Eu

Eusko Jaurlaritzaren mendeko Dopinaren Aurkako Euskal Agentziaren komunikatua, IFBB-Euskadiren Santurtziko lehiaketan gertatutakoak argitzeko

2018.eko urriak 15

Vitoria-Gasteiz, 2018/10/15            

Dopinaren Aurkako Euskal Agentziak (DAEA-AVA), Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisiko eta Kirol Zuzendaritzaren mende dagoenak, atzo Santurtzin egin zen IFBB (International Federation of BodyBuilding and Fitness)-Euskadiren lehiaketari buruzko zenbait azalpen eman nahi ditu komunikatu honen bidez. Lehiaketa bertan behera gelditu zen, parte-hartzaile gehienek lehiatzeari uko egin baitzioten dopinaren aurkako frogak egingo zirela jakin izan zutenean.

Lehenik eta behin, Dopinaren Aurkako Euskal Agentziatik argitu beharra dago IFBB-Euskadik eta DAEA-AVA k lankidetza-hitzarmen bat sinatu zutela 2018ko maiatzean, agentziak dopinaren aurkako frogak egiteko aukera izan zezan elkarte horrek Euskal Autonomia Erkidegoan antolatzen dituen lehiaketetan. Lankidetza-hitzarmen horren harira, 2018ko ekainaren 16an Santurtzin egin zen lehiaketa batean DAEA-AVAk dopinaren aurkako frogak egin zituen eta emaitzak IFBB-Euskadiren esku jarri zituen.

Hartara, nabarmendu beharra dago, baita ere, DAEA-AVAren egitekoa IFBB-Euskadik antolatzen dituen lehiaketetan dopinaren aurkako kontrolak egitera mugatzen dela, eta aipatu elkarteak duela, emaitzak jaso ostean, substantzia dopatzaileen erabileraren ondorioz egon litezkeen arau-hausteen aurrean dagokion zigor-espedienteak izapidetzeko ardura. 2018ko ekainaren 16an eginiko dopinaren aurkako kontrol horretan 12 parte-hartzaileren laginak hartu ziren eta horietako 5ek analisi-txosten positiboak eman zituzten era ezberdinetako (anabolizatzaileak, estimulatzaileak, diuretikoak eta droga sozialak) substantziaren bat edo gehiago hartzeagatik.

Era berean, 2018ko urriaren 14an Santurtzin egin zen IFBB-Euskadiren lehiaketa zela eta DAEA-AVA, ohikoa eta desiragarri denez, inolako jakinarazpenik egin gabe, lehiaketaren tokian agertu zen dopinaren aurkako kontrol ezberdinak egiteko helburuarekin, sinatutako lankidetza-hitzarmenarekin bat. Ekitaldia hasi ondoren, pisaketa DAEA-AVAk izendatutako dopina kontrolatzeko ordezkariak bertaratu baino lehen egin baitzen, parte-hartzaile gehienek bertatik alde egin zuten eta egoera horren ondorioz, lehiaketa bertan behera utzi behar izan zen.

Agentziaren ordezkariek Dopinaren aurkako kontrolak egiteko prestaketak egiten zituzten bitartean, antolatzaileak lehiaketa bertan behera utzi behar izan zuela jakinarazi zien, parte-hartzaile gehienek lehiatzeko aukerari uko egin ostean. DAEA-AVA dopinaren aurkako kontrolak egiteko xedearekin lehiaketara bertaratu zela jakin ostean alde egin zuten parte-hartzaileek. Nolanahi ere, nabarmendu beharra dago horrek ez duela esan nahi lehiatzeko aukerari parte-hartzaileek egin zioten ukatze hori dopinaren aurkako kontrolaren existentziaren ondorio izan zenik. Baieztapen hori, badagokio, IFBB-Euskadik (antolatzailea) eta/edo parte-hartzaileek egin beharko dute.

Azkenik, aipatu beharra dago DAEA-AVAk, Euskadiko dopinaren aurkako agentzia nazionala den heinean, parte hartu izan duen dopinaren aurkako borrokari buruzko nazioarteko foro edo biltzar ezberdinetan argiro adierazi dela substantzia dopatzaileen erabilerari dagokionez arazorik handiena duen jardueretako bat fisiko-kulturismoa eta fitnessa dela. Eta horrexegatik egokitzat jo genuen, hain zuzen ere, lankidetza-hitzarmen bat sinatzea Estatu mailan eta Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera horretako lehiaketak antolatzen dituen erakunde horrekin.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak