Berriak Segurtasuna
Eu

Bilbon egin da gazteei zuzendutako bide-segurtasuneko “Don’t be Dummy – Zuk ez duzu ordezkorik” saioa Trafiko Zuzendaritzak antolatuta

2018.eko urriak 09

Ekimen hezitzaile eta ibiltaria laster iritsiko da Donostiara eta Gasteizera

Bilbon lehenbiziko aldiz egin da, Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak antolatuta, gazteei zuzendutako ´Don´t be Dummy – Zuk ez duzu ordezkorik´ programaren saioa. Programa unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako ikasleei zuzenduta dago, eta helburu argia du: etorkizunean gidari izango direnak trafiko-istripuen arrazoien eta ondorioen gainean sentsibilizatzea eta kontzientziatzea.

Hamar ikastetxetako 15 urtetik 18 urtera bitarteko ia zortziehun ikaslek entzungo dituzte zuzenean istripuren bat izan duten pertsonen eta era horretako larrialdietan parte hartzen duten eta laguntzen aritzen diren pertsonen lekukotasunak.

Bilborock aretoan gaur, asteartea, urriak 9, egin dira lehenengo bi saioak. Lehenbizikoa 11:00etan egin da, eta San Inazio BHI, Kirikiño Ikastola eta Miguel de Unamuno BHI ikastetxeetako ikasleek parte hartu dute. Bigarren saioa 13:00etan egin da, eta María Inmaculada BHIP, Bertendona BHI eta Miguel de Unamuno BHI ikastetxeetako ikasleak izan dira bertan.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, AESLEMEk (Bizkarrezur Muineko Lesioak Ikertzeko Elkarteak) eta Axa Fundazioak joan den apirilaren 18an izenpetu zuten prebentzioaren arloko lankidetzan jasotako ekintzak dira bi saioak.

Bihar, urriak 10, beste bi saio egingo dira gaurko ordu berean, hau da, 11:00etan eta 13:00etan, eta berriz ere Bilborock aretoan. Lehenengo saioan Gabriel Aresti BHI, Luis Briñas BHI, Eskurtze BHI eta Almi BHIP ikastetxeetako ikasleak izango dira; hurrengo saioan, berriz, San Adrian BHI eta Almi BHIPkoak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko