Berriak Hezkuntza
Eu

Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak hiru haur eskola berri eraikitzea adostu dute 2021era bitartean

2018.eko urriak 10
  • Donostiako Udalak eta Haurreskolak Partzuergoak datozen lau urteetarako ekintzak definitzen dituen protokoloa sinatu dute; 670 plazara iritsiko da eskaintza hirian
  • Hezkuntza Sailak hobekuntza-lanak iragarri ditu Orixe Ikastola ikastetxe publikorako

Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak datozen hiru urteetan hirian hiru haurreskola berri eraikitzea adostu dute. Era honetan, plan hau amaitzean, 2021ean, Donostian eskainiko den plaza kopurua 670era iritsiko da, egungoak baino 70 plaza gehiago.

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Eneko Goia Donostiako alkateak prentsaurrekoa eman dute gaur goizez Donostian, hezkuntza arloan lortutako akordioen berri emateko. Sailburuarekin eta alkatearekin batera aurkezpenean parte hartu dute Olatz Garamendi, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak, eta Jon Insausti, Kultura eta Hezkuntza zinegotziak. 

Erakunde biek hartu dituzten konpromisoak 0-2 urte bitarteko hezkuntza-etapari dagozkio –hiriko haurreskolen bidez egiten dena-, baina Haur Hezkuntzako bigarren etapari eta Lehen Hezkuntzari dagokion berririk ere bada, Urgull mendiaren magalean kokaturik dagoen Orixe Ikastola ikastetxe publikoari dagokionez.

Haurreskolak Partzuergoaren zerbitzua hobetzea

Hezkuntza sailburuak –Haurreskolak Partzuergoko presidente ere baden heinean- eta Donostiako alkateak erakunde bien artean adostu den Elkarlanerako Protokoloaren edukia azaldu dute. Egun Donostiak dituen 13 haurreskoletan 600 plaza inguru eskaintzen dira 0-2 urteko umeentzat. Hitzarmenak hainbat ekintza aurreikusten ditu, hala nola, egungo instalazioak hobetzea, hiriko ikastetxeetan haurreskola berriak irekitzea, edo espazio berrietan haurreskolak sortzea.

Alderdirik esanguratsuenen artean, akordioak proposatzen duen kronograma dago, hirian eta modu mailakatuan haurreskola berriak irekitzea jasotzen duena. Zehazki, helburua da 2019/20 ikasturtean Jolastokietan egingo den Altza haurreskolaren lanak amaitzea. Haurreskola honek gaur egun Harri Berri eta Erroteta haurreskolek eskaintzen duten zerbitzua batuko du espazio bakarrean. Bi haurreskola horiek bat eginda, espazio modernoago eta erosoagoa sortuko da haurrentzat zein hauen hezitzaileentzat.

Horrez gain, 2020rako Loiolako Erriberan haur eskola berria irekitzea aurreikusten da (egun auzo honek ez du halako zerbitzurik), eta haur eskola berria Grosen 2021erako.

Protokoloak hiru eskola berri irekitzeko aukera ere jasotzen du, eskariaren eta jaiotzen arabera. Zehazki, eta irizpide horiei jarraituz betiere, Intxaurrondo Hegoan, Aieten eta Txominenean haur eskola bana eraikitzeko aukera jasotzen da 2022, 2023 eta 2024 urteetarako, hurrenez hurren.   

Orixe Ikastolan hobekuntza lanak

Prentsaurrekoan, Urgull mendiaren magalean dagoen Orixe Ikastola ikastetxe publikorako proposatzen diren hobekuntza-lanak ere azaldu dituzte Uriarte sailburuak eta Goia alkateak. 

Joan zen astean, Gipuzkoako Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzako arduradunak ikastetxe honetako familien ordezkariekin elkartu ziren. Bertan, Hezkuntza Sailak eraikin honetarako duen planteamendua partekatu eta adostu zen. Zehazki, honako jarduera hauek planteatzen dira Orixe Ikastolarako:

  • Egungo jangela handitzea
  • Jolastoki estaliak gehitzea
  • Solairuarte berria eraikitzea, 3 ikasgela berri sortzeko
  • Solairuarte berria eraiki ondoren sortuko den terraza estaltzea
  • Eraikinaren azken solairuko terraza gaitzeko aukera, jolastoki berri gisa
  • Igogailua 0 kotatik, solairu guztietarako irisgarritasuna bermatuko duena

Oraindik lan hauek zehaztuko dituen proiektua egiteko badago ere, 1,5 milioi euro inguruko inbertsioa eskatuko dute Orixen egin beharreko lanek. Aurki hasiko da lan hauen exekuzio-proiektua erredaktatzen.

Eraikin hau handituta, erosotasuna irabazteaz gain, Orixe Ikastolako neska-mutilen kokapena berrantolatu nahi da. Egun, 2 urtetik 8ra arteko haurrak Zuloaga eraikinean daude (Zuloaga plazaren ondoan). Handitzea egin ondoren, 6 eta 7 urteko ikasleak –Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetakoak- eraikin hartara joango lirateke, Zuloaga eraikina Haur Hezkuntzarako soilik utzita.

Iruzkin bat
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Eneko Goia, Donostiako alkatea