiak egindako lanen berri emateko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko