Eu

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren lankidetzari esker, euskal editoreek bi stand izan dituzte Frankfurteko Nazioarteko Liburu Azokan; 300 titulu ezberdin baino gehiago eraman dituzte hara

2018.eko urriak 15

Euskal argitaletxeak oso presente egon dira Frankfurteko Nazioarteko Liburu Azokaren 70. edizioan, Eusko Jaurlaritzaren lankidetzari esker. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesarekin, Euskadiko Editoreen Elkarteak, Euskal Editoreen Elkarteak eta Euskal Irudigileak elkarteak bi stand izan dituzte nazioarteko azokan, eta euskarazko eta gaztelaniazko 300 titulu baino gehiago eraman dituzte bertara. Euskadiko Editoreen Elkarteak eta Euskal Editoreen Elkarteak stand bat partekatu dute eta 280 titulu eraman dituzte azokara, euskaraz zein gaztelaniaz. Euskal Irudigileak, halaber, beste stand bat izan du, eta 75 sortzaileren autoedizioak izan dituzte han. Frankfurteko liburu-azoka da eskubide-salerosketan eta mundu osoko argitaletxeen presentzian nazioarteko liburu-azokarik garrantzizkoena.

Izen handiko azoka honek iragan ostegunean ireki zituen ateak eta atzo arte zabalik egon zen; Georgia izan da aurtengo herrialde gonbidatua. Euskal editoreen standean 14 argitaletxe bildu dira, eta guztira 280 titulu izan dira ikusgai. Hartara, stand hori Euskadiko liburuaren sektorearen informazio-puntu bihurtu da, eta euskal edizioaren sustapenerako erreferentzia izan da, beste hizkuntza batzuetara itzul dadin. Era berean, euskal editoreek egiten dituzten bileretarako topalekua izan da.

Bestalde, Euskal Irudigileak elkarteak stand bereizi bat izan du Frankfurten eta 75 sortzaileren autoedizioak zein 10 bat argitaletxe alternatibo izan dira han, fanzineak, album ilustratuak eta bestelako argitalpenak aurkeztuz.

Frankfurteko azokak mundu osoko argitaletxeak ezagutzeko aukera ematen du, baita edizioaren arloko azken joerak ezagutzeko aukera ere, eta hori funtsezkoa da euskal argitaletxeek berrikuntzak eta negozio-aukera berriak ezagutzeko. Etxepare Institutuak presentzia adierazgarria izan du standean, euskararen esparruaz kanpoko itzulpenetarako Institutuak eskaintzen dituen laguntzen berri emateko.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak