
Artolazabal: “Gazteen osasun mentalaz eta nahasmendu mentalez naturaltasunez hitz egiteko ordua da, gizartean horiek normalizatzen laguntzeko”
- Fedeafes-en ekitaldia, 2018ko Osasun Mentalaren Mundu Egunean
- Aurtengo gaia, Osasun Mentalerako Mundu Federazioarekin (WFMH) bat etorriz: “gazteak eta osasun mentala mundu aldakorrean”.
- “Euskadi sektore publikoaren eta hirugarren gizarte-sektorearen arteko lankidetzaren adibide da”
DSS 10 10 18
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur goizean zera esan du: “gazteen osasun mentalaz eta nahasmendu mentalez naturaltasunez hitz egiteko ordua da, gizartean horiek normalizatzen laguntzeko; horretarako, kolektiboarengan eragina duten oztopo ikusezinak identifikatu behar dira, gero horiek apurtzeko”.
Fedeafes-Buru Gaixotasuna duten Pertsona eta Senide Elkarteen Euskadiko Federazioak antolatu du ekitaldia, Donostia / San Sebastiango Udalean. Bertan, Artolazabalek Osasun Mentalaren Mundu Eguna aipatu du; aurten Osasunaren Mundu Erakundeak gaur egun nerabeek eta gazte-nerabeek bizi dituzten arazo mentalei eskaini die eguna. “Euskadin, ardura nagusiak duela hamarkada batzuetako berak dira: familia-egoera, prestakuntza, enplegua edo emantzipazioa, besteak beste, baina ñabardura batzuk aldatu eta bilakatu egiten dira, belaunaldi bakoitzean; izan ere, gure gazteak askoz ere mundu globalizatuagoan bizi dira, non Internet nonahi baitago eskola- eta aisia-eremuan, horrek dakartzan abantaila eta arriskuekin”.
“Osasun mentala duten gazteak ez daude isolatuta; ingurune berean bizi dira eta gainerakoen bizipen berak dituzte. Beraz, galderak honako hau izan beharko luke: zer behar du gazteria horrek, osasuntsu, pozik eta indartsu hazteko? Erantzuna argia da: gizarte inklusiboa behar da, indartsua, kolektiboa ahaldundutzeko aukera emango duena, gizartean duten parte-hartzea erreala eta eraginkorra izan dadin. Guk, erakundeetan, horretarako lan egiten dugu”, esan du Artolazabalek.
Euskadi, adibide
Artolazabalek esan duenez: “Fedeafesek 3.000 familia ordezkatzen ditu, eta familia horiek hainbat behar dituzte, izan ere, behar desberdinak bizi dituzte eta unitate gisa dihardute; horretarako, neurriak sustatu eta ekintzak aldarrikatzen dituzte, sektore publikoa eta hirugarren gizarte-sektorea eskutik lanean ari garen jarduketa-organoen bidez. Euskadi elkarlan horren adibide da, eta hala aitortzen zaio gure mugez bestalde”.
Sailburuak zera ekarri du gogora: “Hirugarren Gizarte Sektorearen Sustapen Estrategia aplikatzeak elkarrizketa zibilerako mahaia sendotzen du. Fedeafes oinarri da hirugarren gizarte-sektorean. Zehazki, 2017-2020rako Arreta Soziosanitarioen Lehentasun Estrategikoek erronka gisa estrategia hori pertsonetara eta, bereziki, kolektiboetara –besteak beste nahasmendu mental larria duten pertsonetara– bideratzea ezartzen dute. Azken hamarkadetan izan diren aurrerakuntzak gutxi izan ez badira ere, oraindik bidea dago egiteko, erabateko gizarte-integrazioa lortzeko. Gure gazteen etorkizunari begira jarri behar dugu eta, horrela, egunerokotasuneko erronkei erantzun”.
Ekitaldian, Beatriz Artolazabalez gainera, Eneko Goiak, Ángeles Arbaizagoitia FEDEAFESeko presidenteak, Julia Hernándezek, Maite Peñak eta José Antonio de la Ricak ere parte hartu dute; horiek, halaber, ondoko aterki-irekitzean eta animazioan parte hartu dute, Boulevarden
14 urte bete baino lehen
OMEren datuen arabera, “gaixotasun mentalen erdia 14 urte bete baino lehen hasten da, baina kasu gehienetan ez dira detektatzen, ezta tratatzen ere. Nerabeetan dagoen erikortasun-karga dela eta, depresioa dago hirugarren postuan. Nork bere buruaz beste egitea da 15 eta 29 urte bitarteko heriotzaren bigarren kausa. Nerabeen artean alkohola eta zilegi ez diren drogak erabiltzea arazo larria da herrialde askotan, eta portaera arriskutsuak eragin ditzakete, besteak beste, arriskua dakarten sexu-jarduteak edo ausarkeriaz gidatzea. Beste arazo bat elikadura-nahasmendua da.
Zorionez, OMEk dio “areagotu egiten dela egungo munduak aurrez aurre jartzen dizkigun erronkei aurre egin ahal izateko osasun-erresilientzia adin goiztiarrenetatik sortzen laguntzeak duen garrantziaren onarpena. Gero eta frogatuago dago nerabearen osasuna sustatu eta babestea onuragarria dela, epe laburrerako eta luzerako osasunerako ez ezik, ekonomiarako eta gizarterako ere; izan ere, nerabe gazte osasuntsuek hobeto lagundu ahalko diete lan-indarrari, beren familia eta komunitateei eta gizarteari, oro har”.