Eu

Bilboko Arte Ederren Museoa Euskadiko Filmategiaren programazioaren egoitza iraunkorra izango da

2018.eko urriak 10
  • Euskadiko Filmategiak eta Bilboko Arte Ederren Museoak lankidetza-akordioa sinatu dute, eta, horren bitartez, hemendik aurrera Museoan erakutsiko dira Filmategiak antolaturiko zine-zikloak.
  • Lankidetzaren lehen urratsa honakoa da: Helena Taberna zinegile eta gidoilariari buruzko atzera begirako ziklo bat.

Bilboko Arte Ederren Museoak eta Euskadiko Filmategiak lankidetza-akordioa sinatu dute gaur, eta, horren bitartez, hemendik aurrera, ehun urtetik gora dituen Bilboko pinakotekak hartuko ditu Filmategiak antolaturiko zine-zikloak. Bi erakundeetako arduradun nagusiak bildu dira gaur lankidetza-akordioaren aurkezpenean. Lankidetza, gainera, aste honetan bertan abiatuko da; izan ere, Helena Taberna zinegile eta gidoilariari buruzko atzera begirako ziklo bat erakutsiko da.

Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia eta Gipuzkoako Foru Aldundia dira Euskadiko Filmategiaren patroi nagusiak. 1978an sortu zen Filmategia, eta hauxe du helburu: zinemaren ikuspegitik interesgarriak diren filmak eta ikus-entzunezko lanak ikertzea, berreskuratzea, artxibatzea, gordetzea eta erakustea, betiere, euskal zinemari arreta berezia eskainiz. Era berean, Filmategian biltzen eta gordetzen da historiaren eta kulturaren aldetik gorde beharrekoak diren agiriak eta material teknikoa.

40 urteko ibilbide horretan, museoak eta Filmategiak sarritan kolaboratu dute, euskal zinemaren ondaren hauspotzeko eta zabaltzeko asmoz –2015az geroztik, Tabakaleran dago Filmategia, Donostiako Kultura Garaikideko Nazioarteko Zentroan–.

Akordio honek mugarri bat ezarri du bi erakundeen arteko lankidetzan; izan ere, akordioari esker, Museoan erakutsiko dira Euskadiko Filmategiak antolaturiko zikloak eta emanaldiak; beraz, Filmategiaren kolaboratzaile iraunkor eta erreferentziazkoa dugu orain Museoa, Tabakalerarekin batera.

Hala, Museoak larunbatero eskainiko ditu saioak, kultura zinematografikoa zabaltzeko helburuz, eta, horretarako, bi eratako lanak emango ditu: euskal ondareari dagozkion lanak eta zinearen historiako lan klasikoak. Egitasmoa urriaren 13an jarriko da martxan, larunbatez, Museoko auditoriumean. 208 lagunentzako tokia du auditoriumak, eta orain dela gutxi zaharberritu da, hartara, punta-puntako baliabide teknologikoak erabili ahal izateko.

Egitaraua

Euskadiko Filmategiak, urritik abendura bitartean, atzera begirako ziklo bat eskainiko dio Helena Taberna zinegile nafarrari, eta bi lekutan erakutsiko dira haren filmak: Bilboko Arte Ederren Museoan eta Donostiako Tabakaleran. Gainera, Carlos Roldánek liburu bat idatzi du zinegileari buruz: La luz de un sueño. El cine de Helena Taberna; eta garaitsu horretan argitaratuko du Euskadiko Filmategiak, Nafarroako Filmategiaren laguntzarekin.

Tabernaren lanean beti uztartzen dira fintasuna eta indarra. Egileak, gainera, beti eutsi die tinko bere printzipioei, besteak beste, konpromiso feministari, kontzientzia euskaltzaleari eta bere egile-identitatetik abiatuta publikoarekin topo egiteko gogoari.

  1. urtean aurkeztu zuen lehen film luzea, Yoyes, eta apustu ausarta egin zuen. Ausardiari eutsi zion hurrengo filmetan ere, etorkinen aurpegiei tokia eginez –Extranjeras (2003)– eta Gerra Zibilaren garaiko Altsasu erretratatuz – La buena nueva (2008)–. 2010eko Nagore filma, berriz, aldarrikapen feminista dugu, eta, ondorioz, humanista: gainera, gaur egun pil-pilean dago errealitate hori, gero eta gehiago. Azkenik, Acantilado (2016) filmean bildu zituen sortzaile gisa izandako kezka nagusietako batzuk.

Ziklo horretaz gainera, lankidetzaren bitartez, zinematografiarekin loturiko ekitaldiak antolatuko dira museoan, besteak beste, Euskadiko Filmategiaren “Gustukuena/La favorita de…” egitasmoa. Hala, bi adituk aukeratutako filmak aukeratuko ditugu: José Julián Bakedanok eta euskal zinegile emakumeak biltzen dituen (H)EMEN kolektiboak aukeratutakoak, hain zuzen ere.

Bestalde, bi urteurren ekarriko ditugu gogora: batetik, Euskadiko Filmategiak 40 urte beteko ditu, eta, hori ospatzeko, Mercedes Álvarez zuzendariaren bi film erakutsiko ditugu. Bestetik, Kimuak programak 20 urte beteko ditu; Kimuak proiektuak, urtero, Euskadin ekoitzi diren film laburrik onenak aukeratzen ditu.

*Bertan izan dira: Juan Mari Aburto, Bilboko alkate eta Bilboko Arte Ederren Museoaren Patronatuko lehendakaria; Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntz Politikako sailburua; Joxean Fernandez, Euskadiko Filmategiaren zuzendaria; Helena Taberna, zinegilea, eta Miguel Zugaza, Bilboko Arte Ederren Museoaren zuzendaria. 

 

Zikloa / Helena Taberna

2018-10-13 (18:00)

La mujer de Lot (1990)

87 cartas de amor (1992)

Emiliana de Zubeldia (1993)

Nerabe (1996)

*Aurkezpena: Annabel Martín (Dartmoutheko Unibertsitatea)

 

2018-10-13 (20:00)

Busto de un poeta (1991)

Alsasua 1936 (1994)

Recuerdos del 36 (1994)

*Aurkezpena: Annabel Martín (Dartmoutheko Unibertsitatea)

 

2018-10-20 (19:00)

Yoyes (2000)

*Aurkezpena: Helena Taberna

 

2018-11-03 (19:00)

Extranjeras (2003)

*Aurkezpena: Pilar Rodríguez (Deustuko Unibertsitatea)

 

2018-11-17 (19:00)

La buena nueva (2008)

*Aurkezpena: Barbara Goenaga (aktorea) eta Aizpea Goenaga (zinegilea)

 

2018-12-08 (19:00)

Nagore (2010)

*Aurkezpena: Luisa Etxenike (idazlea)

 

2018-12-15 (19:00)

Acantilado (2016)

*Aurkezpena: Helena Taberna

 

Zikloa / Gustukoena…

 

2018-11-24 (19:00)

José Julián Bakedanoren gustukoena

Fellini 8 ½ (Federico Fellini, 1962)

*Aurkezpena: José Julián Bakedano

 

2018-12-22 (19:00)

(H)EMEN-en gustukoena

El piano (Jane Campion, 1993)

*Aurkezpena: (H)EMEN

 

Zikloa / Euskadiko Filmategiaren 40. urteurrena

2018-12-01 (19:00)

Mercedes Álvarez

Mercado de futuros (2011)

Cinco elementos para cualquier universo (2012)

*Aurkezpena: Mercedes Álvarez

 

Zikloa / Kimuak-en 20. urteurrena

29-12-2018 (19:00)

Hauspo soinua (Inaz Fernández, 2000)

La primera vez (Borja Cobeaga, 2001)

Lepokoa (SafyNebbou, 2003)

El tiempo prestado (David González Rudíez, 2008)

Amona Putz! (Telmo Esnal, 2009)

Él nunca lo haría (Anartz Zuazua, 2009)

5 recuerdos (Alejandra Márquez eta Oriana Alcaine, 2009)

 

Informazio praktikoa

Tarifak (saioko): Orokorra: 3,5 €

Museoaren Lagunak: 2 €

25 urtetik beherakoak: dohainik

*Sarrerak museoaren webgunean eta txartel-leihatilan egongo dira eskuragarri, urriren 10etik aurrera.

Inaugurazio-saioa urriaren 13an (larunbata) izango da, programazio bikoitzarekin (18:00etan eta 20:00etan izango dira saioak, biak Dartmoutheko Unibertsitateko irakasle Annabel Martínek aurkeztuta).

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak