Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak Europako Eskualdeen Batzordeari aurkeztuko dio migrazio-erronka berriei aurre egiteko “SHARE proposamena”

2018.eko urriak 10

Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak Share proposamena aurkeztuko du egun hauetan Bruselan egiten ari den Europar Batasuneko Europako Eskualdeen Batzordearen osoko bilkuran. Eusko Jaurlaritzak migrazio-erronka berriei aurre egiteko landu du Share proposamena. Osoko bilkura horretan esku hartuko dute, halaber, Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak eta Antonio Tajani Europako Parlamentuko presidenteak.

Bruselan, Eusko Jaurlaritzako arduradunak Europako estatuz azpiko gobernuak gonbidatu ditu migrazioaren erronkaren aurrean erantzukizun zehatzak bere egiteko konpromisoa jendaurrean eta elkarrekin adieraztera —baterako erantzukizunaren printzipioa aplikatuta—.

Hortik abiatuta, migratzaileak hartzeko eta gizarteratzeko ahalegina lurraldean banatzeko mekanismo bat adosten saiatuko da, hiru parametrotan oinarrituta: lurralde-esparru bakoitzeko sarrera fiskalak,  biztanleria, eta langabezia-indizea.

Marian Elorzak, era berean, ekimenaren zeharkako izaera nabarmendu du. Ekimena proiekta daiteke hiru gai-arlotan (errefuxiatuak, arautu gabeko egoeran dauden desplazatuak, eta adingabe atzerritar lagundu gabeak) eta hiru lurralde-esparrutan (Europar Batasunaren barruko estatuen artean, autonomia-erkidegoen eta eskualdeen artean eta autonomia-erkidegoen barruko udalen eta eskualdeen artean).

SHARE proposamenaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoak guztira 21 zuzenketa-proposamen aurkeztu ditu egun hauetan Europako Eskualdeen Batzordearen osoko bilkuretan eztabaidatzen diren irizpenetarako. Hartara, «Europari buruz gogoeta egitea: eskualdeetako eta tokiko erakundeen ahotsa, Europar Batasunaren gaineko konfiantza lehengoratzeko” irizpide-proiektuari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak proposatzen du “Europaren etorkizunaren inguruko ikuspegia” dokumentuan jasotzen ziren zenbait alderdi txertatzea, hala nola lankidetza deszentralizatua indartzea, berdintasuna sustatzearekin eta emakumeen aurkako indarkeria ezabatzearekin konpromiso handiagoa lortzea, eskualdeetako gobernuek gizarte-funtsen eta gazte-bermerako funtsen kudeaketan parte hartzea, aniztasun linguistikoa eta kulturala sustatzea eta legegintzako eskumena duten eskualdeek Europako eraikuntzan parte-hartze handiagoa izatea.

Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsari buruzko irizpen-proiektuari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak babesten du arrantza-jardueren geldialdi bereziaren ondoriozko konpentsazioak emateko baldintzak leuntzea.

Europako Eskualdeen Batzordearen bilkura bat dator Europar Batasuneko hiriburuan egiten ari den “Open Days” edo Europako Eskualdeen eta Hirien Europako Astearekin. Urtero egiten den aste horretan jardunbide onen inguruko eztabaida eta trukeak egiten dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoak zenbait eztabaida eta ekimenetan parte hartzeaz gain, horietako batzuen koordinazioan ere parte hartzen du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak