Berriak Osasuna
Eu

Euskadin Bularreko Minbiziaren Baheketa Programak, abian jarri zenetik, ia 9.300 tumore detektatu ditu, gehienak fase goiztiarretan

2018.eko urriak 18
  • Jon Darpón Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak itxaropen-mezua bidali die gaixotasun hori jasan duten emakumeei, eta nabarmendu du Euskadin biziraupenak gora egiten jarraitzen duela eta pazienteetan inpaktua murrizten

Jon Darpón Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, gaur, prentsaurrekoa eman du, Bularreko Minbiziaren Detekzio Goiztiarrerako Programaren arduraduna den Jone Altzibar doktorearekin; eta Donostia Unibertsitate Ospitaleko Onkologia Medikoaren Zerbitzuko Isabel Álvarez doktorearekin batera; bihar gaixotasun horren inguruko mundu eguna izango baita. Bertan izan dira Arabako (ASAMMA), Bizkaiko (ACAMBI) eta Gipuzkoako (Katxalin) elkarteetako ordezkariak ere.

Sailburuak nabarmendu du Osakidetzak, Osasun Sailak eta Eusko Jaurlaritzak, oro har, bularreko minbizia duten emakume guztiekin duten konpromisoa. Era berean, eskerrak eta esker ona adierazi dizkie bularreko minbizia duten emakumeen elkarteei, gaur bertaratu direnei, eta beren familiei, funtsezko oinarri animiko baitira gaixotasuna jasaten duten emakumeentzat.

Horiei guztiei itxaropen-mezua eman nahi izan die. Alde batetik, gaixotasunak emakumeetan duen inpaktua murriztu egiten delako detekzio goiztiarrari eta tratamenduen optimizazioari esker -azken hauek gero eta pertsonalizatuagoak eta eraginkorragoak baitira, albo-ondorio gutxiago sortuaz-, bide batez aukera diagnostiko-terapeutiko onena eskainita eta dauden laguntza-baliabideen arteko koordinazioa bultzatuz.

Eta, aldi berean, bestetik, bularreko minbiziaren biziraupenak, Euskadin, hazten jarraitzen duelako, Euskadiko Minbizi Erregistroak erakusten duen bezala: 2010-2012 aldian, bularreko minbizia izan duten emakumeetan biziraupena hazi egin da; 2000-2004 aldian % 83,4koa zen eta, 2010-2012 aldian, % 86koa.

Gainera, nabarmendu duenez, diagnostikotik bost urtera biziraupena hobetu egin da adin-tarte guztietan eta nabarmen 50 eta 69 urte bitarteko emakumeetan, zehazki Osakidetzako Bularreko Minbiziaren Detekzio Goiztiarreko Programaren xede den biztanlerian. Horrela, adin-tarte horretan, 2000-2004 aldian 89,1 erregistratu zen eta, 2010-2012an, % 92,7. Jon Darpónek esan duenez, gizartea pozik egoteko lorpena da hori.

2 MILIOI MAMOGRAFIA ETA 9.290 MINBIZI DETEKTATUTA

Euskadik Bularreko Minbiziaren Detekzio Goiztiarreko Programa du, eta, gaur egun, kudeaketa-unitate 1, 11 baheketa-unitate, 7 balioespen-unitate eta erreferentziazko 7 ospitale ditu, eta horietako Bularreko Batzordeek, asteko saio klinikoetan, urrats diagnostiko-terapeutikoak eta lesio susmagarrien segimendua ezartzen dituzte. Hori guztia hala da zerbitzu onena emateko eta gaixotasunaren eragina jasaten duten emakume guztientzako arreta integrala eskaintzeko konpromisoa duten profesionalen taldeari esker. Gaur, Jon Darpón sailburuak zorionak eman dizkie horiei guztiei, beren dedikazioagatik eta profesionaltasunagatik.

1995ean programa abian jarri zenetik aurtengo ekainera arte, ia 2,5 milioi zitazio izan dira, ia 2 milioi mamografia, eta, horrela, 9.290 minbizi detektatu dira, gehienak fase goiztiarretan. Gainera, sailburuaren aburuz nabarmentzekoa da, halaber, tumore horiek detektatu zizkieten emakumeetatik % 83,1ek bularreko tratamendu ez inbaditzailea jaso zuela.  

Ikuspuntu kualitatibotik, berriz, programak % 80ko parte-hartze tasa du, eta, otsailean eta martxoan egin den inkestak erakusten duenez, emakume parte-hartzaileen gogobetetasun-maila bikaintasun-parametroetan daude.

Hala ere, lortutako aurrerakuntza ezin da lasaikerian erortzeko aitzakia bilakatu; aitzitik, Euskadiko emakumeen artean sarrien ageri den tumore gaiztoa denaren diagnostikoan eta tratamenduan aurrera egiten jarraitzeko eragingarri behar du, emakumeen artean minbiziagatiko heriotza gehien bularrekoak eragiten baitu.

Hori dela eta, Osasun sailburuak esan du, 2018-2023 Euskadiko Plan Onkologikoaren esparruan, Bularreko Minbiziaren Detekzio Goiztiarrerako Programa bultzatzen jarraituko dela; programaren xede, gaur egun, 325.984 emakume dira eta 2017an 7,8 milioi euro inguru bideratu ziren horretara. Plan horren helburu nagusia, zehazki, minbiziaren biziraupena hobetzea dela kontuan hartuta, Sailak, plan horren barruan, betiere, prebentzioan, diagnostikoan eta tratamenduan lanean jarraituko du, eta diziplina anitzeko arreta-ereduarekin jarraituko du, bai eta baheketa pertsonalizatuan eta arrisku moderatuko emakumeei aplikagarri zaizkien estrategien azterketan aurrera egiten ere.

Era berean, jarraituko da kudeaketan eta antolamenduan hobekuntzak egiten, baliabideak hobetu ahal izateko, besteak beste, Onkologikoaren kasuan bezala, Gipuzkoan, zeina, 2019an, Osakidetzari lotutako zentro bilakatuko baita.

Sailburuak aipatutako funtsezko beste oinarri bat ere izan behar da gogoan: euskal osasun-sisteman egiten den ikerketara bideratutako laguntza; egun, euskal osasun-sistema publikoak bularreko minbizia ikertzeko 60 proiektu baino gehiagotan parte hartzen du, eta 1,2 milioi euro inguruko kanpo-finantzaketa du.

Bestalde, Euskadin minbizia tratatzeko medikamentuen gastua, 2018aren amaierarako, 107 milioi euro ingurukoa izango dela aurreikusten da, 2017an baino % 12 inguru gehiago.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak