Eu

Sukarrietako ponpatze-estazioak azaroan helaraziko ditu Busturia, Sukarrieta eta Portuondoko hondakin-urak Lamiarango araztegira

2018.eko urriak 11
  • Lanok burutu dira; orain, probak egiten ari dira,  behin betiko abiarazteko
  • Gernika-Busturia eta Muxika-Gernika tarteetako kolektoreak burututakoan, 33.000 biztanle baliokideren hondakin-urak Mundakako itsasadarretik aterako dira

Arriola sailburuak gaur goizean bisitatu ditu Sukarrietan bukatu berri diren Mundakako itsasadarreko ezkerraldeko hondakin-uren ponpatze-estazioaren lanak; eta azaroan hasiko dena. URA-Uraren Euskal Agentziak egindako azpiegituratzar horrek 12,4 milioi euroko aurrekontua izan du. Sukarrietako Marismarako bideko parkepean kokatuta, itsasadarreko ezkerraldeko hondakin-uren hein handi bat (Busturia, Sukarrieta eta Portuondoko kanpinekoak) Lamiarango (Bermeon) araztegira ponpatzea  ahalbidetuko du, eta, hortaz, uren egoera nabarmen hobetuko du.

Lanok ageriko zailtasun teknikoak izan ditu: leku gutxi izanda, parkepean eraiki behar izan da, Mundakako itsasadar-ertzetik gertu, eta uraren mailaren azpitik. Ponpatze-estazioa eraikitzeko, aurrena,  40 x 40 metroko zuloa egin da lurpean: lehena, 800 eta 1300 mm arteko diametroko eta 10,15 metrotik 27,5 metrorainoko 300 habe baino gehiagoz osatu da estazioaren perimetroa. Horiekin guztiekin, 5,1 metro altuerako konpartimentu iragazgaitza eraiki da lurpean. Gero, ponpatze-estazioa estaltzeko hormigoizko arlauza eraiki da, eta horren gainean, Marisma parkea berreskuratu da aisialdirako. Lanok 5.000 metro kubiko porlan, eta 1.000 tona altzairu behar izan dute.

Sukarrieta eta Lamiarango Hondakin Uren Araztegiaren (HUAren) arteko tarteko lanak dira Urdaibaiko saneamenduaren fase garrantzitsuenetakoa.

Dena dela, bere ekarpena haratagokoa da: 2.020an, URAk egun Gernika eta Busturia artean eraikitzen duen kolektorea bukatutakoan, Gernikako (25.000 biztanle baliokide) eta eskumaldeko zonalde bateko hondakin-urak Lamiarainera bideratzea ahalbidetuko baitu. 15 milioi euroko inbertsioarekin, abian diren lan horiek ezinbestekoak dira Gernikako ponpatze estaziotik (egungo araztegiaren parean) eta Busturiako ponpatze estazioa lotzeko.

Ondoren, Muxika-Gernika kolektore-tartea eraikitakoan, Muxika eta Ajangizeko hondakin-urak (8.000 biztanle baliokideenak) bultzatuko ditu, beste 10 milioi euroko inbertsioaren truke.

Orobat, irekitako zangak baliatuz, 6,5 km luzerako edateko ura hornitzeko Busturia eta Gernika arteko hodia (padura zonalde bat zeharkatzen duen eta egoera txarrean dagoen hodia ordezkatzeko) eraikitzen  ari da. Lanok Gernika-Busturia kolektorearen proiektuaren barruan dira: orotara inbertituko diren 15 milioietatik, 2 milioi inguruko inbertsioa.

Urdaibaiko saneamendu sistema osatzeko, zatika egin beharreko ekintzak

Sukarrietako ponpatze-estazioa, Busturiako ponpatze-estazioa, Gernikako egungo  HUAren parean hondakin urak ponpatze-estazioa, eta Gernika-Busturia eta Muxika-Gernika kolektore tarteek Gernika-Busturiako aglomerazioaren saneamendu-azpiegituraren oinarri dira. Uren Partzuergoak sistema hori guztia kudeatu beharko du egun itsasadarrera isurtzen diren hondakin urak bertan isurtzen jarraitzea saihesteko; baita saneamendu-azpiegituraren eguneratzea eta egokitzea, eskualdeko beharrizenetara.

Busturialdeko Uren Partzuergoa eta URA- Eusko Jaurlaritzaren arteko hitzarmena

Lan horiek guztiak URA-Eusko Jaurlaritza eta Busturialdeako Partzuergoak sinatutako lankidetzarako hitzarmen baten barne dira, eskualdeko saneamendu-sarea eraiki eta hondakin-urak Lamiarango HUAra bideratzeko lanak egitea xede duena.

Hitzarmen horrekin URAk bost urteren buruan 49 milioi euro inbestitzeko konpromisoa hartu zuen, eta  2.003tik Urdaibain Eusko Jaurlaritzak jada inbestitutako beste 35 milioi eurori gehitzen zaizkio. Busturialdeko Partzuergoak, bere aldetik, Busturialdeako saneamendu- eta araztegi-azpiegituren jasangarritasun teknikoa eta ekonomikoa bermatzeko konpromisoa hartu du, etorkizunean beste administrazioen laguntza-eskean joan beharra saihesteko.

EAE osoan hornidura eta saneamenduaren Kudeaketa eraginkorra zabaltzearen beharraz

Arriola sailburuak eta URAko zuzendari nagusiak Sukarrietan egindako bisita baliatu dute berriro irmo haizararazteko ezinbestekoa dela erkidegoko lurralde osoan  ur-horniduraren eta saneamenduaren jasangarritasun teknikoa eta ekonomikoa bermatzeko Kudeaketa orokortzea.

Jakinda ibai eta itsasadarretan ematen den erasan handiena uraren ziklo urbanoak (udal eskumena) sortzen duela, zerbitzu horrek Euskadi osoan profesionala behar du: bai egungo erabilerak asetzeko azpiegiturak mantentzeko, bai lurraldeko balizko erabilera berriei egokitzeko, bai etorkizunean berriztatzeko azpiegiturak amortizatzeko, bai emakidetan jasotako emariak aintzat hartzeko, bai baimenetan jasotako isurketa-mugak aintzat hartzeko; baita tarifen bidez bildutako dirua egun eta biharko zerbitzu-jasangarritasuna bermatzeko ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak