Berriak Segurtasuna
Eu

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen antolaketan esku hartuko duten norbanakoen haborokinak eta bestelako funtzionamendu-gastuak arautzen dituen dekretua onartu da (Gobernu Bilera 2018-10-16)

2018.eko urriak 16

Gobernu Bilerak gaur onartu du, Segurtasun Sailak eskatuta, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen antolaketan esku hartuko duten norbanakoen haborokinak eta hauteskunde-administrazioarekin lotutako bestelako funtzionamendu-gastuak arautzen dituen dekretua. 

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 5/1990 Legearen 16.2 b) artikuluak xedatzen duenez, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari dagokio, hauteskunde‑arloan organo eskuduna den aldetik, “Hauteskunde Batzordeen egitekoa betetzeko behar ditzaten bitarteko materialak eta giza baliabideak haien esku jartzea” Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan.  

Bi dekretuk garatu dituzte araudi bidez beharrezko bitarteko materialei buruzko alderdiak, hauteskundeetan erabiltzeko kutxa, kabina, boto-txartel, kartazal eta gainerako agirien eredu ofizialak eta ezaugarriak eta material hori eskura emateko prozedura zehazteari dagokienez.  

Hauteskunde-prozesuan esku hartzen duten giza baliabideei eta haiei ordaintzen zaizkien haborokinei eta dietei dagokienez, orain arte honela jokatu izan da: hauteskunde‑prozesu bakoitzaren hasieran, Gobernu Bilerak erabaki bat hartzen zuen, eta erabaki horren bidez, hauteskunde‑administrazioaren eta horren organo eskuordetuen zerbitzura lan egingo zuten giza baliabideek eragindako gastuei eta hauteskunde‑administrazioaren eta horren organo eskuordetuen funtzionamenduari egotzitakoei aplikagarri izango zitzaien araubidea onesten zuen.

Xedapen honen bidez, ordea, izaera egonkorreko xedapen orokor batean jaso nahi dugu giza baliabideei ordaindu beharreko gastuei eta funtzionamendu‑gastuei dagozkien ordainsarien eta haborokinen araubidea, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeen Legea araudi bidez zehatzago garatu ahal izateko eta aplikagarriak diren arauei zabalkunde eta publizitate handiagoa emateko, hain zuzen ere.  

Dekretu honek, beraz, hauteskunde autonomikoetan esku hartzen duten norbanakoek jasoko dituzten zenbatekoak arautzen ditu.

Guztira 3.700 norbanakotik gora dira, eta horien artean Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak behar bezala gauzatzen laguntzen duten kolektibo ezberdinak bereiz daitezke. 

Kolektibo horietan Lurralde Historikoko Hauteskunde Batzordeetako eta Eskualdeko Hauteskunde Batzordeetako kideak eta horietako laguntzaileak daude.

Hauteskunde Batzordeen ordezkariak diren eta hauteskunde-prozesuaren kudeaketaren oinarrian dauden udal-idazkariei ordainduko zaizkien haborokinak ere arautzen dira.

Gainera, idazkariak bere lanak zuzen egiteko dituen laguntzaileek jasoko dituzten haborokinak ere ezartzen dira.

Era berean, lehen auzialdiko epaileek eta bake-epaileek –hauteskunde-aktak zaintzeaz arduratzen direnek– jasoko dituzten zenbatekoak ere arautzen dira, bai eta EAEko Administrazioak hauteskundeetarako izendatutako ordezkarienak ere. Gizabanako horiek dira hautesmahai bakoitzeko emaitzak jasotzen eta transmititzen dituztenak eta, gainera, sor daitezkeen premietan mahaiari laguntzen diotenak.

Aipatutako kolektibo horietako 3.700 gizabanako horiez gainera, Dekretuak hautesmahaietako kideei (2016ko azkeneko hauteskundeetan 7.800 inguru izan ziren) ordaindu beharreko dietak eta beste hainbat alderdi ere arautzen ditu.

Azkenik, Dekretuan Hauteskunde Batzordeek eta udal-idazkariek hauteskunde-prozesua dela eta izan ditzaketen bestelako gastu materialei aurre egiteko aurreikuspenak ere egiten dira.

Bestalde, dekretuan aurreikusten da adierazitako zenbatekoak hauteskunde-prozesu bakoitzean eguneratzeko ahalmena ematea Gobernu Bilerari, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko litzatekeen akordio baten bidez.

Adierazten diren zenbatekoek ez dute orain arte ordaindutakoekiko alde handirik, doikuntza jakin batzuen kasuan izan ezik.

Berrikuntzarik handiena da mahaiko kide bakoitzarentzat 85 euroko dieta ezartzen dela, eta 2016ko hauteskunde autonomikoetan 75 eurokoa  izan zen. Gogoratu behar da, bestalde, kopuru hori bere horretan utzita zegoela 2009tik.  

Dekretuaren garrantzia neurtzeko, adierazi behar da, esate baterako, 2016ko azken hauteskundeetan adierazitako kontzeptuetan ordaindu zen zenbateko osoa 2.370.000 eurokoa izan zela.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko