Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak “Jokoaren Euskal Behatokia” sortzeko, antolatzeko eta funtzionatzeko Dekretua onartu du

2018.eko urriak 16

Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua gaur eguerdian jendaurrean azaldu da Gobernu Kontseiluan aztertutako gaien berri emateko.

Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak, Gobernu Kontseiluaren ondoren emandako prentsaurrekoan jakinarazi du Kontseilu horrek Jokoaren Euskal Behatokia” sortzeko, antolatzeko eta funtzionatzeko Dekretua onartu duela. Hala, zeharkako eta kide anitzeko organo honek Euskadin jokoaren errealitatearen informazio, azterketa, analisi eta ikerketako zerbitzu zentralizatu gisa funtzionatuko duela azaldu du. “Gure helburua da jokoaren errealitatearen ezagutza sistematikoa eta eguneratua edukitzea, bai eskaintzari dagokionez bai gizartearen eskaerari eta geroko joerei dagokienez”, gaineratu du.

BATERAGARRI EGITEKO LAGUNTZAK

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi du Familiako eta laneko bizitza bateragarri egitea sustatzeko laguntzak handitu egin direla. Hala, laguntzen zenbatekoa 2,4 milioi euro arte igo dela azaldu du. Zenbateko horri esker, lanean ari diren amek eta aitek seme-alabak eta laguntza behar duten edo osasuneko arazo larriak dituzten senitartekoak zaintzeko eszedentzia edo lanaldi-murrizketa hartu ahal izango dute. “Gure helburua da familien sustapen- eta laguntza-politikak indartzen jarraitzea euren bizitzaren ziklo osoan”, adierazi du Erkorekak.

IKERKETA 2018AN

Gainera, Josu Erkorekak jakinarazi du gaurko bileran Gobernu Kontseiluak ikerketa zientifikoa sustatzeko bi ekimen onartu dituela. Alde batetik, “2018ko Ikerkuntzako Euskadi Saria”, Euskadin lan egiten duten talde kualifikatuen eta ikertzaileen esfortzuak adoretzeko, bultzatzeko eta baloratzeko eta zientzia-jarduera sustatzeko. Eta, bestetik, 2019an Euskadin Kongresu eta bilera zientifikoak antolatzen laguntzeko programa.

AURREKONTUAK

Erkoreka sailburuak adierazi du Euskadiko 2019ko Aurrekontuetarako negoziazioak irekita jarraitzen duela oposizioko hiru alderdiekin: EH-Bildu, Elkarrekin-Podemos eta PP. Hala ere, gaur arte Elkarrekin-Podemos alderdiaren proposamen zehatz bat baino ez dutela jaso adierazi du. Erkorekak esan du 2019ko Aurrekontua gizarte-politikan, inbertsioan, berrikuntzan, langile publikoen lan-baldintzetan eta beste hainbat arlotan hobea dela. “Suspertze ekonomikoari eta enpleguari eusteko politika guztiekin Gobernu honek duen konpromiso sozial gorena bateratzen duen aurrekontua dela” zehaztu du.

Estatuko Aurrekontu Orokorrei dagokienez, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du positiboa dela Espainiako Gobernuak aurrekontuak onartu ahal izatea; "erakunde-mailako egonkortasunaren ikuspegitik garrantzitsua dela" gaineratu du.

KATALUNIA

Kataluniako preso politikoen gainean galdetuta, politikari katalanak behin behineko espetxeratze-egoeran egoteak zentzurik ez duela azpimarratu du Erkoreka sailburuak. “Ez da logikoa ez ikuspegi politikotik, ez judizialetik, ezta beharrezkoa den distentsioaren ikuspegitik ere", gaineratu du.

DOPINAREN AURKAKO AZTERKETAK

Bestalde, dopinaren aurkako azterketen inguruan galdetuta, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, ezer baino lehen, Dopinaren Aurkako Euskal Agentziaren lana azpimarratu du. “Aste honetan gertatutakoak erakusten du oso erakunde garrantzitsua dela euskal kirolean eta Euskadin egiten diren lehiaketetan dopinaren aurka borrokatzeko”.

Gai ordena

Prentsa dossierra

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
  • Josu Erkoreka Gervasio
    Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Gobernuaren bozeramailea (XI legealdia)